Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Lantziegoko teilagin bidea

Wikibookstik
Lantziegoko teilagin bidea
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Lantziego, Binasperi, Castillejos ur baltsa, Teileria
Distantzia 11 km. 3 ordu.
Ingurunea Buztinezko adreiluak eta teilak ezinbestekoak ziren garaian, teilaginak –zamariek ondo lagunduta– hara eta hona ibiltzen ziren lehegaia fabrikara eramateko.
Abiapuntua Lantziego
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

'[1]

Ibilbidea[aldatu]

XVIII. mendeko teila fabrika bat zaharberritu dute oraintsu Arabako Errioxako Lantziego herriko hego-ekialdean. Terreros izena hartzen duen paraje gorabeheratsuan egin dute. Atontze lanak amaitu ostean, denon gozamenerako utzi dute eraikin ederra, hots, behiala berebiziko garrantzia izan zuen egitura aparta. Lantziegotik hurbil badago ere, inguruko bazterrak ongi baino hobeto ezagutu behar dira hara iristeko. Izan ere, teileria hori bezalako guztiak mendian altxatuak izaten ziren, ura eta lur mota egokia zeuden parajeetan. Teilen eta adreiluen beharra handia zeneko garaian, hiribildu bakoitzak bere fabrika propioa izateko ahaleginak egin behar izaten zituen. Batzuetan, hori posible ez zenez, hainbat hiribildu edota herrixkaren artean erabili behar izaten zuten lantegia. Kripan ondoko San Jorge zeritzana, esaterako, Lantziego eta Binasperi herriek erabili zuten denbora batez.

Lantziegoko fabrika[aldatu]

Produkzioa egiteko modua sinplea zen: tokian tokiko kontseiluek produktu kopurua, prezioak eta erosleak kontrolatzen zituztenez, teilagin trebeak aukeratu ohi zituzten eskualdean, urrutira jo gabe. Hori posible ez zenean, eskualdetik at bilatzen zituzten; Nafarroan, Gipuzkoan eta Iparraldean, leku askoren artean. Tokian tokiko buztina hartuta, zamarien bidez biltegiraino garraiatu, eta, lehengaia larrainean garbitu ondoren, uretan sartzen zuten. Segidan, modelatzeko prozesua etortzen zen. Horretako, zurezko zein burdinazko moldeak erabiltzen zituzten. Azkenik, adreiluak eta teilak labean sartu, eta egoste prozesua hasten zuten, materialak apaletan ongi ordenatuta.

Lantziegoko fabrikak ongi funtzionatu zuen 1788tik 1807ra arte, adituek ziurtatu dutenez. XIX. mendeak aurrera egin ahala, ordea, teileriaren ondoko etxola bestelako funtzio bat betetzen hasi zen. XX. mendea hasteaz batera, produkziorik ez zen jaso Terreroskoan, eta fabrika abandonatu egin zuten.

Binasperira bidean[aldatu]

Terrerosko teileria ezagutzeko, Lantziegoko eskolaren aurrean hasiko gara. Haren eskuinetik gora egingo dugu, Larrineta kaletik. Aldatsa amaituta, Lapoblacion mendi aldera begira jarriko gaitu bideak. Errepidera iristean, ezkerrera egin, eta asfaltoaren alboan 50 metro inguru egin ostean, eskuinaldean ikusiko dugun nekazari bidean aurrera egingo dugu. Legarrez osaturiko bideari jarraituko diogu, eta, noranzkoari muzin egin gabe, Binasperira doan errepidera irtengo gara. Asfaltoan gora eginda, 79. mugarria igaro eta metro batzuk aurrerago, ezkerrera jo eta Toloño mendilerroari begira jarriko gara.

Maldan gora hasi eta berehala, bideak bihurgune bat egiten duenean, 180 graduko bira eginda, Binasperira joko dugu. Herriko latsarria ikusiko dugu Bao errekastoaren alboan, harriz egina eta sastrakek erabat janda. Herriaren atarian, 80. mugarriaren aurrean, eskuineko kaletik jarraitu eta Lugar deritzan iturri zaharra bisitatuko dugu. Arabako lurraldean ez ezik, Euskal Autonomia Erkidegoan zaharrenetakoa da, Labraza eta Ekorako iturriekin batera. Lau platanondok babesten dute ninfa iturria, eta atseden hartzeko leku aproposa da.

Terrerosko eraikinak[aldatu]

Iturria eta herria atzean utzita, aurrera jarraituko dugu arbolak, arrosak, intxaurrondoak, makalak eta almendrondoak gogaide. Robles izena daraman iturrira iritsiko gara laster. Gero, Vallarmen erreka gurutzatu, eta, aldamenean baratzeak, intxaurrondoak eta arte xumeak ditugula, Lantziegoko errotaren ondotik igaroko gara. Bidebanatze baten aurrean izango gara segituan. Goraxeago doan asfaltoa utzita, pitin bat beherago doan nekazari bidetik jarraituko dugu. Errekastoaren paraleloan gabiltza orain, hego-mendebalderantz. Zehar-zehar minutu batzuk emango ditugu, gorabeherarik gabe. Harea ateratzeko toki batera helduta, sestra-kurbari men egiten dion bideari jarraituko diogu. Lasaitasun handiz jarraituko dugu, harik eta bide zabala amaitzen den arte. Orduan, Castillejos urmaeletik jaisten den ur emaria bistan dela, ubidearen albotik jaisten hasiko gara; 100 metro inguru, besterik ez. Gero, ezkerraldera igaro eta Lantziegoko teileriara iritsiko gara, hurbil dago eta.

Teileria eta biltegia ikusiko ditugu han. Teileriak bi arku puntadun ditu. Arkuok bidea ematen diete adreiluz egindako ganga galeria bitxi batzuei. Arku lerrokada horren gainean, egosteko lekua dago, eta gainaldean atondutako balkoitik ondo ikusiko dugu.

Eraikin bitxiak bisitatu ondoren, bidean aurrera egingo dugu. Horretarako, eraikinak eskuinean utzi eta bide nagusitik jarraituko dugu, zehar-zehar, asfaltozko bide batera irten arte. Eskuinera okertu, eta ibarrean behera egingo dugu orduan. Valdelahijako zubia igaro ostean, maldan gora abiatu eta errepidera irtengo gara. Tentu handiz errepidea gurutzatuta, eta minutu batzuk gozo-gozo eman ostean, Cuevas izeneko ibarrarekin bat egingo dugu. Ibarreko zubia gurutzatuta, azken ahalegina egingo dugu herrira iristeko.

Erreferentziak[aldatu]

  1. Berriatik hartua