Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Mazo haitza

Wikibookstik
Mazo haitza
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Erraza
Lekuak BAchicabo, Hontanillas, Mazo
Distantzia 7,5 km. 2 ordu.
Ingurunea Mazo haitza Bachicabo mendiaren altzoan goititzen da, Arcenako txokorik ederrenean. Haren formak eta neurriak ikusgarri egiten dute.
Abiapuntua Bachicabo (Gaubea)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Mazo haitza Bachicabo mendiaren altzoan goititzen da, Arcenako txokorik ederrenean. Haren formak eta neurriak ikusgarri egiten dute. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

BBachicabo mendiaren hego-mendebaldean goititzen da Mazo haitza, Arcenako lerro nagusitik pitin bat aldenduta. 2014tik, Euskal Herriko mendien katalogoan sartuta dago, eta, azkenaldion, aski bisitatua izaten ari da; izan ere, nolabaiteko entitatea gordetzen du Gaubea udalerriko bazter eder horrek. Talaiara igotzeko, Bachicabo herrian jarriko gara abian, hots, Espejo eta Bergonda herrien artean dagoen herri dotorean. San Martin elizaren aurreko plazan utziko dugu autoa. Plazako gurutzearen ezkerraldetik doan kale nagusitik egingo ditugu lehen urratsak. Bestela esanda, Sobron aldera joateko bidean hasiko gara oinez, bide seinaleak dioen moduan.

Herritik irteteko zorian, Sobronerako bidea utzi, eta eskuinetik doan porlan bideari jaramon egingo diogu. Bide sarda batera helduko gara laster. BTT zirkuituari dagozkion seinale arrastoak alde batera laga eta zuzen jarraituko dugu. Basabidearen ondoan jarritako seinale batek ohartaraziko digu Arcenako mendilerro barrutiko basafruituak, onddoak, landareak eta loreak hartzea debekatuta dagoela. Puerta Haitzeko atakara helduko gara paseo xumea egin ostean. Magaleko estugunea atzean utzi eta metro gutxira, Puerta Haitzeko haitzulo artifiziala ikusiko dugu.

Ibarrarekin bat egingo dugu haitzulotik irten eta berehala. Aurrera jarraituko dugu han, eta errekan gora doan basabide nagusiari men egingo diogu. Goratasuna hartzen hasiko gara, beraz, eta ler gorrien errainuan sartuko. Kareharrizko bloke trinkoak eta konglomeratikoak tartekatzen direla ohartuko gara ziztuan, goratasuna hartu ahala. Sigi-saga egingo du basabideak orduan. Mugarri txiki bat ikusiko dugu bihurgune batean: Mazora doan bidexka da, tontorreraino lagunduko digun zidor aparta. Harri pilaketa xume hori ikusi ezean, ez dugu zertan kezkatu behar; izan ere, Hontanillas iturri-edanlekura iritsi baino 25 metro lehenago ikusiko dugu aipatu desbideratzea. Ezpel alorrean gaindik aurrera pausuak egiten lagunduko digu bidexkak. Mazo haitza altxatzen deneko lepora heldu arte.

Ikuspegi ederra

[aldatu]

Behin lepoan, Mazo haitzaren gaineko ikuspegi ederra bezain liluragarria izango dugu. Ez da gutxiagorako! Gainaldeko postontzira igotzeko zailtasunik izan ez arren, bestelako irudia erakutsiko dute harkaitz lerroak eta amildegi zirraragarriak. Lepoko zelaitik haitzaren oinaldera hurbilduta, tontorra ezkerraldetik inguratzen hasiko gara. Ler gorrien eta ezpelen artetik ibiliko gara kanal xume batera heldu arte. Handik gora gidatuko gaituzte harkaitzean irekitako eskailera mailek. Amildegitik gertu baikabiltza, tentu handiz ibiliko gara han. Zer gerta ere! Behin gainaldean, eskuinera egin eta, ezpelen artetik ibilita, tontorreko postontzira iritsiko gara. Obarenes eta Arcena mendi sonatuek inguratuta izango garela konturatuko gara. Hegoaldean, berriz, Mirandako ordoki zabalak gure atentzio osoa erakarriko du.

Tontorretik behera egiten hasiko gara, poliki-poliki. Gailurretik minutu batera edo, ezpelez beteriko ataka batera heltzean, eskuinera egin dezakegu Mazoko haitzuloa bisitatzeko. Haitzuloa ez da oso handia, baina inguruotan bazka egiten zuten ahuntzak gordetzeko baliatu izan dute. Haitzulotik irten eta tontorreko harkaitza gainditu ondoren, ibarra korritzen duen basabidera irtengo gara berriz. Igoeran egindako bidean behera eginez, Bachicabora iritsi, eta han bukatuko dugu ibilbidea.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua