Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Mello mendia, itsasoari begira
Mello mendia, itsasoari begira | |
---|---|
Herrialdea | Bizkaia |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Muskiz, Rigada, Mello, La Corbera |
Distantzia | 11,5 km. 3 ordu. |
Ingurunea | Bizkaia eta Kantabria arteko itsasaldeko mugan dago Mello, sekulako ikuspegiak eskaintzen dituen mendi humanizatua. |
Abiapuntua | Las Acacias autobus geltokia (Muskiz) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Bizkaia eta Kantabria arteko itsasaldeko mugan dago Mello, sekulako ikuspegiak eskaintzen dituen mendi humanizatua. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Itsasaldeko mendia da Mello (629 metro), eta Bizkaia eta Kantabria arteko mugan dago. Mendi enblematikoa da, gainera, Meatzaldeko Muskiz herriko biztanleentzat. Euskal Herriko mendi nagusietan egin ohi den bezala, abenduaren 31n ehunka herritarrek erromes egin ohi dute haren gailurrera Urtezaharrari agur esatera. Azkenengo bost urteetan ere, Mello saria izeneko mendi lasterketan parte hartzen dute, bai herrikoek eta bai kanpokoek. Aurten, Euskal-Herriko Mendi Lasterketen Kopan puntuagarria izanik, apirilaren 24an egingo da, eta parte hartu nahi dutenek 23,6 kilometrotan zehar korrika ibili beharko dute ,eta 2.600 metroko desnibela gainditu. Herriko mendi taldeak ere izen bera du, Mello Mendi Taldea.
Mello mendia igotzeko, hiru abiapuntu dira ezagunenak. Galdames herriko Montellano auzoa, Las Muñecas mendatea eta Muskiz herria. Ibilbiderik gogorrena Muskizkoa da. Mendia oso garaia izan ez arren, ia itsas mailatik abiatu behar denez, desnibela ez da txantxetakoa, batez ere zenbait gunetan. Mellok eskaintzen dituen ikuspegiak sekulakoak diren arren, metro karratu bat ere ez da geratu baso ustiaketatik libre. Ondorioz, mendiaren magalak pista-labirintoa dirudi. Eta ez galtzeko, Bizkaiko biraren GR- 123aren marka gorri eta zuriei jarraituko diegu ia gailurreraino.
Gailurrerantz
[aldatu]Las Acacias eta Autonomia kaleen elkargunean dagoen autobus geltokian (Bizkaibus A3340 Bilbo-Muskiz) hasi behar dugu ibilaldia. La Caseria auzoan sartu, eta eskuinera joko dugu, Mello bidea ezkerrean utziz. Elkarri atxikiriko etxeen atzetik ibili ondoren, La Rabuda auzoan 6-7-8 zenbakietara igo behar da. Kale argiaren zutoinean aurkituko dugu GRaren lehen marka. Metro batzuk aurrerago, kalea utzi eta eskuinera okertu behar da, oilategi baten aldamenean eukalipto basoan sartzen den bidezidor pikoan gora. Ehun bat metro aurrerako bihurgune hertsian, eskuinerantz (iparraldera) okertu behar dugu, gainontzeko pistei jaramonik egin gabe. Pistak zuzen egiten du Posadero (355 metro) tontortxoaren iparraldeko magala osoa zeharkatuz. Aldapa sekulakoa da kilometro luzean zehar; mantsoago ibiltzea eta, aldi berean, pentsamenduak askatzea dira sufrimendua arintzeko neurri bakarrak. Tarteka, eukalipto zuhaitz artean, itsasalderako ikuspegiak ere laguntzen du.
Magalarren bukaeran beste pista batekin bat egin eta hegoaldera aldatu behar da. Bihurgunean GR marka dagoen arren, erreferentzia puntu nagusia argindarra garraiatzeko kable erraldoiak dira, gure norabide berean Mello gailurraren ondotik pasatzen baitira. Hurrengo kilometroan ia aldaparik ez dago, Poza tontorra ekialdetik inguratu bitartean. Aterpetxo baten ondotik ere pasatuko gara. Azkenik, bidegurutze zabal batean seinale zutoinak adieraziko digu Mellora doan GRaren bidea, hegoalderantz alegia.
Pista bukaezina ematen du sigi-sagaka gainditzen baitu magala, oraingoan pinu artean. La Rigada gunean, hurrengo seinaleak bi aukera eskaintzen dizkigu. Oraingoan GR bidea utzi eta eskuinekoari ekingo diogu, berriz ere sigi-sagaka. Aldiz, bigarren bihurgunearen ondoren, bada aukera martxa mota hau eten eta zaldi-bidexka bati jarraikiz zuzenean tontorreraino heltzeko. Tontorreko ikuspegiak sekulakoak dira: Kantabriako itsasertza eta kostaldeko mendiak, Enkarterriak eta Bilbo Handia.
Muskizerantz
[aldatu]Jaitsiera hego-ekialderantz hasi behar da, eskuineko bideari jarraikiz aldats pikoan behera, Llangon (572 m) eta Mello arteko leporaino. Bidegurutzean ezkerrera okertu behar da GR 123aren markei jarraikiz La Rigadako bidegurutzeraino heldu arte. Igotako bidetik ez jaisteko, eskuinerantz okertuko dugu eta laster sigi-sagaka hasiko gara, baso-ustiaketarako kamioentzat moldatu den pistan behera. Zoriz, basoan zehar zuzen jaisteko aukerak izango ditugu.
La Corberaren lepoan, pinu basoa eukalipto baso bihurtzen den bezala, hartxintxar bidea hormigoizko bide bihurtzen da. La Corberara (358 m) igo nahi ez badugu, 200 metro aurrerako hormigoizko bide hori utzi, eta ezkerrera egin behar dugu, Mello bidearen aldapa pikoan behera abiapuntuko autobus geltokiraino. Petronor findegiaren ikuspegiak sekulakoak dira. Ingurune industrializatu horretan, miresgarria da herritar asko oraindik ardigintzan aritzea fabrikaren ondoko mazela malkartsu hauetan.