Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Iruatxeta, Urkiolako talaia
Iruatxeta, Urkiolako talaia | |
---|---|
Herrialdea | Bizkaia |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Urkiola, Urkiolagirre, Asuntza, Zabalandi, Iruatxeta |
Distantzia | 12 km. 3 ordu. |
Ingurunea | Urkiolako natur parkearen hego-ekialdeko muturrean gailentzen da Iruatxeta tontor karstikoa. Ibilbide honek Urkiolako mendatetik igotzea proposatuko du. |
Abiapuntua | Urkiola (Bizkaia) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Urkiolako natur parkearen hego-ekialdeko muturrean gailentzen da Iruatxeta tontor karstikoa. Ibilbide honek Urkiolako mendatetik igotzea proposatuko du. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Iruatxeta, Bizkaiko eta Arabako muga-mugan baitago, tontorrera igotzeko aukera ugari eskaini dituen mendi aparta da. Tontorreraino egiten diren igoera guztien artean, ohikoena Aramaioko aukera da. Finean, Iruatxetak Arabako lur eremuan erakusten du bere goialde karstikoa. Bizkai aldetik, ordea, Urkiolako mendatera jo beharra dago abiapuntu egokia ikusteko.
Urkiolako mendigunea kontserbazio bereziko eremu (KBE) izendatua izan da orain hiru urte, eta, natur parkea denez geroztik, tipologia bikoitza biltzen dira gune berean. Beraz, Natura 2000 Sareko gune garrantzitsua da Urkiolakoa. Izan ere, Europako Batasunaren intereseko habitat naturalak eta basoko fauna eta landaretza kontserbazio egoera onean mantentzeko asmoa dago. Urkiolakoan nabarmentzekoa da populazioa finkatua duten honako hegazti errupikola hauen presentzia: sai arreak, sai zuriak eta belatz handiak, besteak beste.
<img alt="" src="https://www.berria.eus/argazkiak_jarraia/uploads/12605d356d.jpg" />
Urkiolagirretik Zabalandira
[aldatu]Ibilbide honen abiapuntua Urkiolako mendatea da (Bizkaia). Sona handiko santutegiaren ondoko aparkaleku zabalean utziko dugu autoa. Asuntzako lepora doan basabidea ikusiko dugu bertan, barrera batek itxia. Basabidea itzulera egiteko utziko dugula-eta, haren ezkerretik doan GR-12 zidorrari jarraituko diogu, belardian gora. Hari elektrikoaren azpitik igarota, izeiak lagun jarraituko dugu, betiere goratasuna hartzeari eutsita. Ibarraren beste aldetik, Durangaldeko gune karstikoan gailendutako hormatzarrak begiztatuko dira: Untzillatx eta Alluitz mendi ezagunak, besteak beste. Bidexkak banatzean, zuzen segitu eta, lerrotik aldendu gabe, Urkiolagirre tontorreko erpin geodesikora iritsiko gara.
Goialde belartsutik jaitsiera xumea egingo dugu Asuntzako leporaino. Horretarako, erpinetik bertatik abiarazten den pasabidean behera egingo dugu. Hala, betiere ekialderako urratsak eginez, goratasuna galtzen hasiko gara. Urkiolatik datorren basabidera irtengo gara ziztuan. Ezkerretik jarraituko dugu hartxintxarrezko basabidea, Atxarte eta Guenzelai aldera doan bidea lagata. Asuntzako harrobi zaharreko dekantaziorako eraikinaren ondotik igarota, altitudea hartzen hasiko gara berriro ere. Ezkerraldean Anbotoko harresi gaindiezina izango dugu, tentagarria bezain galanta. Aldatsa amaitu eta berehala, Asuntzako lepotik ia 1 km egina dugula, Oletara doan bidea agertuko zaigu eskuinetik. Oletarako jaitsierari muzin eginda, basabidean gora egin eta Anboto tontorrera igotzeko ohiko bidean izango gara. Mari jainkosaren bizilekua beste baterako lagata, baina, maldan behera egingo dugu lepoan eta, bidexkari men eginez, basabide batera irtengo gara. Ezkerretik hartu eta pagadian barrena jaisten jarraituko dugu. Bakeleku aterpetxe ondotik igaro eta berehala, Anboto azpiko lepo ederrean izango gara, hots, Zabalandikoan.
Iruatxetako malkarra
[aldatu]Beste aterpetxe bat ikusiko dugu lepoan, eta haren gainean, eder-eder, Iruatxetako gandor malkartsua. Behin aterpetxean, ezkerrera hartu eta pagadira joko dugu, zuzen-zuzen. Harkaitzean gora egin gabe, badaramagun bidexkak pagadia zeharkatzen lagunduko digu. Harbide baten moldean, xenda horrek hormatzar baten oinalderaino lagunduko digu. Orduan, ezkerraldetik irekitzen den igarobidea baliatuko dugu goratasuna hartzearen kariaz. Horiek horrela, mendian gora ibilita, sigi-saga, aldapa pikuari aurre egingo diogu. Pagadian murgilduta, bertan sortzen den ibar xumearen erdi-erditik ibiliko gara. Magalak zabaltzen direnean, haatik, bidexka apetatsuak ezkerrera jotzera behartuko gaitu. Txondor baten apala zapaldu bezain agudo, eskuinera okertu eta, zelaitxo ttipi bat zeharkatu ostean, Iruatxetako tontorrera igoko gara.
Urkiolagirre mendia saiheste aldera, Asuntzeko basabidea baliatuko dugu itzulera lasaia egiteko.