Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Mirugain: auziaren mendia
Mirugain: auziaren mendia | |
---|---|
Herrialdea | Bizkaia |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Otxandio, Astakurutz, Gomilaz, Mirugain, Albina urtegia, Marixeka baseliza |
Distantzia | 15 km 4 ordu eta 15 mn. |
Ingurunea | Otxandioko plaza nagusitik abiatu, eta pagadiz estalitako bidezidor xarmant eta magikoak dauzka ibilbideak. |
Abiapuntua | Otxandio |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Otxandioko plaza nagusitik abiatu, eta pagadiz estalitako bidezidor xarmant eta magikoak dauzka ibilbideak. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Otxandiarrek XV. mendeaz geroztik beren auzokideak diren aramaioarrekin duten muga gatazka historikoa gaurdaino iritsi da. Oso zaila da ziurtatzea nongoa zen jatorriz Otxandio eta Oleta (Araba) artean dagoen 500 hektareako lurralde hori. Otxandiarrek irailaren hirugarren igandean ibilaldia egin ohi dute lur sail horren jabetza aldarrikatzeko. Ibilaldi horren zatirik politenetakoan zehar ibiltzea da proposamena; alegia, Mirugain izeneko gailurraren gandorrean zehar pagadiz estalitako bidezidor xarmant eta magikoa zapaltzea.
Albina (592 metro) eta Urrunaga (547 metro) urtegien artean, gailur lerro txikia gailentzen da Araba eta Bizkaia arteko mugan. Garaierarik handiena 734 metrokoa bada ere, gailur guztiak pagadiz eta hariztiz estaliak daude, haizetik eta eguzkitik babesean. Euskaldunon artean paraje hau ezaguna ez den arren, orain dela 300 urtez geroztik, otxandiarrek irailaren hirugarren igandean egin ohi dute urtero ibilaldia (PR-BI-50) beren udalerria mugatzen duten zedarriak inguratuz. Bere giza ?eta lurralde? nortasuna berresteko balio duen jaialdi horrek basabisita izena du. Jatorria XV. mendean sorturiko muga gatazka bat da, Otxandio (Bizkaia) eta Aramaio (Araba) artean dagoen 500 hektareako Limitadua izeneko lurraldean. Kondairak dioenez, errieta hori konpontzeko zera adostu zuten orduan: goizean goiz, oilarrak esnatzean, aramaioar bat eta otxandiar bat bata bestearen herrirantz abiatuko zen, eta elkartzen ziren tokian jarriko zuten bi udalerrien arteko muga. Aramaioarrek kandelak jarri omen zituzten oilarraren ondoan, eta honek, eguzkia zelakoan, goizago egin omen zuen kantu. Abantaila horrekin, arabarrek eskuratu zuten lurraldearen zatirik handiena. Liskar hori ez da gaur egun oraindik konpondu, eta auzitan jarraitzen omen du.
Astakurutz eta San Bernabe
[aldatu]Ibilaldiaren abiapuntua Otxandioko Plaza Nagusia da. Kultur etxearen ondotik Mainerrota kalean metro batzuk aurrera egin, eta, Iturrizar ibilbidearekin bat egitean, ezkerretara okertu behar dugu, Olaeta ibaia zeharkatu eta haren ondotik ibilita BI-623 errepidearen azpitik pasatu arte. Otxandiarren aisialdirako eremu da Iturrizar: basoaren eta ibaiaren soinuekin lasaitzeko gunea. Ibilbidearen bukaeraraino jarraitu behar dugu lehendabiziko aldapari ekin ahal izateko. Sekulakoa da aldapa, baina, lasai hartuz gero, ia ohartu gabe Astakurutz mendiaren (672 metro) tontorrera helduko gara. Ikuspegirik ez dago, pagadiak guztia estaltzen baitu. Bide nagusia eskuinera utzi, eta gailurrean gora egiten duen xendra estua hartuko dugu San Bernabe (720 metro) gailurrera igotzeko ?hego-mendebalderantz?. Gerra zibilean suntsituriko baselizaren arrastoen ondotik pasatu ondoren, hegoaldera jaitsi behar da zuhaitz artean, bidea norberak eginez, mendi bidearekin bat egin arte. Gailurrei jarraikiz eramango gaitu horrek, eta hego-mendebaldeko norabideari eutsiz Urrunaga lakuraino. Gomilaz jatetxea aitzakia polita da hala nahi duenak hamarretakoa egiteko, Mirugain mendira igo aurretik.
Mirugain tontorrera bidean
[aldatu]Errepidea zeharkatu, eta zubiaren beste aldean hasten da Mirugainera igotzeko mendi bidea (PR-BI-50). Hasieran, malkartsua da, iparraldeko magala gainditu eta gailur lerrora heldu arte. Ondoren xendra goraka doan arren, aldapa motelagoa da, eta baita ederragoa ere. Pagadia gailentzen da goialdeko gainazal osoan. Haritzek eta gorosti bakarti batzuek osatzen dute paraje sorgintzaile hau. Alanbre hesi batek banatzen ditu Otxandioko eta Legutioko lurrak. Errazagoa da Araba aldetik ibiltzea. Aldiz, gailurreko txartel ontzia Otxandioko aldean dago, hura ere pagoen itzalpean.
Ondoan bat egiten dute hiru ibilbidek: GR-282 (Artzaintza naturbidea), GR-38 (Ardoaren eta Arrainaren ibilbidea) eta PR-BI-50 (Basabisita). Guk norabide berari jarraituko diogu gailurretan zehar, GR-38 ibilbidearen marka zuri eta gorriak lagun ditugula, Albina urtegiraino jaitsi arte.
Basotik, Albina urtegira
[aldatu]A-2620 errepidea zeharkatu eta basoan barrena jarraituko dugu ur ertzeraino. Ikuspegia irekiagoa eta freskagarriagoa izango dugu tarte batez. Ur ertzean iparralderantz ?ezkerrerantz? ibiltzen saiatuko gara; ahal den neurrian, noski. Udaberrian, urtegia bete-bete dagoela, zailagoa da, baina basoan barrena bada bidezidor bat. Urtegiaren bukaeran, berriz ezkerrera desbideratuko gara, basoan barrena sartu eta errepidearekin bat egiteko. Marixeka baseliza eta aterpearen eskuinetik asfaltozko errepideari jarraikiz, betiere Mirugain gailurraren aldamenetik, lau kilometro ibili behar dugu Otxandiora heldu eta ibilbidea bukatzeko. Azken kilometroa GR-38 bidezidorrean barrena egin daiteke, asfaltoa ezkerrean utzita.