Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Madalenaitz malkartsua

Wikibookstik
Madalenaitz malkartsua
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Garaia
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Irañeta, San Migel ermita, Urruntzureko iturburua, Madalenaitz,Ganbelatxo, Aralar
Distantzia 11,2 km. 3 ordu et 30 mn.
Ingurunea Ezpeldiak janzten dituen mendi luze honen magalak oso malkartsuak dira; txikia da, baina txundigarria. Izenaren jatorria bertan zegoen Santa Maria Magdalenaren omenezko ermita batean dago.
Abiapuntua Irañeta
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ezpeldiak janzten dituen mendi luze honen magalak oso malkartsuak dira; txikia da, baina txundigarria. Izenaren jatorria bertan zegoen Santa Maria Magdalenaren omenezko ermita batean dago. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Aralar mendilerroaren hegoaldean dagoen mendi honen izenaren jatorria, dirudienez, bertan zegoen Santa Maria Magdalenaren omenezko ermita batean dago. Mendi apala da, baina ipar aurpegiko pareta bertikalak edonoren arreta erakartzen du, eta eskalatzaileren gutizia da. Guk, berriz, basoan murgildu eta sokaz lagundurik Sakanako talaia berezi honetara igo nahi izan dugu, ezpela nagusi den ezohiko bidetik.

Irañetako kale bazterrean autoa utzi eta gero, martxan jarri gara. Arakil ibaia gurutzatzen duen zubitik Done Mikel ermitaren ondora heldu gara. Aralarko itzuliaren bide seinale zurigorriak (GR 20) ikusi ditugu ibilbidearen lehen zati honetan. Aurrez aurre dugun Madalenaitzeko pareta bertikaletara gerturatzeko asmoz, porlanezko pistatik barrena, Araitztarren landetxearen ondotik pasatu, eta berehala pista utzi eta eskuinean ikusi dugun harrizko zubi txiki eta polit batetik erreka igaro dugu. Ezker aldera ateratzen den bide zabaletik aurrera egin dugu, beste pista zabal batekin gurutzatu arte. Baso mistoan marrazten den pista horren alboetan, gaztainondo zahar asko ikusi ditugu, pinu eta pago artean sakabanaturik.

Pista horren aldapa gogorrenak igo ditugu, gure gainean mendiaren pareta bertikalak gailentzen direlarik. Eskuin aldetik ateratzen diren bizpahiru bide utzi, eta dozena erdi gaztainondo zaharren ondotik pasatu bezain pronto, bide nagusia utzi eta eskuinetik ateratzen den beste bide zabaletik gorantz egin dugu. Hasieran jarrita dagoen cairn txiki batek erakutsi digu bide zuzena aukeratzen. Lehen malda pikoak igo eta beste cairn baten ondora iristean, xendatik metro batzuk gora egin dugu soka luze baten muturra aurkitu dugun arte. Aldapa oso pikoa da, eta sokari esker errazagoa gertatu zaigu tarte hori gainditzea. Abentura txiki bat, harrigarria benetan! Eguraldi txarrarekin, bide hori ez da egokia, eta hobe Olazabalgo lepotik doana aukeratzea.

Mendiaren paretaren azpitik eta ezpel artean, mendiaren goialdera igo gara, eta mendia puntatik puntara zeharkatzen duen bidezidorrarekin bat egin. Eskuin aldera jo dugu ezpelek osatzen duten tunel itxurako bidetik, eta tarteka ikusgaitz den xendari jarraituz Madalenaitzeko tontorrera heldu gara. Estrategikoki jarrita dauden plastikozko tira zuri-gorri batzuek bide zuzena aurkitzen lagundu digute, ezpela oso trinkoa baita. Gailurretik dagoen ikuspegia ederra da.

Gure mendean dago Sakana, eta haren alboetara Satrustegi eta Beriango mendilerroak eta Done Mikel Aralarkoa ditugu, Artxuetako antenak nabarmentzen direlarik.

Urruntzureko iturburua

[aldatu]

Abiapuntura itzultzeko, etorritako bidetik atzera egin dugu, baina igotako aldapa pikotik jaitsi beharrean, mendilerroa oso-osorik zeharkatzea erabaki dugu, hori baita tontorrera igotzeko biderik errazena eta erabiliena. Hasieran, ezpeldiak ez digu utzi inguruaz gozatzen, baina xenda nabarmen batek zabaldi garbi batera eraman gaitu. Apenas alturarik galdu eta irabazi gabe, goi lautada txiki honetan egin ditugu hurrengo urratsak. Tarteka, bidea amildegira gerturatu eta arroka artean hedatzen da. Mendilerroaren bukaerara iristean, bideak beherantz egin du, eta azkar jaitsi gara Olazabal lepora. Ezkerreko pista zabaletik, zuhaitzen itzalpean, azkar jaitsi gara errekaren ingurura. Errekaren urak ateratzen duen hotsa entzutean, bide nagusia utzi eta eskuin aldetik ateratzen den bidetik erreka igaro eta Urruntzureko iturburuaren ondora ailegatu gara. Uda lehor samarra gertatu denez, ez da ur emari oso handirik, baina normalean Aralarko erraietatik sortzen den iturburu honetatik ur emari handia izan ohi da urteko beste sasoietan.

Iturburuari bizkarra eman, eta harrizko pistatik, berriro itzuli gara landetxearen ondora. Masustak eta basaranak bildu eta gero, hemendik abiapuntura joateko hasieran hartutako porlanezko bidetik egin dugu aurrera. Done Mikel ermitara heltzean, Madalenaitzeko pareta bertikalei azken begirada eman, zubia igaro, eta herriko frontoian hartu dugu atseden.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua