Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Itzinako harpe sonatuetan barna
Itzinako harpe sonatuetan barna | |
---|---|
Herrialdea | Bizkaia |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Orozko, Urigoiti, Itzina, Atxulo, Aslegor, Supelegor, Egilezaburuko iturria |
Distantzia | 10,5 km. 3 ordu eta 45 mn. |
Ingurunea | Itzina. Mari jainkosak Itzinako mendigunean duen bizilekua ezagutzeko kariaz, ibilbide interesgarria osatuko dugu paisaia karstikoan barna. Egun ez bezala, joan den mendean artzainak baino ez ziren sartzen Mariren bizilekura. |
Abiapuntua | Urigoiti (Orozko) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
[aldatu]Mari jainkosak Itzinako mendigunean duen bizilekua ezagutzeko kariaz, ibilbide interesgarria osatuko dugu paisaia karstikoan barna. Egun ez bezala, joan den mendean artzainak baino ez ziren sartzen Mariren bizilekura.
Supelegor eta Aslegor haitzulo bitxiak dira Euskal Herrian. Biak Itzinako mendigune karstikoan daude, eta harpeok Gorbeiako natur parkearen barruan ikusiko ditugu. Itzinakoa paisaia berezia izaki, biotopo babestua izendatu zuten 1995ean. Izan ere, erliebea gorabeheratsua ez ezik, lur azpiko galeria erreinua ere babestu beharra zegoen. Zuberoaren eta Nafarroa Beherearen artean gailentzen den Arbaila mendian legez, Itzinakoan kareharrizko paisaia nabarmentzen da. Latsunarria, jaun eta jabe. Sosegurako tenorerik ez da labirintoan: trokak, laban zorrotzak, zuloak, haitzuloak…
Gaur egun ez bezala, joan den mendera arte artzainak baino ez ziren ausartzen Mari jainkosaren bizilekuan sartzen. Artzainek zuhurtziaz eta begirunez jokatzen zekitenez, hamaika pasadizo eta kontakizun entzuten zituzten. Akaso beharrak exijiturik, ehunka ardi buruk lagunduta, Supelegor haitzuloaren atarira gaua igarotzeko prestu biltzen ziren orduko artzainak. Barandiaran ikerlariari kontatutakoaren arabera, behiala, ume koxkorren oinatzak agertu ziren lurzoruan marraztuta, eta, arrastook desagerrarazteko ahaleginak eginda ere, lurrean agertzen ziren behin eta berriz. Laminak kexu omen zeuden! Jakina, Itzinako gandor eta bizkar malkartsuetan ez baita batere zaila imajinatzen sorginek, laminek eta jeinuek irudikatutako mundu fantastikoa.
Lerrootan deskribatuko dugun ibilbideak Supelegor ahotzarreraino lagunduko digu. Ondoren, Aslaor trokara igaroko gara, arku bitxia bisitatzeko.
Atxoagure eta Askorrigan
[aldatu]Orozkoko udalerrian ( Bizkaia) dagoen Urigoiti auzoan hasiko dugu ibilbidea. Urigoitiko San Lorentzo elizaren ertzetik igaro eta berehala utziko dugu autoa, Elexosten, Karobiondo izena hartu duen aparkalekuan. Gorago beste aparkaleku bat dago, akaso egokiagoa dena Aldabideko iturburura hurbiltzeko. Aldabideko ur-jauzi sonatua bisitatu ordez, Egilezaburuko magaletik gora abiatuko gara gu, eta Atxuloko begi naturaleraino jarraituko dugu.
Oinez jada, porlan bideari muzin egin, eta ezkerraldetik abiarazten den basabidean gora egingo dugu. Pinudiaren babesean ibiliko gara hasieran. Basotik irten eta lehen malda luzea igaro bezain pronto, 90 graduko bira eskuinera egingo du bideak. Zorionez, Itzina mendiguneko atx zorrotzei begira jarriko gaitu bideak. Atxoagure eta Askorrigan mendi puntek anfiteatro ederra osatzen baitute; aho bete hortz geratuko gara harrizko labanek gauzatzen duten mosaikoa ikustean. Gorbeia natur parkera ongietorria emango digun seinalera iritsiko gara berehala.
Egilezaburutik Atxulora
[aldatu]Aldabideko iturburutik igotzen den zidorrarekin bat egingo dugu tupustean. Arrieskilletaganara iritsi gara: magala belazez jantzita agertuko zaigu, eta elorri zuri apartak han eta hemen ikusiko ditugu. Itzinako harresia eskuinaldean altxatua delarik, Egilezaburuko Ordekoiturrira iritsiko gara. Hori guztia, apenas ahaleginik egin gabe. Basoan gora jarraituta, Pagomakurretik datorren bidea topatuko dugu.
Atxulaurko eremu zabaletik Itzinara sartzen utziko digun arku naturalera igoko gara. Begi deigarria gandorretik hurbil ikusiko dugu. Atxulo arku naturala da, Itzinara sarbidea emango digun ate misteriotsua. Harainoko igoera egiteko, igarobide zabaletik egin ordez, baso barrenetik doan galtzada karstikoa lehenetsiko dugu. Hala, igoera patxadatsuaz gozatu ez ezik, Atxulora indarberrituta iristeko aukera bikaina ere emango digu harbideak. Atxulotik igaro, eta, magia kontua balitz bezala, Euskal Herriko paisaiarik liluragarrienetako baten aurrean izango gara. Mitologia oparoz eta pasadizo bitxiez beteriko erreinu sonatuaren aurrean. Biotopo babestua izendatu zenetik, ordea, bisitak areagotu dira, eta garai bateko misterio kutsua galdu dela irudituko zaigu. Agian. Benetan paisaiaz gozatzeko, hortaz, egun egokia aukeratu behar da, betiere meteorologia ona iragarrita. Itzinan barrena zeharkaldi asko egin badaitezke ere, Aslegor eta Supelegor haitzuloetara doan ibilbidea ederrenetakoa da. Mari jainkosaren bizilekura iristeko, kareharrizko lurzorua zapalduko dugu, baita sakonune edo trokak eta magal zorrotzak inguratu ere. Tentu handiz, parajeotako Ahalguztidunaren erreinura bidaia isila egingo dugu.
Atxulo atzeko sakonunera joko dugu. Supelegor haitzulora eta Arrabako larreetara doazen bideak banantzen diren tokira iritsiko gara laster. Eskuinera hartu, eta behera egiten hasiko gara. Une batez, bideak banantzen direla ikusiko dugu. Atxuloko troka inguratu gabe, daramagun bidexka utzi eta eskuinera hartuko dugu mendebaldera egiteko xedez. Bideak suabe-suabe jarraituko du, bidarri batzuk lagun. Troka xumea inguratuta, estugune batetik igaroaraztera eramango gaitu bideak. Arroila ttipitik irtendakoan, Pagobakar izena daukan etxolaren arrastoak ikusiko ditugu. Udako aterpetxe bat izan omen zen aspaldi, Urigoitiko Basilio Olivares artzainarena. Noranzkoa aldatu gabe, Itxulegor gainean jarriko gara, hots, Aslegor Arkura eta Supelegor haitzulora doazen xenden korapiloan. Bidebanatzean, eskuinera hartu eta Itxulegor haitzuloaren aurretik igarota, Askorriganeko harritzara begira jarriko gara. Behera egingo dugu, astiro-astiro, eta Supelegor haitzuloaren aho karratua aurrez aurre izango dugu laster batean.
Supelegor sakonunearen hegoaldean, Itxulegorretik hurbil-hurbil Aslegor Arkua dago. Haitz hustua da, eta erdi-erdian harrizko arku ederra erakusten du. Nonbait ganaduak erabili izan du babesa topatzeko. Hara joan nahi izanez gero, Itxulegor haitzulo aurretik igaroko gara berriz, eta, xendak banantzean, Atxulora doana utzi, zuzen segitu eta ondoko trokean harpe ederra ikusiko dugu.