Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Itzagaondo ibarreko behatokia
Itzagaondo ibarreko behatokia | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Erdikoa |
Lekuak | Itzaga, Zuhatzu, San Migel baseliza, |
Distantzia | 10,5 km. 3 ordu eta 15 mn. |
Ingurunea | Pirinioetan egon gabe, zereal lurren gainetik zazpiehun metrotik gora zutitzen da Izagako haitza. Done Mikelen baselizak egiten du berezi. |
Abiapuntua | Zuhatzu |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Pirinioetan egon gabe, zereal lurren gainetik zazpiehun metrotik gora zutitzen da Itzagako haitz dotorea. Oso mendi ezaguna da Nafarroan, eta Done Mikelen baselizak egiten du berezi bisitariaren begietara. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Nafarroa Garaian dago Itzagaondo ibarra, eta Ardanatz, Erreta, Gergetiain, Idoate, Indurain, Iriso, Lizarraga, Turrillas, Urbikain eta Zuhatzu herriek osatzen dute. Lurralde horretako laborantza lurrak (zerealak, zuhainak) eta basoak (pinua, artea, haritza) Itzagako haitzaren hegi luzearen magalean barreiatzen dira, eremu zabala hartuz. Mendebaldean, Done Mikelen baseliza erromaniko zaharrak ongietorria egiten die mendizaleei, eta ekialdean, berriz, euren artean apenas gorabeherarik duten bi tontor nabarmentzen dira: Sanbelles eta Santagata haitza. Ipar-ekialdeko isurialdetik gaindiezina dirudien harrizko harresi batez osatutako amildegi luze batek inguratzen du.
Zuhatzu
[aldatu]Itzagarako igoerarik arruntena Ardanatz herritik ateratzen da. Guk Zuhatzu herri txikitik abiatzea erabaki dugu, eta ibilaldi zirkularra eginez bertara itzultzea. Hara iristeko, Iruñean Pirinioetako autobidea (A-21) hartu eta 16. irteeran utzi dugu, Urrotzera doan errepidea (NA-234) hartuz. Artaitzeko bidegurutzean eskuinetik ateratzen den bideari (NA-2400) jarraitu, eta berehala heldu gara Zuhatzu herrira.
Herriko bazter batean ibilgailua utzi, eta herriaren sarreran ikusi dugun lurrezko pistan barrena abiatu gara, aurrez aurre dakusagun Itzagako haitz aldera zuzenduz. Berehala heldu gara lehen bidegurutzera, eta, bertan, erdi erreta dagoen egurrezko hesola batek jarraitu beharreko bidea erakutsi digu (Izaga jartzen du). Ezkerreko bidea hartu, eta jaitsiera txiki baten ostean eta berriro igotzen hasi orduko, pista nagusia utzi (jaitsiera hortik egingo dugu) eta gure ezker aldetik ateratzen den xenda txikiari heldu diogu (cahir bat hasieran).
Modu progresiboan altuera irabaziz, Erretatik datorren bidearekin bat egin dugu, eta konturatu orduko basoan sartu eta harrizko harresiaren azpira gerturatzen hasi gara. Haritz, ezpel eta pagoen artean marrazten den bide nabarmena geroz eta pikoagoa da, eta tarte batzuetan erritmoa moteldu behar izan dugu. Orbelaz estalitako xenda ederretik aurrera egin, eta, Ardanatzetik datorrenarekin bat egindakoan, herritik begiratuta gaindiezina zirudien harresian zehar zabaltzen den malda pikoari ekin diogu haitz eta zuhaitzen artean. Laster, 2009ko udan izan zen sute baten ondorioz erretako ezpeldira atera gara, eta gertu ikusi dugu baseliza. Atzera begiratu, eta behean ikusi ditugu zereal lurretan txertaturik Zuhatzu eta Erreta herrixkak.
Done Mikelen baseliza
[aldatu]Baselizara iritsitakoan atseden labur bat egitea erabaki dugu. Ingurune paregabe honek asko edertzen du eraikina, naturaren eta artearen konbinazio bikaina irudikatuz. Ateak itxita daude, eta ezin izan gara barrura sartu, baina jakin badakigu gaur egungoa XII. mendearen amaierakoa bada ere lehen aipamenak XI. mendekoak direla. Gogor jotzen du hego haizeak, eta jertsea jartzera gonbidatu gaitu. Mokadutxoa egin, zintzurra freskatu, eta aurrez aurre dugun tontor aldera abiatu gara, tarteka baseliza aldera burua jiratu eta ikuspegi ederraz gozatuz. Xenda nabarmen batek lagundu digu ehun metroko desnibela gainditzen, eta azken metroak gandor belartsuan bete ditugu, erpin geodesikoa eta gutunontzia dauden lekura hurbilduz.
Inguru horretan dagoen mendirik garaiena izanik, bertatik ikusten den ikuspegia oso zabala da. Denbora apur bat edukiz gero, ekialderantz jaits daiteke eta azkar hel daiteke Sanbelles izena duen gailurrera eta, aurreraxeago, Santagata (Santa Agata) haitzera. Gu etorritako bidetik baselizara itzuli gara, baina igotzeko erabili dugun basoko bidezidorretik beherantz egin beharrean Zuhatzu herriraino doan pista zabala aukeratu dugu patxadaz eta inguruaz gozatzeko.
Sigi-saga luzeak eginez, baso artean irekitzen den pistan barrena erraz galdu dugu altuera, eta, konturatu orduko, igotzeko erabili dugun bidegurutzearen ondora iritsi gara. Herrira heldu aurretik, atzera begiratu dugu, eta han ikusi dugu Done Mikelen baseliza harresiaren gainaldean, harro, dotore. Apenas hemezortzi biztanle dituen herri txiki horretako elizatxoa bisitatu eta gero, hiru kilometrora, Artaitz herrian, San Martin eliza erromaniko bikaina bisitatzera joan gara; eskultura multzo aparta du, eta merezi du ikustea.