Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Longarko hipogeoa
Longarko hipogeoa | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Longarko hipogeoa, Valverde, Ezpelen gaina |
Distantzia | 8,4 km. 2 ordu eta 20 mn. |
Ingurunea | Lurpeko hilobi hau monumentu bitxia eta bakarra da, ez soilik Euskal Herrian, Kantabriako erlaitz osoko hipogeo bakarra baita. |
Abiapuntua | Valverderen eskorta |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Lurpeko hilobi hau monumentu bitxia eta bakarra da, ez soilik Euskal Herrian, Kantabriako erlaitz osoko hipogeo bakarra baita. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Mahats eta almendrondoen artean ibiliz, ez soilik Euskal Herrian baizik Kantabriako erlaitz osoan dagoen mota honetako hilobi bakarra bisitatzeko aukera izango dugu. Bide batez, egun haize errotek okupatzen duten Ezpelen Gainera igoko gara, eta itzuleran Pisanako ermitari egingo diogu bisita.
Viana eta Aras herriak lotzen dituen errepidean, 4,150. kilometrora heltzean, Longarko hipogeora joateko erakusten duen bide-seinale bat ikusiko dugu. Ezkerretik ateratzen den pista hartuko dugu, eta kilometro bat aurrerago, Valverderen eskortaren ondora iristean, ibilgailua aparkatuko dugu. Iparralderantz zuzentzen den pista zabaletik aurrera egingo dugu, eta ez dugu galtzeko batere arriskurik izango, bidegurutze bakoitzean egurrezko hesola batzuek lagunduko baitigute bide zuzena aukeratzen —Longarko hipogeora iristeko falta den distantzia adierazten dute horiek—.
Severiano eta Domicianoren eskorten ondotik igaro ondoren, San Pedro eta Longarko haran estuak bat egiten duten lekura iritsiko gara, eta, bertan, Pisanako ermitara igotzeko bidea izango dugu eskuin aldean. Aurrerago, gaztelania hutsez azalpenak ematen dituen egurrezko informazio taula. Aurrez aurre ikusiko dugun porlanezko aldapa pikoari aurre egingo diogu, berriro zereal lurretan marrazten den lurrezko bide zabalera igotzeko. Hilobira iristeko kilometro erdia falta dela adierazten duen seinalea atzean utzi eta erraz ailegatuko gara hilobi bitxiaren ondora. Ezpelen Gainaren magalean kokaturik dagoen hipogeoa K.a. 2850 eta 2500 urteen artean datatuta dago. Forma luzeko ganbera da. Burua zirkuluerdian, eta lauzazko horma dauzka, eta hareharrizko bi lauza handirekin estalita dago. Hegoaldean kokatutako sarrerako lauzan egindako zuloa da. Buztin hutsean landutako lurpeko ganbara luze horren barrura sartzeko, harlauzaz osatutako sarbidea pasatu eta obalatu itxura duen harria zeharkatu behar da.
Lehen berriak, 1989koak
[aldatu]Megalito honen lehen berriak 1989koak dira, eta hiru urte geroago hasi ziren indusketa lanak. 1994an hipogeoaren zaharberritze lanak amaitu ziren, garai haietan inguruak zuen itxura ere berreskuratuz. Lurpeko ganbara ehunen bat urtez erabili zen talde bereko kideen gorpuak bertan uzteko. Hilobi hori berrerabili egin zen: taldeko norbait hiltzen zen bakoitzean panteoi moduan erabiltzen zen. Gorpuak tolestuta, fetu jarreran lurperatzen ziren, eta, horretarako, kidea hil eta berehala gorputz adarrak lotzen zizkioten. Longarko hipogeoaren ezaugarri bitxienetako bat apaintzeko objektuen falta da; zeramikazko ontziak ere ez dira ageri, eta soilik edalontzi txiki bat aurkitu zuten sarreraren ondoan. Longarko biztanleek ez zuten metala ezagutzen, eta aurkitutako tresnak eta armak silexekoak ziren. Aizto eta harri zabal batzuk izan ezik, hostokara itxurako 30 gezi punta izan ziren nagusi aurkikuntza horretan.
Hipogeoa bisitatu eta gero, Ezpelen Gainera zuzentzen den bidetik gorantz egin dezakegu. Haize erroten artean ibili ostean, etorritako bidetik atzera egin eta bi haran estuak elkartzen diren lekuraino jaitsiko gara; bertatik Pisanako ermitara igotzeko aldapa pikoari ekingo diogu (aukeran). Abiapuntura itzultzeko, etorritako bidetik atzera egin eta Valverderen eskortara itzuliko gara.