Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Korresko gaztelurako bidea
Korresko gaztelurako bidea | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Antoñana, Korresko gaztelua, Korres, Izki |
Distantzia | 9 km. 2 ordu eta erdi. |
Ingurunea | Historia interesgarria gordetzen du Korresko gaztelu zaharrak. Nafarroako eta Gaztelako erresumek begia jota zioten. Herri ekimenak abian daude, biltzen duen ondarearen gainean argia emateko xedez. |
Abiapuntua | Antoñana |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
[aldatu]Korres herria (Araba) Izkiko natur parkearen barruan dago, Soila eta Muela mendi ezagunek inguratuta. Gaur egun, hiribildura iristeak zirrara berezia ematen badu, zer esanik ez iraganean. Baina orduko eta gaur egungo helburuak bestelakoak dira, jakina. Orduan, Nafarroako eta Gaztelako erresumek begia bota zioten leku estrategiko horri, eta norgehiagoka ibili ziren haren kontrola eramateko.
Historiagileek jakinarazia dutenez, hiribildua sortu aurretik gaztelu bat bazegoen Portiella izeneko parajean, hots, amildegiz inguratutako labana zorrotz baten gainaldean. Gerora, gaztelua gotortu, eta Erdi Aroan berebiziko garrantzia hartu zuen Gaztelako Alfontso VIII.ak Nafarroako erregeekin izandako gerrateetan. Egun, ordea, egoera paradoxikoa gertatzen da Korresen: gazteluak izandako garrantzia gutxietsita, utzikeria galanta ageri du orain. Hori dela eta, krisi ekonomikoari buelta eman nahi izan diote hainbat lagunek Korresen, eta herri-ekimen batzuk abian jarri dituzte. Gazteluak Airean lelo hartuta, indusketa arkeologikoak ez ezik, mendi garbiketak, lan topografikoak eta finantzaketa kanpainak ere hasi nahi izan dituzte. Nahi bai, baina ezin. Gazteluaren hondakin historikoek lozorroan segitu beharko dute, instituzioetatik ezezko biribila jaso baitute proiektuok.
Agin bideari ekinez
[aldatu]Antoñanan emango diogu hasiera Korresko gazteluraino eramango gaituen ibilbideari. Hiribilduan sartu gabe, harresi zaharrari bizkarra eman, eta Soila mendi aparta altxatzen den aldera begira jarriko gara. Oraingoz, gaztelua ez dugu ikusiko, Soilako malkarraren atzetik gailentzen da eta. Errepide azpiko pasabidetik igaroko gara, eta Euskal Trenaren Interpretazio Gunera iritsiko. Joan den mendearen 60ko hamarkadaren amaierara arte Euskal Herria zeharkatzen zuen trenico bitxiaren inguruko xehetasunak irakurtzeko parada izango dugu, propio atondutako argibide gunean. Soilara doan bide egokia hartzen saiatuko gara han; izan ere, bide seinale ugari ikusiko ditugu bertoko bidegurutzean. Besteak beste, honako zidor hauek guztiak: Artzaintza naturbidea, Inaziotar bidea, Zidor historikoa, Mendialdeko ibilbide zirkularra, Vasco-Navarro trenbidea, BTT eta Nordic Walking zirkuituak.
Bujanda herrira doan errepidea zeharkatuko dugu. Mendira bideari jarraituko diogu, oraingoz GR 1 ibilbide luzeari jaramon eginda. Lehen bidebanatzean, ordea, GR zidorra utzi, eta eskuinera egingo dugu. Parkeko seinale horiak lagun, ezkerrera joko dugu aurrerago, eta hasierako noranzkoari eutsiko diogu. Atauri ingurutik datorren ubidea zeharkatu ondoren, erkameztian sartuko gara. Izki natur parkeko seinalea ikusiko dugu bide ondoan. Haren eskuinetik doan bidetik metro batzuk baino ez ditugu egingo. Izan ere, gorantz abiatuko den bidexka bati segika hasiko gara berehala. Pistara irtetean, gora egiteari eutsiko diogu, betiere landaretza oparoaz ederki gozatuta.
Basabideak ezkerrera egiten duen unean, gaztainondo sendo batek atentzioa emango digu. Agin bidea hasiko da han, hots, zuhaitz berezira eta Soilako tontorrera doan bide sonatua. Guk, ordea, tontorrera bidea alde batera utzita, Antoñana eta Korres herriak lotzen dituen bidea lehenetsiko dugu. Hala, gorantz hartuta, bide nagusiari men egingo diogu, desbideratzerik hartu gabe. Bide zabala amaituta, hesia zeharkatu eta, xendak gogaide, hariztian barneratuko gara. Soila mendiaren eta Korresko gazteluaren arteko atakara hurbiltzen ari garela, lehen labana zorrotzak ikusiko ditugu mazela hurbilean. Aurrerago, Bujanda inguratzen duen panorama ederraz gozatzeko aukera ederra dugu, propio egokitutako talaia edo balkoi batetik.
Portiella eskalatzen
[aldatu]Lepora iritsita, bidexkak Korres aldera bideratuko gaitu. Artean, ezpeldiak osaturiko galerian gaindi segituko dugu suabe-suabe. Jaisten hasita, adi egon beharko dugu gaztelurako bidea ondo hartzeko: Nafarroako Erresumako irudi bat ikusiko dugu ezkerraldean, harri txiki batean margotuta. Jaisteari utzita, maldan gora abiatuko gara, xenda irristakorrari segituta. Sigi-sagaka, beraz, harrizko murailara iritsiko gara. Hura eskalatu gabe, haren ezkerretik jarraituko dugu, gaztelua altxatzen den muinoaren oinaldera iristeko. Soka luze bat ikusiko dugu harriari lotuta. Eskalada erraza egingo dugu haitzean, betiere heldulekuei ondo oratuta. Harkaitza gaindituta, gazteluko harresiraino lagunduko digu zidorrak. Eskalatzeko bigarren zatia izango dugu hor. Zailtasunik gabe, baina, egurrezko eskala batetik gora egingo dugu, eta tontorrera helduko gara. Soila mendiaz gain, Kanpezuko lurrak ere bistaratuko ditugu tontorretik.
Leku bera erabilita jaitsiko gara gaztelutik, tentu handiz. Behin atakan, ezkerrera hartu, eta Korresera iritsiko gara. Kale Nagusiari men eginda, natur parkeko interpretazio etxera iritsiko gara. Erakusketaz gain, Izki inguruko xehetasunak emango dizkigute informazio zentroan sartuz gero.
Ubidean barrena
[aldatu]Antoñanara itzultzeko asmoz, Aranbaltza deritzan sakanetik egitea proposatzen dugu. Horretarako, natur parkeko zentroaren parean garela, herrigunean sartu, eta Bekoiturriko plazara iritsiko gara laster. Gero, ezkerrera egin, eta hiribildutik irtengo gara porlan bideari men eginez. Lehen metroak egin ostean, zuzen segituko dugu, Bujanda aldera. Aurrerago Aranbaltzeko presa ikusteko aukera emango digu bideak. Orduan, bide-seinaleari kasu eginda, ur-jauzi ondora iritsiko gara. Presa gainetik ibili gabe, ezkerreko ertzetik jaitsi eta kanalaren ondoan jarriko gara. Ubidearen eskuinaldetik hasiko gara orduan, astiro-astiro, erorikoak saihestuz. Pistarekin bat egitean, ubidea utzi eta ezkerretik doan Antoñanara bideari oratuko gatzaizkio. Aranbaltzeko ataka atzean utzita, bide nagusiak igoeran egindako bidearekin topo egitera eramango gaitu.