Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Labirinto Zuria
Labirinto Zuria | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Erdikoa |
Lekuak | Lerueta, Leizanabar, Labetxuko sakana, Bobeda, Erentzingo gaina |
Distantzia | 9,4 km. 2 ordu eta 45 mn. |
Ingurunea | Haizearen higadurak eta itsasoaren indarrek zizelkatutako eskultura eder eta bitxiak ikusiko ditugu Jaizkibel inguruan. |
Abiapuntua | Jaizkibelgo Paradorea (Hondarribia) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Haizearen higadurak eta itsasoaren indarrek zizelkatutako eskultura eder eta bitxiak ikusiko ditugu Jaizkibel inguruan. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Jaizkibelgo paisaiak osagai asko dauzka, eta aberatsak: itsaslabarrak, itsasargiak, landaretza ugaria, haran eskegiak eta, batik bat, itxura fantastikoa duten hareharrizko bloke eta harri bitxiak. Lehenago, orri hauetan, Paramoudrak, Labetxu eta Grankantoko bazterrak ezagutzeko aukera eskaini genuen. Gaur, berriz, leku horietatik gertu dagoen beste paraje berezi eta erakargarri bat ezagutzeko parada izango dugu: Labirinto Zuria esan ohi zaiona, hain zuzen ere. Bertan, haizearen higadurak eta itsasoaren indarrek zizelkatutako eskultura eder eta bitxiak ikusiko ditugu, haien artean marrazten den xenda estuan zehar.
Ibilaldi labur eta zirkular hau burutzeko, Jaizkibelgo Paradorea izan zenaren hondarren ondoan utziko dugu ibilgailua, Santa Barbara dorretik oso gertu. Errepide aldera jaitsi eta bertatik metro batzuk egingo ditugu; berehala eskuin aldean ikusiko dugun pista zabalean sartuko gara gero. Maldan behera suabe, Artzain mendixkaren magala jaisten hasiko gara. Bi kilometro eskas egin eta gero, Talaia bidearekin gurutzatu eta bertatik metro gutxi batzuk egingo ditugu, harik eta, malda bizian, eskuinetik beste bide bat zabaltzen zaigun arte. Bide balizatua utzi eta beherantz jaisten jarraituko dugu, lurrezko beste pista zabal batekin topo egin arte. Hori gurutzatu eta bide zabaletik segituz, Leruetako inguruetara helduko gara. Hemen bidea zertxobait leundu egiten da, eta erraz egingo dugu aurrera. Erne ibili beharra dago: kilometro eskas egin eta gero, pista erosoa utzi eta ezkerretik basoan sartzen den bidea aukeratuko dugu; Leizanabar aldera iritsiko gara.
Xenda estua haitz handien ondotik marrazten da, eta altuera galtzen hasiko gara. Garo artean, Labetxuko zulora jaitsi beharrean, eskuin aldera joko dugu, sakanaren gainetik doan xenda bilatzeko. Harrizko plaka handien gainetik, itsaso aldera gerturatuko gara, eta, talaia honetatik, Labetxuko paretetan dauden koloreen sinfoniaz gozatuko dugu. Belarretan irekitzen den xenda txikiak —bi marra zuriz balizatua— biratu eta Labirinto Zuriaren sarreran utziko gaitu. Haitz zurien anabasa gure aurrean, eta irudi bereziak nonahi zizelkaturik. Aurrera egingo dugu kontu handiz, itsasoaren eta labarren gain aldetik. Berehala, bi bloke handi ikusiko ditugu, bata bestearen ondoan; gruyere gaztaren itxura duten bi harritzarrek barreneko hamaika zulo eta formak erakusten dizkigute. Ingurune polita eta magikoa.
Bi eskultura natural hauek atzean laga eta aurrera segitu dugu, Bobeda edo La Concha izeneko horma zuri batekin topo egin arte. Hemen emango dugu amaitutzat Labirinto Zuriko gure ibilaldia. Abiapuntura bueltatzeko, aurrera joko dugu bi marra zurik erakusten diguten norabidean. Lepora heldu baino metro batzuk lehenago, marra zuriek erakusten diguten bidea utzi eta eskuinetik igotzen den beste xenda hartuko dugu; hala, Erentzingo Zabalaren ikuspegi osoa eta ederra eskaintzen duen talaia bikain batera igoko gara.
Abiapuntura itzultzeko, gora egingo dugu hartutako xendatik, eta berehala iritsiko gara Labetxura jaisteko hartu dugun bidearen ondora. Hemendik aurrera, jaisteko erabili dugun bide bera hartuko dugu: Leruetara igo, Talaia bidea gurutzatu eta abiapuntura helduko gara, Artzain mendiaren magaleko pistatik.