Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Itsaslabar bertikalen kostaldea
Itsaslabar bertikalen kostaldea | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Erdikoa |
Lekuak | Itziar, Txartudi, Sakoneta, Mendata, Aitzuri, Santa Katalina |
Distantzia | 10,5 km. 3 ordu eta 30 mn. |
Ingurunea | Zumaiatik Mendatako puntaraino hedatzen den kosta zatian flysch egiturak azaltzen dira, Erdi eta Goi Kretazeoko kareharriz, tuparriz eta, neurri txikiagoan, buztinez osatua. |
Abiapuntua | Itziar |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Zumaiatik Mendatako puntaraino hedatzen den kosta zati honetan flysch egiturak azaltzen dira, Erdi eta Goi Kretazeoko kareharriz, tuparriz eta, neurri txikiagoan, buztinez osatuak. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Itziar herri txikia da, baina auzoetan handia eta zabala: Lastur, Egia, Itxaspe, Mardari eta Elorriaga. Gipuzkoan dauden herrietan zaharrenetakoa da, 1027an Iruñeko gotzaitegiko artxiboko agirietan aipatua. Andutz mendiaren altzoan eta Kantauri itsasoaren gainean dago, eta oso ezaguna da, hark gordetzen baitu Itziarko Amabirjina, adituen iritzian euskal ikonografian irudi zoragarrienetakoa dena. Baina ondare erlijiosoaz gain, ezaguna da baita ere haren lurrek itsasoarekin bat egiten duten lekuan aurkituko ditugun itsaslabar bertikal eta urradura plataforma zabalengatik. Zumaia eta Deba lotzen dituen errepidetik (N-634) iritsi gara Itziarrera.
Sakoneta
[aldatu]Elizaren ondoan dagoen aparkalekuan utzi dugu ibilgailua, eta herriko karriketan zehar Itziarko gainera jaitsi gara. Salbatoreko ermitara doan Done Jakue bidea eskuinera utziz, A-8 autobidearen gain aldetik igaro eta Txartudi baserrira iritsi gara. Goiz da, baina dagoeneko ukuiluko argiak pizturik daude, eta bertako nagusia lanean ikusi dugu. Itxaspera doan bide zabala utzi, eta eskuinekoari heldu diogu. Akapamendi inguratuz, porlanezko pistak beherantz egiten du. Mendatako punta eta izen bera duen baserria behean ikusi ditugu, baina bideak Uzkanga baserrietarantz eraman gaitu. Heldu aurretik, ezkerretik ateratzen den lurrezko beste pista hartu dugu, eta berehala, trenbidea zeharkatuz, Sakonetako baserriaren ondora ailegatu gara. Aurrerago segi, eta Errotaberriko erreka gainditu ostean, bat egin dugu Zumaiatik datorren xendarekin (bide seinale zuri-gorriak).
Artasoro eta baratzeen ondotik Sakonetako hondartzara iritsi gara, eta bertan Guardia Zibilarena izandako kuartelaren aurriak ikusi ditugu. Aspaldi, hemen, zentral nuklearra eraikitzeko asmoa izan zuten. Francoren gobernuaren azken urteetan Debako zentral nuklearraren proiektua Ea-Ispaster, Lemoiz eta Tuterakoekin batera garatu nahi izan zuten, baina zorionez horiek guztiak ez ziren gauzatu, besteak beste, energia nuklearraren aurkako mugimendu indartsuaren eraginagatik. Ez, ez, ez! Nuklearrik ez! leloa oso ezaguna egin baitzen garai haietan, eta lehen itsasgarriak ere ikusi ahal izan genituen. Hondartzaraino jaitsi gara, eta urradura plataforma zabalak gertutik ikusteko aukera izan dugu. Marea behean egonez gero, bertatik joan daiteke Mendataraino, baina gaur ez dugu horretarako aukerarik izan.
Mendata
[aldatu]Bide seinale zuri-gorriei segitu diegu hasieran, baina horiek berehala utzi, eta labarretara gerturatu gara. Sakonetako puntara igo, eta alanbrezko hesiaren ondotik gorantz egin dugu. Itsaslabarren mendean, Sakonetako hondartza basati bezain ederra. Tarte batzuetan ikusgaitz den xendari jarraituz, berehala iritsi gara Mendatako kala txikira. Metro batzuk lehenago, bidezidor batek hondartzara jaisten laguntzen duen sokaren ondora eraman gaitu. Trenbide aldera jo dugu segidan, eta egun erabiltzen ez den burdinbide zatiari heldu diogu. Bizpahiru tunel igaro, eta gure eskuinera Aitzuriko hondartza utziz, ur araztegi baten ondora iritsi gara.
Santa Katalina
[aldatu]Puntu honetan utzi dugu kostaldea, eta ur araztegia inguratzen duen xendatik gora, Deba eta Itziar lotzen dituen errepidera iritsi gara. Metro batzuk goraxeago errepidea gurutzatu, eta, bidezidor nabarmenari jarraituz, Santa Katalina ermitaren ondora igo gara. Egia auzoan dagoen ermita hau euskal kostaldearen talaia bikaina da, eta kostaldeko Done Jakue bidean erreferentzia puntua.
Itziarrera itzultzeko, PR-Gi 44aren bide seinale zuri eta horiei jarraitu diegu. Olloki, Donibane eta Antsorregi baserrien ondotik igaro, eta herrira heldu gara, Santutegiaren ondora. Marinelek, arrantzaleek eta Santiagora zihoazen erromesek eman zioten gaur egun Itziarko Amabirjinak duen izen handia. Bere Santutegian dago, aldare nagusian, bere erretaula bikainaren gainean. Gaur ikusten den eliza lehengo zaharraren gainean jasoa dago. Oraingoa XVI. mendekoa da, barne bakarrekoa, oso zabala eta harrigarria. Itziarko Amaren irudiaz gain, Itziarko elizak duen bitxi bikainena bere erretaula da. Gipuzkoan ederrenetakoa, nahiz eta historian hondamendi gehiegitxo jaso.