Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Jugalez ibaiaren ibilbidea
Jugalez ibaiaren ibilbidea | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Oso erraza |
Lekuak | Bergantzu, Herrerias ur-jauzia |
Distantzia | 8 km. 2 ordu. |
Ingurunea | Ehun eta hogei urte joan dira jada Jugalez ibaiko ura baliatzeko asmoa abiatu zutenetik, eta orduko ingeniaritza lanak basoan jarraitzen du oraindik ere, Herrerias ur-jauzitik gertu, Araban. |
Abiapuntua | Bergantzu (Zanbrana) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ehun eta hogei urte joan dira jada Jugalez ibaiko ura baliatzeko asmoa abiatu zutenetik, eta orduko ingeniaritza lanak basoan jarraitzen du oraindik ere, Herrerias ur-jauzitik gertu, Araban. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Ingeniaritza lan bitxia ikus dezakegu Jugalez ibaiak irekitako ibar emankorrean (Bergantzu, Araba). Besteak beste, ia bost kilometroko ubide bat hondeatu zuten Bergantzuraino orain mende bat. Han segitzen du, isil-misil, ibiltarien gozamenerako gertu. Egun euritsuetan, ibar xume horrek ikuskizun aparta eskaini ohi die bisitariei, eta Herrerias inguruan ur-jauzi galant batek ibiltari ororen arreta harrapatuko du.
Zanbranako Udala horren jakitun dela, zortzi kilometroko ibilbidea egokitu du berriki ur lasterron bidaia ezagutarazteko. Aurten, gainera, 120 urte bete dira enpresaburu batzuek Bergantzu herrian zentral hidroelektriko bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zutenetik. Akta zaharretan irakur daitekeenez, XIX. mendeko zentral hura ez zen ezerezetik sortu, XIX. mendearen hondarrerako Francisco Zubeldia enpresaburu gasteiztarrak lortua zuen-eta Bergantzuko ibai jauzkariaren gaineko aprobetxamendua. Azkenik, eskuratutako kontzesioa Sociedad Electra-Hidraulica Alavesa sozietateari utzi zion Zubeldiak berak, Gasteizko Udalarekin hartutako konpromisoari aurre egiteko asmoz. Hala, Jugalez ibaiko jauzia eta indarra baliatuta, argindarra ekoizteko asmoa agertu zuten sozietate berriko administrazio kontseilariek.
Atzean geratu zen, beraz, Gasteizko kaleak gas bidez argiztatzen zireneko garaia. Agur gas bidez mugiarazten ziren motor geldoei ere. Modernotasunaren atarian, energiaren sukarrak eraginda-edo, indar elektrikoaren pagotxak inbertsio zukutsuak mugiarazi zituen herrialdean. Horrela, zentralez eta ubidez betetzen hasi zen Araba herrialdea, batik bat XX. mendeko lehen hamarkadetan. Bergantzuko faktoriari dagokionez, aurrenetako bat izan zen, 1899ko urtarrilean argindarra ekoizten hasi baitzen. Sozietatea jaio eta bi urtera, bestela esanda.
Bergantzun, oinez
[aldatu]Bergantzuko plazatxoan emango diogu hasiera ibilbideari, herriko iturria babesten den lekuan. Errepidean aurrera egiten hasiko gara, Urizaharrarantz. Laster helduko gara uraren ibilbidea abiatzen den lekura. Han, errepidea utzi, Jugalez ibaiaren gainetik igaro, eta ezkerrera egingo dugu Zanbranako Udalak egokitu berri duen zidorrari heltzeko. Lehen urratsak GR-1 zidor historikoak lagunduta egingo ditugu. Goratasun handirik hartu gabe, samur-samur egingo dugu aurrera, baratze emankorren ondoan. Bide zabala abandonatuko dugu ibilian hasi eta ordu laurdenera; izan ere, GR zidor historikoak Artikuatxako sakanerantz joko du itzuli ederra osatzearen kariaz. Aldapa horri muzin eginda, hortaz, ezkerreko bidetik jarraituko dugu, ezpel alorrak hartutako eremu goxoan barrena. Aurrerago, makal lirainak eta pago xumeak gogaide, eraikin zahar baten ondotik igaroko gara. Zubia gurutzatu gabe, ibarrean gora hasi eta belardi zabal baten aurrean kokatuko gaitu zidorrak. Zelai horretako zokoan Jugalez ibaiak sortzen duen lehen jauzia ikusteko aukera izango dugu.
Zelaia atzean utzi eta berehala, lau metroko ur-salto ederraz gozatzeko parada bikaina eskainiko digu ibaiak. Ezinegona eta urduritasuna alde batera utzita, behar besteko denbora hartuko dugu bazter horiez gozatuko badugu. Holaxe, saltoz salto, zokorik zoko, Urizaharrarako errepidera aterako gara. Asfaltoa gurutzatu, eta bidebanatzean ezkerrera joko dugu. Uste baino arinago, Herrerias ur-jauzian izango gara. Haitzulo artifizial bat ikusiko dugu haren ondoan.
Ikuskizunaz bapo aseta, Bergantzuko hidroelektrikoa elikatzen duen kanalera igoko gara. Horretarako, ur-jauzitik 30 metro atzera egin eta eskuinetik doan zidorrari men egingo diogu. Maldan gora ibilita, ubidearekin elkartuko gara. Ezkerretik segitu behar diogu kanal zaharrari, ur-laminatik hurbil. Akabo aldatsak eta eremu labainkorrak, Bergantzurainoko tartea erabat laua baita. Ubideak serio-demonio helduko diola sestra kurbari. Ibilian 50 minutu egingo ditugu sigi-saga magalean. Une batean ubidearen arrastoa galduko dugula irudituko zaigu. Bidexka batek kanalaren lekukoa hartuko du orduan, eta, zidorrari jarraituz, Bergantzura jaitsiko gara.