Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Legateko gurutzea
Legateko gurutzea | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Erdikoa |
Lekuak | Lekaroz, Legate |
Distantzia | 11,6 km. 3 ordu eta 20 mn. |
Ingurunea | 1979. urtean, Iruñeko artzapezpikuak Done Mikel Aralarkoaren irudia bedeinkatu zuen, eta Legateko tontorrera eraman. |
Abiapuntua | Lekaroz (Nafarroa) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
1979. urtean, Iruñeko artzapezpikuak Done Mikel Aralarkoaren irudia bedeinkatu zuen, eta Legateko tontorrera eraman. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Lekaroz herritik (Nafarroa) gertu dagoen Legateko tontorrak bere altueragatik xumea dirudien arren, Baztango mendi askorekin gertatzen den moduan, itsas mailatik 200 metro eskasera dauden lekuetatik hasi behar baita igoera, aintzat hartzeko desnibela gainditu beharra dago hara igotzeko. Ibilbide zirkular honetan, paisaia zoragarriak ikusiko ditugu, batik bat tontorretik. Aipagarriak dira tontorraren inguruan eta gertu dauden askotariko monumentuak: gurutze ezaguna, bertara igotzeko gurutze bide nabarmena, eta, hura hasten den lekuan, zutarria, trikuharria eta harrespila. Eta, nola ez, gure mendi askoren estetika hausten duten antena horietako bat.
Ibilgailua herriko plazan utzi, eta etxe bikainen artean emango ditugu lehen pausoak. Elizaren ezkerraldetik iparralderantz jaisten hasi, eta, azken etxeak gibelean utzi eta gero, Legateko tontorra begiztatuko dugu aurrez aurre. Harlauza, harri eta alanbrezko hesien artetik zabaltzen den porlanezko bidetik, Beltzuri erreka gaindituko dugu, Lezabeko zubitik. Ezkerretik ateratzen den lurrezko pista zabala hartu, eta berehala hasiko gara maldan gora. Haritz eta gaztainondoen artean zabaltzen den bideak Etxeberriko bordaren ondora eramango gaitu. Malda gogortu egiten da, eta berehala iritsiko gara pista amaitzen den lekura, borda baten ondora.
Arakan lepora doan bidea utzi, eta aurrez aurre dugun xendan barrena abiatuko gara, ote eta garo artean. Bidezidor horrek pista zabal batera eramango gaitu, pago bakan batzuen artera. Eskuinerantz joko dugu, eta, pistaren ondotik marrazten den xendatik, Legateko zutarria dagoen lepora iritsiko gara. Gertu izango dugu Legateko gurutzea, eta, hara igotzeko, gurutze bidearen ondotik emeki-emeki abiatuko gara aldapa pikoari aurre eginez. Porlanezko hamalau gurutzeak atzean laga, eta burdinazko gurutze handi eta ezagunaren ondora helduko gara.
Gurutzea ez da gure mendietan ikusten ohituta gauden modukoa, burdinazkoa eta beltzez margotua. 1901. urtean Jose Argiñen elizondoarrak landutako harrizko gurutze bat jarri zuten, eta bertan iraun zuen ekaitzek lurrera bota arte. Gerora, Eugenio San Miguel Ezkurrakoak bost metroko burdinazko gurutze bat forjatu zuen, baita hiru metroko oinarri bat ere. 1979an, Iruñeko artzapezpikuak bedeinkatu zuen Done Mikel Aralarkoaren irudia bertara eraman zuen. Gertu, Julian Mitxelena apezaren omenez Cesareo Soule eskultoreak taillatutako hareharrizko oroitarria. Gurutzetik hurbil, gailurrean, erpin geodesikoa, buzoia, Gerardo Plaza mendizale baztandarraren omenez jarritako piolet erraldoi bat eta inguruko mendien kokapena erakusten duen harrizko mahai bat. Altuera xumea izan arren, handik dagoen ikuspegia bikaina da, Baztango haranaren panoramika oso zabala baitago.
Pagadian murgilduta
[aldatu]Mendiaren gandorretik aurrera egingo dugu, eta, xenda nabarmen batetik, altuera galtzen hasiko gara, pagadi baten ondora heldu arte. Hor, pagadian murgildu, eta aurrera egingo dugu handik zabaltzen den pista zabalean zehar. 300 bat metroren ondoren, pista utzi, eta, bide nabarmenik gabe, pagadian murgilduko gara, orbela zapalduz. Leku horretan erne ibili beharra dago, eta maldan behera egingo dugu, Beltzuri errekaren ondora iritsi arte. Guztira, kilometro bat pasatxo egingo dugu [GPSa erabiltzea komeni da].
Erreka gainditu, eta beste aldean dagoen pistara aterako gara. Erreka eskuinean utzi, eta bide nabarmenetik segituko dugu. Berehala, Ortiberriko borda ikusiko dugu ezkerrean, eta gero, beherago, Martiñenekoa. Bide landua oso erosoa da, eta handik erraz iritsiko gara bidegurutzera. Ibilgailuentzat egokitutako errepide txiki horretatik, Lekarotz herriraino jaitsiko gara, Larraldea sagardotegiaren ondotik igaro eta gero.