Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Lisaranda, Zigoitiko ibilbide biologikoa
Lisaranda, Zigoitiko ibilbide biologikoa | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Lisaranda, Muruako errota, Murua |
Distantzia | 10,7 km. 3 ordu. |
Ingurunea | Hezeguneek betetzen dituzten funtzio ekologikoak ezagutarazteko 'Lisaranda' izeneko ibilbide biologikoa prestatu dute Zigoitian. |
Abiapuntua | Muruako errota (Murua) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Hezeguneek betetzen dituzten funtzio ekologikoak ezagutarazteko, 'Lisaranda' izeneko ibilbide biologikoa prestatu dute Zigoitian. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Zigoitiko eskualdeko biodibertsitatea mundura zabaltzeko xedez, hainbat jarduera abian jarri dira Gorbeia mendiaren inguruan. Orain hilabete batzuk, besteak beste, urmael txiki bat egokitu zuten Gopegiko eskolako txikienen artean tokiko anfibioen ezagutza bultzatzearen kariaz. Aranzadi zientzia elkarteko Herpetologia saileko adituek lagunduta, Gopegi eta Ondategi herrien inguruan bizi diren anfibio eta narrastiei aukera eman nahi izan zaie inguru hezean bizitzeko. Finean, bizitzarako ezinbestekoak dira hezeguneak. Urmaelaz gainera, beste bi ibilbide prestatu dituzte Gorbeia eta Oketa mendi ezagunen magaletan barrena. Gizartean bizimodu osasungarria sustatzea izan da bidezidorron helburua. Hala, ibilian-ibilian naturaz bapo asetzeaz gainera, paraje ederrez gozatzeko aukera ere izango luke ibiltariak.
Lisarandako parajea korritzen du zidorrotako batek, eta hara bideratuko ditugu gure pausuak Oketa mendiko iparraldeko belardia inguratzen duten zona hezeak bertatik bertara ezagutzeko asmoz. Zubialde errekari jarraituta, baso igelak, suge gorbatadunak, uhandreak eta —akaso— sugandila bizierruleak ikusteko parada izango dugu. Hezeguneetan geldialdiak eginez eta pazientziaz ederki jantzita, toki horietako berezko dinamismoa erraz ulertuko dugu.
Gorbeiako aisialdiko parkera doan errepidea jarraituko dugu Muruako herrian (Zigoitia, Araba). Trafiko seinaleak harrobi zaharretaraino 3,5 km direla dio. Alabaina, autoan 2 km baino ez ditugu egingo. Izan ere, Muruako errota zaharberrituaren ondoan utziko dugu autoa. Oinez jada, beraz, errekara jaitsi eta begi bakarreko harrizko zubia igaro bezain pronto, ezkerrera joko dugu ur emariaren ondoan jarraitzeko. Errekari bizkarra emango diogu ziztuan, eta, ler gorriek hartuta duten parajean langa bat gurutzatuta, harizti ederrean gaindi jarraituko dugu. Basotik irtendakoan, goratasuna hartzeari eutsiko diogu, harik eta garoz eta belarrez jantziriko muinoaren gainaldera iritsi arte. Zubialdeko arroaren gaineko ikuspegi zabalak izango ditugu handik goitik, baita Gorbeia erraldoiaren gainekoa ere.
Tontortxoan ezkerrera okertu, eta Gorbeia mendira begira jarriko gara. Goratasun pixka bat galduko dugu hasieran, betiere pinudiaren paraleloan doan basabidea jarraitu ahal izateko. Horrela, zehar-zehar eramango gaitu basabide zabalak, pinudian eskumaldean dugula. Gorbeiako harrobi zaharreko parkera helduko gara ibilian hainbat minutu goxo-goxo egin ostean. Parkean sartu gabe, errepidea segitu, eta aparkaleku zabalean Lisarandako ibilbide biologikoaren nondik norakoak irakurtzeko aukera izango dugu. Erreka gurutzatzeaz batera, haltzadiak harrera ederra egingo digu. Metro batzuk egin ondoren, ibaia berriz gurutzatu, eta zidorraren gaineko interesgune ekologikoen berri emango digu bide ertzean jarritako irudi handiak. Eskuineko bidea hartuko dugu bertako bidegurutzean.
Anfibioak eta narrastiak
[aldatu]Haltzadiak hariztiari emango dio bidea hasieran; aurrera egin ahala, ordea, beste landare batzuk batuko dira basabidera: basa madariondoak, pagoak, haritz amerikarrak eta lizarrak, besteak beste. Anfibioez eta narrastiez jabetzeko aukera izango dugu beste irudi batean. Basabideak eskuinaldera egingo du han, eta, arku zabala eginez, etxola batera iritsiko gara. Parez pare, Lisarandako belardi zabala. Zelaia amaitzean, bideak ezkerrera egin, eta enbor lodiko pago bikainen ondoan jarriko gara. Basabidea uzteko unea iritsi zaigu —pago lehor bat dago bidebanatzean—.
Oketa mendira doan pista lagata, altzifreen eta izeien artean behera egiteko gonbita emango digu bideak, suebaki baten moldean. Belardi zabalera irtetean, ezkerrera egin, eta ertzetik gora segituko dugu. Ezkerrean daramagun itxitura amaiturik, garo artetik jarraituko dugu noranzkoari eutsirik. Igotzeari utziko diogu pagadira iritsitakoan. Basabideak zehar-zehar bideratuko gaitu han, eta hainbat zona heze zeharkatuko ditugu. Jaisten hasiko gara laster, eta, sigi-saga, basabide batera helduko gara. Eskuin-ezker egin ostean, maldan behera egiteari eutsi, eta Zubialde ibaiarekin elkartuko gara harrobietako aparkalekutik hurbil gaudela. Muruako errotara itzultzeko errepidean aurrera egingo dugu.