Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Mioñoko zamalanen tokia
Mioñoko zamalanen tokia | |
---|---|
Herrialdea | Kantabria |
Zailtasuna | Oso erraza |
Lekuak | Mioño |
Distantzia | 6 km. 2 ordu. |
Ingurunea | Industrializazioaren ikur izandakoak seinaleak egin ditu itsasoa igarotzeko. Haren hezurdurak alerta jo du jada, duen balio historikoa galdu ez dadin. |
Abiapuntua | Mioño (Castro Urdiales) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Industrializazioaren ikur izandakoak seinaleak egin ditu itsasoa igarotzeko. Haren hezurdurak alerta jo du jada, duen balio historikoa galdu ez dadin. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Dicidoko kargategiaren aspaldiko hezurdurak kostaldeko ezpondari lotuta jarraitzen du; nonbait, tinko-tinko. Baina ez da hala: burdinazko artelana kinka larrian dago, larri zaurituta. Kantauriko itsasbazterrean ikus daitekeen zamalanetarako azken toki historikoa da; izan ere, zubiak eta hegalak altxarazteko erabili ohi zen teknika bertsua baliatu zuten Mioñokoari itxura emateko. Interes arkitektonikoaz jabetuta, bisitari ugari hartzen ditu egitura metaliko horrek. Magal misteriotsuraino saldoka eta trumilka hurreratzen dira oinezkoak; izan ere, Mioñotik egokitu duten bidea erabat laua da, eta aurrendaria izandakoa ederresteko parada bikaina ematen du.
Azken mohikanoen antzera, desagertzeko arriskuan dago Mioñokoa. Industrializazioaren ikur izandakoa gain behera joan da gaurko egunean. Alerta gorria jo delarik, zirt edo zart egin beharra dago, XX. mendeko zamatzeko tokia salbatu ahal izateko. Ondorio larriak bistan dira: serio demonio ez bazaio aferari heltzen, behialako burdinak itsasoa hartuko du, eta urratsak egingo ditu barrualdera. Itzuli ezinezko itsasketa aparta, alegia. Garai batean gogoeta egin zen hezurduraren zerizanaz, eta, azkenik, Kantabriako (Espainia) kultur interesgune izendatu zuten.
Paradoxikoa bada ere, burdinazko besoak negar ugariak isurtzen ditu gaurko egunean; hil hurren dago. Kargategiraino doan bidea itxita dago ibiltarientzat, luiziak direla-eta oso arriskutsua baita hurreratzea. Tunelak, ordea, hantxe daude oraindik, galeria misteriotsuen moldean.
Ibilbidean ikusiko dugun burdinazko hegala paraje horretan izandako hirugarren egitura da. Lehena, itsasoa harrotu zen batean, behera etorri zen; bigarrena 36ko gerraren garaiko leherketen ondorioz suntsitu zen. Bizkaiko Labe Garaietako bultzatzaileek gaur egungoa eraikitzeko desira agertu zuten 1938an. Hamarkada batzuk geroago, ordea, betiko abandonatu zuten, ez zuelako etekinik ematen.
Kargategiaren bidea
[aldatu]Mioño herrian (Kantabria, Espainia) hasiko gara urratsak egiten, kostaldean iltzatuta dagoen aspaldiko burdinazko egitura ikusteko xedez. Bertaratzeko, Bizkaiko herrialdea atzean utzi, eta 145. irteera hartuko dugu, Mioño-Santulanera doana. Herrira heldutakoan, udaletxearen ondoko aparkalekuan utziko dugu autoa. Cabrera ibaia zeharkatu, eta Arrieras parkean aurrera egingo dugu. Mioñoko hondartza aldera joko dugu, bide seinaleei jarraituta, baina oinezkoentzat egokituta dagoen pasealekua baliatuz.
Ereinotz hostotsuak, arte ederrak eta sahats tximadunak gogaide, Dicidoko hondartzara helduko gara. Ibaia gurutzatuko dugu hondartza parez pare dugula, eta, Gerencia hipikatik igarota, eskuinera jo, eta kostalde paretik doan bide zabaletik jarraituko dugu. Mioñoko ama birjinaren haitzuloaren aurretik igaroko gara bizkor. La Encina jatetxera iritsita, gora doan porlan bideari ekingo diogu, arteek eta ereinotzek lagunduta. Basotik irtendakoan, belardia zeharkatu eta amildegia eskuinaldean uzten duen bidexkari men eginez, tontortxora helduko gara. Gero, Castro Urdiales herriko Arcisero parke zabalera jaitsiko gara, betiere xenda nagusiari jaramon eginez. Pocillo Los Frailes kala harritsutik ikuspegi ederrak izango ditugu Castroko badiaren gainean.
Parketik atzerako pausoak egingo ditugu segidan, eta La Encina askaltegira itzuliko gara. Jatetxe horretan, ezkerrera egin, eta Kargalekuaren Pasealeku Berdetik jarraituko dugu. Lantegi zaharrari dagokion harrizko egitura zaharra atzean utzi, eta, berehala, Dicidoko zamalanen toki zaharrera doan oinezkoentzako ibilbidearekin bat egingo dugu. Argibide seinaleek lagunduta, atsedenlekura helduko gara. Hor amaitzen da ibilbidea, itxita baitago burdinazko egituraraino bertaraino iristeko bidea.