Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Mendi misteriotsuetan barrena

Wikibookstik
Mendi misteriotsuetan barrena
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Bizkaia
Zailtasuna Erraza
Lekuak Bedartzandi, Urregarai, Santa Eufemiako Zelaixe
Distantzia 3,7 km. Ordu 1 eta 30 mn.
Ingurunea Bizkaiko Bedartzandi eta Urregarai mendiak misterioz beteta daude. Diotenez, pasaia horretan Tartalo eta jentilak bizi izan ziren, eta baita Mari bera ere. Itzuli polita egin daiteke Santa Eufemiako zelaitik abiatuta.
Abiapuntua Santa Eufemiako Zelaixe (Markina-Xemein)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Bizkaiko Bedartzandi eta Urregarai mendiak misterioz beteta daude. Diotenez, pasaia horretan Tartalo eta jentilak bizi izan ziren, eta baita Mari bera ere. Itzuli polita egin daiteke Santa Eufemiako zelaitik abiatuta. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Aulesti eta Markina-Xemein artean (Bizkaia), kare haitzezko mendigune malkartsua altxatzen da. Mendigune horrek Lea eta Artibai ibaien arroak bata bestetik bereizten ditu, lehendabizikoa Lekeitiora bideratuz, eta bigarrena Ondarroara. Gailurrik garaienak Urregarai edo Igotz (704 m) eta Bedartzandi (701 m) dira. Mendigune horrek badu, gainera, misterio giroa, Urregarai tontorrean eraikitako Santa Eufemiako baseliza Euskal Herriko erromesgune garrantzitsuenetakoa baita. Baina hori baino lehenago, paisaia patartsu horretan Tartalo eta jentilak bizi izan ziren, eta Mari bera ere handik ibilitakoa da.

Urregarai (704 m)

[aldatu]

Santa Eufemiako zelaia (560 m) deitzen dioten bi tontorren arteko lepoan hasiko dugu ibilaldia. Hara auto errepidea heltzen da, Markina eta Aulesti arteko Lekoitz gainetik abiatuta. Atxagarai aterpetxearen atzealdetik hasten den bidea, pinu artean lehendabizi eta altzifre artean geroago, esemeseka doa zelai zabal bateraino. Bihurgune horietako batean, aurrez aurre ikusiko dugu tontorraren hormatzar bertikala, larritzeko modukoa. Baina, lasai, igoera hori baino aise errazagoa da. Zelaitik bertatik, gailurra eta Santa Eufemiako baseliza ikus ditzakegu, eta baita haraino eramango gaituzten 223 eskailera mailak ere. Horietan gora egin izan dute urte eta mendeetan milaka erromesek irailaren 16an, batzuetan euritan eta besteetan eguzki-galda beroaren azpian, gerrian argizaria lotuta, horrela gerriko eta mokorreko minak arinduko zitzaizkien fedearekin. Beste asko, ordea, jai girora etorri izan dira, baita tratuak ixtera ere. Ezkongaialdi asko hementxe uztartu izan dira.

Antzinako jentilek ere ikusmira pribilegiatua zuten talaia horretatik. Joxemiel Barandiaranek jasotakoaren arabera, jentilek mendi horretako harrobi bat ustiatzen omen zuten. Anton Erkoreka historialariak jasotako kondairak dio jentilek tontorretik harriak habailaz jaurtiki zituztela Xemeingo eliza eraikitzeko. Potxilluan jolasteko ere egundoko harritzarrak jaurtitzen omen zituzten Beñepena mendiko Jentillen Potxillue izeneko leizera.

Baina jentilak ez ziren mendi horietan bizi ziren gizon handi bakarrak. Honela dio Willian Rollo eskoziarrak 1925ean Markinako euskararen inguruko ikerketan jasotako ipuin batek: «Marrkineko lurraldien bisi san gison bat, gison-jallie, Alarabie esatejakona. Anka-bakarra ta begi-bakarra san, eurixe sanien bere onas estaltxen san. Arrtsane ta arrtaldi aundixan jabe san. Kobau baten bisi san eta kobauan atetsat arri aundi bat euken». Markinako jaietan, gaur egun oraindik ohitura dago Alarabiaren irudi bat urtero erretzeko.

Bedartzandi (701 m)

[aldatu]

Santa Eufemiako zelaiaren bueltan, aisiarako gune osoa zeharkatu behar da ekialderantz, Bedartzandi mendirantz abiatzeko. Lepoa zeharkatu, eta bidea Markinarantz jaisten hasten den unean, etxe baten azpian ezkerrera hartu behar da, Bedartzandi mendiaren gandorreraino heltzeko. Behera doan bidean, Larrus baserria ikus daiteke. Haren ikusgai da oraindik antzinako elur zuloa. Gailur lerroari jarraikiz mendebaldeko norabidean, zeharkaldia egin behar da tontorreraino, itsasaldeko ikusmira alde batera eta barnealdeko mendien ikuspegia beste aldera behin eta berriz dastatuaz. Zeharkaldi entretenigarria da, gandorraren ikuspegiagatik eta bidea norberak egin behar duelako, betiere gailur lerroa utzi gabe, ez alde batera, ez bestera.

Gandorraren eskuinaldera (iparraldera), Gabaro izeneko goi ordoki karstikoa ikus daiteke, artadiz estalita. Barrunbe interesgarri bat ere bada bertan, Anbotoko Mariren ezkutu lekua ere badena. Elezahar batek dioenez, neska artzain gaztea kobazulora hurbildu, eta Marik bahitu egin zuen. Urteak eman zituen neska gajoak Marirentzat joste lanetan, eta ez zen sekula kanpora irten. Behin, ihes egiteko aukera eman zion, baina neskak ez zuen nahi izan. Marik ikatz zatia eman, eta atera egin zuen neskatoa. Esku artean zuena urregorri bihurtu zitzaion orduan.

Tontorrera heldu aurretik, lepo txiki batetik pasatuko gara. Hor, gailur lerroaren bideak bat egiten du aisiarako gunetik zuzenean datorren bidearekin. Bide hori margo horiz markatuta dago, jaitsierako bidean ez galtzeko. Gailurrera heltzeko, hamar bat minutu baino ez dira geratzen. Handik ondo bereiz daitezke Urregarai tontorraren kare haitzeko gandor ia bertikala eta, irudimen pixka batekin, jentilak dantzan.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua