Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Meategi emankorren arrastoan
Meategi emankorren arrastoan | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Beherea |
Zailtasuna | Oso erraza |
Lekuak | Banka, Latsarrako erreka, Ilarragorriko kaskoa |
Distantzia | 8 km. 2 ordu |
Ingurunea | Aldudeko ibarrean dago Banka. Hango kobre meategien lehendabiziko arrastoak antziarokoak dira, zehazki K.a. 2500. urtekoak. Erromatarrak jo eta su ibili ziren bertan, lurrari etekin handiena atera nahian. |
Abiapuntua | Banka |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
[aldatu]Aldudeko ibarrean dago Banka. Hango kobre meategien lehendabiziko arrastoak antzinarokoak dira, zehazki K.a. 2500. urtekoak. Erromatarrak jo eta su ibili ziren bertan, lurrari etekin handiena atera nahian.
Banka herria Aldudeko ibarrean dago, Nafarroa Behereko bazter gordean. Landaretza oparoak inguratzen ditu parajeok, eta nekez irudika daitezke kobre meategiak abian jarri zituzteneko garaiak. Gaur egun, ordea, sasien arteko pareta hondakinek iragana salatzen dute. Hala, Bankara heldu bezain laster, harrizko eraikin batzuek atentzioa emango digute. Jakin dugunez, Banka herria eta inguruko zenbait herri industria gune garrantzitsuak izan ziren aspaldi. Izan ere, Banka herria XVIII. mendean sortu zen, kobre meategietan zinezko ustiapena gertatu zeneko garai berean.
Baina meatzarien lana ez omen da hain «modernoa», Bankako kobre meategien lehendabiziko arrastoak antzinarokoak dira eta; zehazki K.a. 2500. urtekoak. Erromatarrak jo eta su ibili ziren Aldudekoan lurrari etekin gehiena atera nahian. Ikerlariek aurkitutako materialek argi erakusten dute hori. Kobreaz gainera, urrea eta urre-zilarrarekin nahasirik topatu ohi zituzten lur azpiko harpe sainduetan. Erromatarren ustiapenaren ondoren, kobre meategiak itxi, eta isiltasuna itzuli zen Bankara. Horrelaxe igaro omen ziren hamabost mende, isilean, lur azpiko erraietako ahoa berriz zabaldu zuten arte.
400 laborari jo eta su
[aldatu]XVIII. mendean, ate-joka etorri ziren Aldudekora, beraz. Laurent Beugniere suitzarrak galdategi bat eraikiarazi zuen orduan; tamainari begiratuta, batimendu hagitz handia izan zen. Kanoi eta balen beharra omen zegoen Frantzian, eta lehengaiak eskuratzea premia handikoa zen. Erromatarrek egindako lanari jarraipena ematearen kariaz, aitzindariek topatutako arazo teknikoak gainditu behar izan zituzten. Gero, galeria luzeak bezain sakonak harilkatzea lortu zuten laborari sutsuek. Materialen bereizketa egin eta gero, gurditxoak betetzen zituzten, apurka-apurka; izan ere, eskuko lana izaten zen gehiena, lan gogorra. Hala ere, 120 tona inguru kobre ateratzea lortzen zuten bazter guztietatik gerturatutako langileek. Batez beste, 400 laborari ibili ziren ibarreko bazterrok hondeatzen. Estonagarria, zinez! Mea erretzeko ikatza beharrezkoa baitzen, lur azpiko lana ez ezik, basoko lana ere egiten zuten.
Kobre olak gain behera etorri ziren XVIII. mendearen bukaeran, eta burdinak lortu zuen arrakasta handiagoa. Gauzak hala, eraitsitako kobre olaren gainean burdinola eraikiarazi zuen Jean Baptiste Ricqbour olagizonak. Labe garaia jarri zuen abian, inguruko basoen emankortasuna ikusita. Pozak, ordea, 40 urtez baino ez zuen iraun, laster iritsi baitziren ekoizpenari irteera emateko arazoak. Baita labea egurrez hornitzekoak ere.
Bankako historiaren garrantziaz oharturik, espeleologoak, historialariak eta arkeologoak batera aritu ziren XX. mendearen bukaeran. Artxibo eta arrasto arkeologikoak arakatu ondorengo fruitua Olhaberri izena hartu duen interpretazio zentroan ikus dezakegu.
Gatuliko bazterrak
[aldatu]Herrian sartu gabe, errepide bazterrean utziko dugu autoa. Ibili-ibilian, metro batzuk egingo ditugu Baigorrirantz. Tupustean, burdinazko ate herdoildu baten artetik irtendako haize hotzak atentzioa emango digu: Bankako iraganaren lekukoetako bat, dudarik gabe. Aurrerago, asfaltoa utzi, eta Auza mendi aldera doan bideari ekingo diogu. Gatuli izeneko bidea erreferentziatzat hartuko dugu. Tinda horiko arrastoak gogaide, bidebanatze batera helduko gara. Ezkerreko bidea alboratuta, aurrera joko dugu noranzkoa aldatu gabe. Txalet batera heldutakoan, haren gainetik doan pistari lotu, eta gorantz hartuko dugu. Bidexkak hariztian sartzen lagunduko digu fite. Gero, xendak bat egingo du suabe-suabe doan bide zabal batekin. Eskuinetik jarraituko dugu orduan, eta, desnibelik galdu gabe, bidexka bati oratuko gatzaizkio. Zidorra estua delarik ere, bapo-bapo gidatuko gaitu basoan barrena. Mandabideak Latsarrako errekaren ondoraino lagunduko digu. Segituan, ibarrean gora egiten hasi, eta pago bikainak paisaia ederragotzeko lehian ikusiko ditugu. Alanbre bat igarota, tapiz berdeko bidea lehenetsiko dugu.
Baso sorgindutik irtendakoan, Ilarragorriko kaskora igotzeko aukera izango dugu. Horretarako, ezkerraldera abiatzen den basabideari jaramon eginez, tontorrera iritsiko gara. Baigorriko bazterrez bapo aseta, aurreko desbideratzera itzuli, eta mendebalderantz jarraituko dugu gero, gozo-gozo. Gatuli Behereko baserria Latsarrako errekaren altzoan ikusiko dugu; baita garoz eta otadiz jantzitako Gatuli muino biribila ere. Baserrira jaisten den bidea bazter eginda, lerroari atxikita jarraituko dugu. Minutu batzuen buruan, Gatuli eta Antxola mendien arteko lepora iritsiko gara. Goraxeago, borda bat antzemango dugu. Hara iritsi gabe, ordea, Bankara itzultzeko bidea hartuko dugu. Beraz, sestra kurbari men egiten dion bide asfaltatuari jarraitu, eta berehalakoan Iturrialde Garaia baserriaren ondotik igaroko gara. Bideak behera egingo du han. Gero, bide sarda batean, noranzkoa aldatu gabe jarraitu eta lau bideko elkargune baten aurrean izango gara. Iturrialde Behereko baserrira doan bideari muzin eginda, hurbil-hurbil ikusiko dugun etxola batera hurreratuko gara.
Basabide garbienetik ibili ordez, pitin bat beherago doan xendatik asmatuko dugu. Hala, galtzada zaharrari jarraituta, Marieihera baserrira helduko gara. Eskuinetik segituta, Bankaraino doan pistara irtengo gara.