Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Maitaleen haitzuloa

Wikibookstik
Maitaleen haitzuloa
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Lapurdi
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Angelu, Angeluko hondartzak, San Martin itsasargia, Maitaleen Haitzuloa, Aturriren bokalea
Distantzia 11,5 km. 2 ordu eta 45 mn.
Ingurunea Miarritze-Angelu. Bi gaztek, amultsuki, maitasunaren kariaz, haitzulo bat hautatu zuten Angeluko barrutian. Harpea bisitatuko dugu. Gero, hondartzarik hondartza, Aturri ibairaino jarraituko dugu.
Abiapuntua Biarritz
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Bi gaztek, amultsuki, maitasunaren kariaz, haitzulo bat hautatu zuten Angeluko barrutian. Harpea bisitatuko dugu. Gero, hondartzarik hondartza, Aturri ibairaino jarraituko dugu.[1]

Ibilbidea

[aldatu]

Biarritz herria (Lapurdi) ez da ikusten dugun bezalakoa izan beti. Itsas herri xumea zen behinola. Portu txiki bat zegoen han, eta, Euskal Herrian ohikoa zenez, baleak arrantzatzera abiatzen ziren arrantzaleak. Denbora motel-motel igarotzen zen, eta olatuak saldoka iristen ziren bazterretara. Batzuetan, haserre; beste batzuetan, bare-bare. Horiek garaiak horiek! Angeluko (Lapurdi) paisaia antzekoa zen; akaso, bakartuagoa. Halere, txoko eta bazter guztien artean, San Martin lurmuturraren oinaldeko haitzuloa begiko zuten angeluarrek. Bertakoek ez ezik, baita Bordeleko (Frantzia) justizia administratzaileak ere. Azken horrek sorginkeria kasuak kontrolpean izateko.

Angeluko hondartzara hurbilduko gara ibili-ibilian, kostaldeko bideari men eginez. Eta, nola ez, Maitaleon haitzulora iritsiko gara. Oraingoan, haitzulo sonatura gerturatuko gara sorginkeriari muzin eginda. Eta ahoz aho zabaldutako kondaira baten berri izango dugu han. «XVI. mendeko erromantizismoaren joeratik aldendu gabe, Laorens eta Saubade gazteek elkar maitatzen zuten. Maitekiro. Baina ezinezko amodioa zen, euren gizarte mailek talka egiten baitzuten. Lehena umezurtza eta txiroa zen; bigarrena, aberats baten alaba. Zailtasunak zailtasun, haatik, sarri biltzen ziren Angeluko haitzulora. Bi-biak goxo-goxo elkar hartuta, itsasoari begira; bi-biak iluntasunean, ezti-ezti bakardadean. Zirt edo zart egin beharra zegoelarik, heriotzarainoko maitasuna gordetzeko engaiamendua hartu zuten bi amorosek. Egun batez, itsasoa zakar zebilen batean, ur maila bizkor-bizkor igo, eta barrunbearen ganbera erabat hartu zuten urek. Tupustean! Itsasoak aurretik eraman zituen bi lagunak. Bai eta betiko eraman ere!».

Miramar hotela

[aldatu]

Miarritzera erabateko aldaketa etorri zen mende batzuk geroago. Osagileek hala aholkatuta, Lapurdiko zokondoa bainu-hiri bihurtu zen denbora laburrean. Xede terapeutikoek berebiziko garrantzia hartu zuten XIX. mendean. Kostaldeko brisa epelak eta uraren propietate osasungarriek bazterrak ezagutarazten trebeki lagundu zuten. Gainera, goi mailako turismoak aparteko bultzada jaso zuen 1840tik aurrera, bereziki Eugenia de Montijo andaluziarrak Lapurdiko txokoa moda-modan jarri zuenetik. Dakigunez, Eugeniak konbentzitu zuen Napoleon III.a bakantzak Miarritzen igarotzeko. Baita ongi lortu ere! Keinu hori amu ezin hobea izan zen Europako aristokrazia Miarritzera erakartzeko.

Denborak aurrera egiten zuen, eta Miarritze txalet ederrez hornitzen hasi zen. Batzu-batzuk dekorazio eta estilo ederrekoak. Orduan, finantzen handi-mandien, botere handiko enpresarien eta zinemagintzako izarren bisitaldiak areagotu ziren, batez ere XX. mendearen bigarren hamarkadatik aurrera. Muturreko luxuzko Miramar hotel entzutetsua garai horretakoa da. Haren ondora iritsiko gara ibilbide honetan, baina egungo apartamentuek ez dute zerikusirik 1977ra arte altxaturik egon zen eraikinarekin. Jatorrizko eraikina 1927an goititu zuten, Bernain hondartzaren parean. Pirinioetako txokorik pintoreskoena bilakatu zen aurki. Miramarrekoak hainbat koroadunen bisitak hartu zituelarik ere, Amerikatik etorritako artistek berek lortu zuten hotela kategoriaz igoarazten. Coco Chanel diseinatzaileak hondartza-pijama modernoa merkaturatu berria zuela, Miramarreko hondartza moda-modan jarri zen. Nork bere berritasunak erakusteko gune aparta zen eta.

Parajeok deskubrituz joango gara ibilbidea osatzen dugun artean. Miarritzeko hondartza zabalean urrats geldoak egin ostean, Amodioaren haitzulora jauzi egingo dugu. Hori guztia nahikoa ez, eta goiza pasieran eman nahi dutenek Baionako Barrako hondartzaraino jarraitzeko okasioa izanen dute.

Miarritzen ibili-ibilian

[aldatu]

Miarritzeko (Lapurdi) Kasinoaren aurreko Hondartza Handian emango diogu hasiera ibilbideari. Hondartzatik zein itsas hesitik hasiko gara ibilian, astiro-astiro, paisaiak eskaintzen duen soseguaz bapo-bapo aseta. Ekialdera egingo dugu. Itsasoa ezkerrean utzita, hondar fineko hondartza korritzen hasiko gara. Aro ona lagun, turistak hondartzaraino trumilka hurbilduko direla nabarmenduko dugu. Akaso, aurtengo neguko denboraleak utzitako arrastoak ahaztu nahirik edo. Hôtel du Palais eraikin apartaren aurrean, hondartzaren paretik doan pasealekua hartuko dugu. Hala, mantsoki jarraituko dugu, itsasontzi baten moldean kulunkatzen ikusiko dugun Rôche Ronde haitzari begia kendu gabe.

Angeluko Barrako semaforoa, bidearen amaiera eta Euskal Herriaren iparraldeko muga.

Une batez, kosta paretik jarraitzea ezinezkoa da. Orduan, Miramarreko eskaileretatik gora eginda, kirola eta historia uztartzen dituen ibilbidearekin bat eginez. Itsasargirako bideari ekingo diogu. Enperatrizaren hiribidea topatzean, ezkerrera jo, eta Herrera txalet dotorearen aurretik igarota, tamarindoz jantzitako galerian barrena jarraituko dugu. Minutu gutxiren buruan izango gara itsasargian. Kuriosoak faro gaineko talaiara igoko dira, 248 eskailera-maila zapaldu ostean. Besteok Frans Hals ontziaren helize ondoko begiratokitik luzatuko dugu gure soa. Hain da paisaia liluragarria! Deskantsua hartuta, itsasargiaren eskuinaldetik jarraituko dugu. Goratasuna hartuta han, terraza moduko batera igo, eta, kostaldea inguraturik, errepidean izango gara berriz. Ezkerrera joko dugu orduan, eta Angeluko udalerrian sartuko gara. Angelutik Baionarainoko tarte zabala izango dugu aurrez aurre. Bista ederrak merezitako sosegua ekarriko digu, zinez. Paul Prieto bideari jarraituta, Amodio Ganbera edo Maitaleen haitzuloa izeneko barrunbera jaisten hasiko gara. Izan ere, aterpe horren gain-gainean gaude, eta, bertaratzeko, behealdean ikusten dugun ordokira jaitsi beharra dago.

Behin hondartzako pasealekuan, bidegorria ezkerretik hainbat metro jarraitu eta haitzuloa adierazten duen seinalea ikusiko dugu. Kobazulo horretan amai dezakegu ibilbidea. Ibiltzeko gogoa izanez gero, Angeluko hondartza zabalen paretik doan oinezkoentzako bidea har daiteke. Hainbat hondartza zapaltzeko parada izango dugu: Haremunen hondartza, Kortsarioak, Madraga, Ozeanoko hondartza, Zaldunen hondartza, Marinella...

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua