Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Legaireko megalito parkea

Wikibookstik
Legaireko megalito parkea
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Erraza
Lekuak Legaire, Arrizazen, Surbe, Mirutegi, Baio, Mendiluze
Distantzia 7,7 km. 2 ordu.
Ingurunea Historiaurreko megalito ugari ikusiko ditugu ibilbide honetan. Espero litekeen paisaia malkartsua bistaratu gabe, haran zintzilikatu berde eder bezain interesgarri batez gozatuko dugu.
Abiapuntua Legaire
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Historiaurreko megalito ugari ikusiko ditugu ibilbide honetan. Espero litekeen paisaia malkartsua bistaratu gabe, haran zintzilikatu berde eder bezain interesgarri batez gozatuko dugu. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Entzia mendigunea Arabako ekialdean dago, Nafarroako Urbasa-Andiamendi natur parkearekin muga-mugan. Mendigune sonatu horrek paraje karstiko galanta osatzen duela eta, harresi gaindiezinaren itxura hartzen du edozein tokitatik ikusita ere. Paradoxikoa izan arren, bestelako naturagunea deskubrituko du bisitariak behin goi ordokira iritsita; izan ere, espero litekeen paisaia malkartsua bistaratu gabe, haran zintzilikatu berde eder bezain interesgarria ikusiko du Legaire inguruan.

Erliebe karstikoaz eta berdeguneaz gainera, historiaurreko monumentu megalitiko ugari daude ordoki zabalean. Hala egiaztatu zuten, bederen, Telesforo Aranzadi, Joxe Migel Barandiaran eta Enrique Eguren katedratiko adituek orain duela ehun bat urte. Urbasa eta Entzia mendiguneetan jo eta su aritu zen Euskal Herrian aski sonatua egin zen hirukote hori. Hirurak elkarlanean, lehen indusketa arkeologikoei ekin zieten XX. mendearen hasieran, Eusko Ikaskuntzak argitara eman zuen lanaren argitalpenean irakur daitekeenez.

Mendeurrena igaro berritan, oraindik ere misterio kutsua darie megalito horiei; izan ere, ehun bat altxor deskubritu dira azken hamarkada hauetan. Eta, itxura denez, beste askok eta askok etzanik jarraitzen dute, noiz altxaraziko zain. Ezagutzera eman diren artelan prehistorikoak Neolitotik aurrera eraiki zituzten, nekazaritzan eta abeltzaintzan jarduten zuten garaian.

Legaireko aparkalekuan hasiko gara ibilian. Hara iristeko, Opakua mendatera igo, eta, ezkerrera hartuta, basabidean aurrera egingo dugu. Hala, zazpi kilometro egindakoan, parke megalitikoko abiapuntura iritsiko gara. Zelaietan sartu, eta Legaireko menhir eta tumuluaren ondotik igarota, Legaire ibaia alboan eramango dugu denboratxo batez. Akarteko hezegunera iristean, ordokia laga, eta iparraldera joko dugu, betiere gandorrerako urratsak egitearen kariaz. Arrizazen menhirra eta zista eder-eder ikusiko ditugu gainaldean bertan, Ekialdeko Lautadan eratzen den mehargunera begira-begira egongo balira bezala. Mendebalderantz abiatuko gara segidan. Lerroaren amaieran ikusiko dugun Mirutegiko gurutze aldera, pausoak apurka-apurka ekingo ditugu.

Hala, Akarrate tontortxotik igaro ostean, Surbera iritsiko gara, hots, Durruma herritik igotzen den harrizko galtzadak zeharkatzen duen ataka ondora. Talaiatik Legaireko berdegunera jaitsi, eta, Atauko menhir eta tumulu ondotik igarota, Mirutegiko gurutzera igoko gara. Arabako Lautadaren gaineko ikuspegi zabalak izango ditugu balkoi galant horretatik. Baio tontorra ondoan gailentzen da. Hara iristeko, malkarraren ondotik jarraitu, eta, paraje karstikoan barrena pitin batean ibilita, gailurra seinalatzen duen postontzira helduko gara.

Mendiluze harrespila

[aldatu]

Gandorretik jarraituko dugu, eta, basora heldutakoan, ezkerrera hartu, eta ekialdera pausoak ematen jarraituko dugu. Hala, basoaren babesean eta gandorretik aldendu gabe, Baioko iruinarrira helduko gara. Noranzkoari men eginez, Lekuonako txabolara iritsiko gara. Haren ezkerretik igaro eta tumulua atzean lagata, Mendiluze harrespilera iritsiko gara. Monumentu ikaragarri hori Jose Ignacio Vegas adituak induskatu zuen, 1984an. Ondoan dagoen menhirrera hurreratu, eta, maldan behera eginda, Legaireko ordokira jaitsiko gara. Han amaituko dugu ibilbidea.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua