Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Lea: iturburutik itsasora
Lea: iturburutik itsasora | |
---|---|
Herrialdea | Bizkaia |
Zailtasuna | Oso zaila |
Lekuak | Zengoitia (Mallabia), Oiz, Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Lekeitio |
Distantzia | 35 km. 8 ordu. |
Ingurunea | Ibaiak motzak dira Bizkaiko Kantauri isurialdean. Lea ibaia ere horrelakoa da: Oiz mendian jaio eta Lekeition itsasoratzen da 24 kilometroko ibilbidea egin ondoren. |
Abiapuntua | Zengoitia (Mallabia) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
'[1]
Ibilbidea
[aldatu]Nork ez du atsegin ibai edo erreka batek osaturiko paisaia? Nork ez du zoriona sentitu erreka baten uraren isuria entzutean? Zergatik ote? Errekak biziaren iturri direlako, lainoetako ur tantak jaso eta, mendietatik behera, arro eta bailaretan zehar bizia daramatelako, hasieran lasterka eta gero astiro, meandro batetik bestera, lurra, landareak, animaliak, arrainak eta gizakiak elikatuz. Batzuek milaka kilometroko bidea egiten dute itsasoarekin bat egin arte; beste batzuek, berriz, 24 baino ez, Bizkaiko Lea ibaiak, adibidez. Oiz mendian jaio eta Lekeition itsasoratzen da. Edertasun handiko eta populazio txikiko lurrak bustitzen ditu: Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga Amoroto, Mendexa eta Lekeitio. Bizkaiko ibairik garbienetakoa da, gainera. Learen edertasunaz gozatzea da gaurko proposamena.
Lea ibaiari laguntzeko, aurrez gailurrera igo behar dugu. Oiz mendira igotzeko bide asko dauden arren, Mallabiko Zengoitia auzotik hasten dena da estrategikoena, Bilbo eta Lekeitio artean orduro dabilen autobusak geltokia baitu auzo honen ondoan —alegia, Trabakuako mendatetik Durango eta Markina-Xemein lotzen dituen BI-633 errepidearen 37 eta 38. kilometroen artean, Osma eta Mallabiko bidegurutzearen ondoan—. Autoarekin joanez gero, autobusez bidaia daiteke Lekeitiotik Zengoititara ibilaldia hasi baino lehen edo bukatu ondoren.
Zengoititako auzoaren goialdean, GR-229 Mikeldi ibilbidearen bidegurutzea ezkerrean utzi, eta porlanezko pistari eutsi behar zaio, metro batzuk eskuinetara egin ostean iturri-garbitegiaren ondotik gorantz hasten dena. Bidegurutze asko daude bidean, mendigunea oso gizatiartua baitago. Lehen bidegurutzean ezkerrera jo; bigarrenean, eskuinetik hasita bigarren aukerari jarraitu behar zaio. Malda gogorra da, kilometro gutxitan 500 metroko desnibela gainditu behar delako. Hego-ekialdeko gandorrera hurbiltzean, aerosorgailuak ikus daitezke. Haiei jarraikiz, gailurreraino heltzen da. 1026 metroko garaiera duenez eta Bizkaiaren erdigunean dagoenez —beraz, Bizkaia osoa ikusteko lekurik onena izanik—, deiadar mendi izan zen Oiz Erdi Arotik aurrera: Bizkaiko Batzar Nagusietara joateko deiadarra egiten zuten tontorrean sua piztuz edo soinu seinaleak eginez.
Itsasoari begira jarri, eta zuzenean malda pikoan behera jaitsi. Ez, biderik ez dago; norberak egin behar du bidea, goitik behera datorren hesiaren eskubi aldetik. Astiro eta kontuz ibili. Oiz errekaren sorburua handik metro gutxi batzuetara ikus daiteke. Hasieran, lur hezea baino ez da, baina aida batean ur jario ñimiñoa antzeman dakioke. Lehen ur-jauzia ere bertan da. Azpitik pasatu behar da errekaren ezkerraldera heltzeko; gero, aurreneko zuhaitzen artean behera jaitsi behar da, saltoka datorren errekatxoarekin batera. Bidexka batek ur fluxutik urruntzera behartzen du ezkerrerantz okertuz. Metro batzuk ibili, eta berriz maldan behera jo, porlanezko pistarekin bat egin arte. Ezkerrerantz jarraitu bostehun bat metroan; gero, langa baten atzean eskuinetara ateratzen den baso bidean sartu. Oiz erreka eta ondoko erreka baten artean egin aurrera Munitibarreraino doan bide bakarti eta bihotz-zabal honetan; ur-jauzi polit bat izango dugu opari bi erreken elkargunean.
Munitibar udalerria goitik behera zeharkatuz, Oizen magala atzean utzi, eta Lea ibarrean sartzen da erreka. Baina ez du behin betiko izena hartuko Aulestiaraino heldu arte eta beste erreka batzuen urak jaso arte. Ibilgua nabari zabalagoa du orain itsasoraino duen bide luzeari ekiteko, ibilkaria lagun hartuta, noski. Horrek badu nondik ibili: Antzinako Errege Abelbidean, egun GR-38 Ardoaren eta Arrainaren Ibilibidea izenaz ezagunagoa. Zailtasunik gabeko 23 kilometroak bidezidor hutsa baino gehiago dira. Izan ere, ibaiaren ondare naturalaren eta historikoaren erakusketa ere badira, antzinako burdinolak, errotak, presak, kanalak, zubiak, ontziak, dorretxeak, ermitak... baitira ikusgai ibaiaren ur-laster eta ur mantsoen artean, aparraren zuria eta likidoaren urdin-turkesa artean, belardi eta baso sail artean. Altzairuzko totem batzuek interes guneak adierazten dituzte.
Lea ibaiaren bokalea, eta beraz ibilaldearen amaiera, bereziki dira politak, padura ederra sortzen baitu San Nikolas uhartearen eta Lekeitioko Isuntza eta Mendexako Karraspio hondartzen artean itsasoratu baino lehen.
Erreferentziak
[aldatu]- Ibilbideak:Bizkaia
- Ibilbide oso zailak
- Ibilbideak:Mallabia
- Ibilbideak:Oiz
- Ibilbideak:Aulesti
- Ibilbideak:Gizaburuaga
- Ibilbideak:Lekeitio
- Ibilbidearen abiapuntua ez da udalerri bat
- Ibilbideak:Amoroto
- Ibilbideak:Mendexa
- Ibilbideak:Bilbo
- Ibilbideak:Durango
- Ibilbideak:Markina-Xemein
- Ibilbideak
- Berriatik hartutako ibilbideak