Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Iruntxurreko herrixka

Wikibookstik
Iruntxurreko herrixka
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Erraza
Lekuak Aldaba, Lopetegi baserria, Iruntxur, Pagadi baserria
Distantzia 11 km. 3 ord.
Ingurunea Albiztur eta Tolosa herrien arteko mugan, Iruntxur mendiaren gailurrean, izen bereko Burdin Aroko herrixka edo gaztelu zaharraren aurriak daude.
Abiapuntua Aldaba (Tolosa)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Albiztur eta Tolosa herrien arteko mugan, Iruntxur mendiaren gailurrean, izen bereko Burdin Aroko herrixka edo gaztelu zaharraren aurriak daude. [1]

Ibilbidea[aldatu]

Ibilbideko ikuspegia

Tolosaldean hamaika ibilaldi labur eta interesgarri egin daitezke, eta gaur horietako bat aukeratu dugu: Iruntxurreko gailurrean zegoen herrixkaren aurriak ezagutzeko, PR-GI 74 bideari dagozkion seinale zuri-horiak hartu ditugu bidelagun. Mendi xumea izan arren, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek egindako indusketen ondorioz, interes handiko aztarnak aurkitu zituzten bertan. Gure historiaren pasarte batzuen arrastoez gain, Aralar mendikatearen talaia paregabea da tontorra.

Atzean utzi ditugu Aldabako frontoi, eliza eta etxaldea (Tolosa, Gipuzkoa). Seinale zuri-horiek erakusten diguten norabidean, Lopetegi baserrira igo gara errepidean zehar kilometro pare bat bete ostean. Behitegi handi baten ondotik pasa, eta Iruntxurreko (bertakoentzat Intxur) magalean zehar zabaltzen den pista zabal eta erosoari jarraitu diogu. Bidea leundu egin da hemen, baina, aurrerago, bide balizatua utzi eta eskuinetik igotzen den beste bideari heldu diogu langa pasa eta gero. Ibilbide homologatua ez da gailurretik pasatzen; mendia inguratu egiten du, eta horregatik erabaki dugu hori tarte batez uztea. Alanbrezko hesiaren beste aldera pasa eta gero, horren paraleloan belardian zehar igotzen hasi gara. Aldapa motz eta piko bi gainditu, eta herrixka izandakoaren harresiaren lehen arrastoak ikusi ditugu. Aurrerago, gailurra, eta bertan, gutunontzia.

Iruntxur[aldatu]

Zaila da imajinatzea K.a.-ko IV. mendean inguru honetan jendea bizi zenik. Indusketen arrastoak apenas ikusten diren, naturak bere lekua berreskuratu du eta. Hala ere, Aralar mendikateari begira gaudela gogora ekarri nahi izan ditugu lur hauetan izan ziren gure arbasoen zenbait datu. Buruntza, Basagain, Murugain, Munoandi, Murumendi eta Murukoarekin batera, Iruntxurrekoa da Bigarren Burdin Arokoa den gaztelu zahar edo herrixka. Esparru edo herrixka honen ezaugarririk nabarmenena harresia da, gunea inguratu eta mugatzen baitu. Herrixka defendatzeko, horma lodiak eraiki zituzten, eta, horien barruan, etxetxoen aztarnak aurkitu zituzten indusketetan; laukiluze itxurako oina zuten etxetxoenak, hain zuzen ere. Herria adoba eta egurra erabiliz eraiki zuten, eta eraikin bakoitzak bere sutondoa zuen, sutan erretako ikatz-hondakinak aurkitu baitzituzten bertan. Bederatzi urtean segidan egindako indusketek K.a. 800-1300 urte inguruko gizon-emakumeen eta haien bizimoduari buruzko aztarnak aurkitu zituzten. Gure asaben bizimoduaz datu ugari bezain interesgarriak. Iruntxurreko Esparru Arkeologikoa, Monumentu Multzoa. Izendapen hori du, eta Kultura Ondasun gisa sailkatuta dago Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren erabakiz.

Aldaba[aldatu]

Aldabako pilotalekua

Iraganaren lekuko diren aurri horien ondoan, eta hamaiketakoa egin dugu, Aralarri so, zeina aurrez aurre dugun. Talai bikain honek Gipuzkoa aldeko mendikatearen ikuspegi ederra eskaintzen du, eta gozatu egin dugu. Inguru honetan aurkitutako hondakinek bertako baserritar eta artzainei iradokitzen zizkieten; bizkarra eman, eta abiapuntura itzultzea erabaki dugu. Hesiaren paraleloan jarraituz, ezker aldetik datorren ibilbide balizatuarekin egin dugu topo, eta ez dugu utziko Aldabara heldu arte.

Pagadi baserria

Erpin geodesikoaren ondotik pasa, eta bide eroso batean zehar Laberrekietako antenaren ondora iritsi gara. Lurrezko pista porlanezko bihurtu, eta altuera galtzen hasi gara. Azkar heldu gara PR-GI 74 eta GR 21 Inazio Bidea elkartzen diren lekura, eta metro batzuk beherago, biak banatu egiten diren puntura. Alegiarantz zuzentzen den bidea ezker aldean utzi, eta eskuinekoa hartu dugu Madariagako lepora jaisteko. Hortik geratzen den bidearen zatia aspergarriagoa denez, pinudietan eta basoa ateratzeko hondatutako zenbait pistatan zehar azkar galdu dugu altuera. Gure eskuinera Pagadi baserria utzi, eta herrigunera iristen ari garela ohartu gara. Elizaren ondora igo, eta bisitatu egin dugu. Aldare nagusiaren atzean, Aralar mendilerroa eta, batik bat, Txindoki mendia ikusteko aukera ematen duen kristalezko leiho handia. Naturaren erretaula paregabea!

Erreferentziak[aldatu]

  1. Berriatik hartua