Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Maax mendia eta 36ko gerrako lubakiak

Wikibookstik
Maax mendia eta 36ko gerrako lubakiak
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Bizkaia
Zailtasuna Erraza
Lekuak Barinaga, Markina-Xemein, Ubegiburu, Kalamua, Maax, Diruzulo
Distantzia 9,5 km. 2 ordu eta 30 mn.
Ingurunea 770 metroko mendi dotorea da, ‘Kalamua’ ere baderitzona. Gailur honetan gertatu ziren 36ko gerrako borroka gogorrenak.
Abiapuntua Barinaga (Markina-Xemein)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

770 metroko mendi dotorea da, 'Kalamua' ere baderitzona. Gailur honetan gertatu ziren 36ko gerrako borroka gogorrenak. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Maaxa mendiak, Lea Artibai eskualdearen ipar-ekialdean kokaturik, Ego Ibarrarekin muga egiten du. Ibar horretako eibartar eta elgoibartarrek Kalamua izenaz ezagutu ohi dute. Markina-Xemeindik ikusgai, ibarraren gainean altxatzen den 770 metroko mendi dotorea da. Duela 78 urte gailur honetan gertatu ziren 36ko gerrako borroka gogorrenak.

1936ko irailaren amaieran, Francoren altxamendua eta hiru hilabete geroago, matxinatuek Gipuzkoa osoa erraz konkistatu zuten, Eibar eta Elgeta izan ezik. Irailaren 20an Elgoibar erori zen, eta handik bi egunetara Maax mendia okupatzea lortu zuten, borroka gogorren ondoren. Baina errepublikazaleak ez ziren kikildu eta Maax mendiaren inguruan hainbat lubaki eta babesleku jaso zituzten matxinatuen aurreratzea geldiarazteko. Markinako kanoiek ere Maax mendiaren tontorrera tiro egiten zuten, baina arrakasta handirik gabe. Hurrengo zazpi hilabeteetan errepublikaren aldeko hamaika batailoik zorrotz eutsi zituzten frankistak Maax eta Intxorta mendietan, Bizkaiko lurraldea haiengatik babestuz. Mola jeneralak berak aitortu omen zuen fronte haietako erresistentzia gogorregia zela eta hobe zela Bizkaiaren konkista atzeratze. Gaur egun, oraindik, Maax mendiaren gailurrean badira han gertatutakoaren aztarnak. Haiek ezagutzea da ibilaldi honen proposamena, PR-BI-23 bidezidorrari jarraikiz.

Bidezidorra Markinatik datorren arren, Markinatik Ixua mendatera doan errepide (BI-3950) ondoko Barianaga auzoan has daiteke ibilaldia. Frontoiaren ondoan aparkalekua dago. Lehen pausoak Urko errekaren ondotik egin behar dira BI-3950 errepidean zehar Etxeberri auzorantz. 200 bat metro ibili ondoren PR-BI-23 bidezidorrarekin bat egiten da, errepidea utzi eta eskuinera Urko errekaren gainetik pasatuaz. Eskuinera doan porlanezko aldapa pikoan gora igo behar da Ibarguen baserriraino. Hori inguratu eta basabideari jarraitu mazelan gora ezkerretara agertzen den bidexkan, Oiz eta Urko mendiak bizkarrean. Pinudian barrenean sartu eta berehala, Etxeberritik datorren xendarekin (PR-BI-149) bat egin, eta gorako bideari jarraitu behar zaio. Laster, galtzadaren itxura duen bidezidorrarekin bat egiten da. Garoaz erabat inguraturik, oraingoan ere pausoak aldapan gora bideratu behar dira pinuen orratz itxurako hosto zaharrez osatutako tapiz bigungarria atseginez zapalduz.

Barinagako frontoitik datorren porlanezko bidearekin bidegurutzeak zapuztuko du magia hori. Goraxeago, eskuin aldean utzi behar da porlanezko bidea, langa batean margoturiko marka zuriei jarraikiz. Altzifre multzo baten azpian, horma zahar baten aztarnak aurkitu daitezke, seguruenik aurreraxeago kokaturik zegoen lubakien hornileku eta babesleku izan zitekeen txabola batenak, hain zuzen. Ubegiburu izena du ingurune horrek.

Aldapa motz baina pikoa gainditu ondoren belardi zabalera heltzen da, gailurra ikusgai delarik. Kokaleku horretan anarkisten A posizioa izeneko lubaki zegoen, Jesus Gutierrezek La Guerra Civil en Eibar y Elgeta liburuan adierazitakoaren arabera. Indalezio Ojangurenen bertan egindako argazki batean lubakitik gailurrerako ikuspegi bera ikusten da. Jesus Gutierrezen esanetan, lubaki hori nahiko sakona zen, parapeto gisa erabiltzeko. Bi metrailadore zituen, eta Kalamuako B posiziora eta San Andres lubakira bide babestua. Zazpi hilabeteko guda honetan mugimendu erasotzaile gutxi gertatu ziren, lubaki batetik bestera frankotiratzaile eta artilleroen arteko tiroketetan oinarritu zelako. Bando baten eta bestearen lubakien artean 60 metroren tartea baino ez zegoen.

Gailurrean erpin geodesikoa gailentzen da arbelaren azaleratze baten gainean, baita hiruzpalau buzoi ere. Ikuspegiak zoragarriak diren arren, arreta jarriko dugu arbelaren azaleratzearen ondoan hego-mendebalderantz dagoen zoruaren ondoratze luzean, frankisten lubakian bertan zegoela adierazten baitu. Babeserako eraikuntza baten aztarnek ere han diraute. M. Banderen La Guerra del Norte liburuak dioenaren arabera, errepublikazaleak behin baino gehiagotan saiatu ziren posizio hori menderatzen, baina arrakastarik gabe: irailaren 29an eta 30ean eta urriaren 2an eta 8an. Gero, 1937ko apirilaren 19an eta 21ean.

Hego-mendebalderantz Kalamuako leporantz jaitsiz gero, hara heldu aurretik eskuinera doan bidexka hartu, eta alertze artean Diruzulo izeneko tumulura heltzen da. KAko 2000 eta 1500 urteetako hilobi horretan, frankistek beste lubaki bat jaso zuten. Hartutako bidearen iparraldeko bideari jarraikiz, eta lehendabiziko bidegurutzean eskuineko xendari jarraikiz, A posiziora heltzen da berriz, eta, igoerako PR-BI-23 bidezidorrean emandako pausoak alderantziz jarraituaz, Barrinagara jaisten da.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua