Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Moredako olibadiaren konkista

Wikibookstik
Moredako olibadiaren konkista
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Oion, Moreda, Santa Eufemia ur-jauzia
Distantzia 11,5 km. 3 odu.
Ingurunea Moredan olibondoak nagusitu ziren aspaldi, eta, nonbait, bizilagunen bihotza bahitu zuten betiko. Bazterrak miatuko ditugu orain olibadiaren errainua bertatik bertara ezagutzeko asmoz.
Abiapuntua Oion
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Moredako olibadia.[1]

Datu jakingariak

[aldatu]

Joan den martxoan, Moreda herriak (Arabako Errioxa) ondo baino hobeto ospatu zuen oliba olioaren lehen jaia. Era horretako jardueretan legez, bisitariek ekintza oparoez gozatzeko abagunea izan zuten: oliba eiheraren bisitak, uzta berriaren aurkezpena eta olibadia ezagutzeko irteera gidatuak, besteak beste. Osagai egokiak, beraz, kalea jendez mukuru betetzeko. Antolatzaileek ez dute honezkero zalantza izpirik: «Datorren urtean bigarren jaia ospatuko dugu produktuaren garapen egokia aldarrikatzeko». Izan ere, behinola Errioxako erliebe gorabeheratsuan olibadia jaun eta jabe izan zen, herri bakoitzak berezko errota zuela.

Olibondoen gainbehera, ordea, 1950eko hamarkadan etorri zen, hots, nekazariek laboreei lehentasuna eman ziotenean. Lursailetatik 50.000 olibondo inguru atera eta ordezkatu zituzten orduan. Eta hori guztia gutxi izan balitz bezala, mahastiari emandako bultzadak kaltea besterik ez zion ekarri labore historikoari. Prestatu dugun ibilbideari jarraituz, esaterako, hiru laboreon (zereala, mahastia eta olibadia) lehia isila ezagutzeko parada izango dugu.

Olibadiaren berreskuratzea mende honetan hasi zen, gogo biziz bederen. Olibondoak erbestetik itzuli ondoren, Arabako Errioxan gelditzekoak direla dirudi. Gaur egun, Moredan ez ezik, Ekoran, Oionen eta Lantziegon ere oliba eiherak daude, eta horietako batzuk bisita daitezke. Moredan, gainera, azken urteotako lanaren eginahala ez da edonolakoa: uztaren kalitateari dagokionez, adituen harridura ekarri du. Ez da harritzekoa, bizilagunek olibaren kosmosarekiko lotura hertsia erakutsi baitute betidanik.

Ibilbidea

[aldatu]

Oiondik Moredara

[aldatu]

Moredako olibondoak ezagutzeko asmoz, Oiongo Plaza Nagusian hasiko gara ibili-ibilian. Elizari bizkarra emanez, ekialderako urratsak egiten hasi ondoren, ezkerrera joko dugu bidegurutzean. Segidan, Vianako etorbideari jarraiki, Moredarako noranzkoari jaramon egingo diogu. Bihurguneraino besterik ez. Errepidetik aterako gara orduan, eta, gasbidea baliatuta, Vianako hiribildurantz zuzenduko gara. Aurrez aurre dugun lepora iritsi baino lehen, lau bideko elkargunera iritsiko gara. Vianarako bidea uzteko unea da, baita ezkerrera egin eta harbidean gora egitekoa ere. Almendrondoak eta olibondoak gogaide, lepotxora helduko gara. Bertan den etxolaren eskuinetik hartu, eta terrazan gaindi Moredaraino segituko dugu.

Moredako plazan Labrazarako errepideari ekingo diogu. Aldapari aurre eginez eta ezkerretik doan Santa Eufemia kaleari ekinez, baratzeetatik hurbil-hurbil jarraituko dugu, Santa Eufemiako ur-jauzira iritsi arte. Ureztatzeko sistema bitxia osatzen du ur-emariak. Ur-jauzia euria goian-behean egiten duenean ikusiko dugu. Ondoren, bidean gora jarraituko dugu, eta, malda amaitu gabe, eskuineko bidea lehenetsiko dugu Santa Eufemiako ibarrean sartzeko asmoz. Mahatsondoak, galsoroak, olibondoak eta arbendolak han eta hemen barreiatuta ikusiko ditugu. Ezkerreko mazela arbendolek hartua dela ikustean, ezkerrera jo eta Gorrebustoko errepidera irtengo gara. Errepidea gurutzatu, eta behera egiten duen basabideari ekingo diogu. Errekasto gainetik igaro bezain pronto, ehun urte baino gehiago dituzten olibondoak ikusteko parada ezin hobea dugu.

Moreda eta Oion arteko mugan barna

[aldatu]

Bide nagusiari jaramon eginda, mendi bizkarrera igo eta Oiongo mugarekin topo egingo dugu. Ezkerrera jo ondoren, hegiz hegi jarraituko dugu. Bide ondoan etxola koniko batek atentzioa emango digu, baita Oiongo mahastiek duten ureztatze sistema automatikoak ere.

Laster batean, bidebanatze batera iritsiko gara. Noranzkoari men egite aldera, bizkarrari ongi atxikita jarraituko dugu. Harik eta talaiatik goratasuna galtzen hasi arte. Orduan, Oiongo eliza dotorea begiztatuko dugu aurrean. Kale Laburretik igaro eta Plaza Nagusira iritsita, ibilbide honi amaiera jarriko diogu.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua