Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Mostatxako elurzuloa

Wikibookstik
Mostatxako elurzuloa
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Laudio, Gardea auzoa, Beldui, Pagolar, Mostatxa, Larrazabal, San Joan Astobitzako
Distantzia 12,5 km. 3 ordu eta 15 mn.
Ingurunea Laudio ibarrak aspaldiko elurzulo bat gordetzen du Pagolarreko hegaletan. Huraxa ezagutzera abiatuko gara Gardea auzotik.
Abiapuntua Gardea auzoa (Laudio)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Laudio ibarrak aspaldiko elurzulo bat gordetzen du Pagolarreko hegaletan. Sakonunea berriki egokitua izan baita, huraxe ezagutzeko asmoz abiatuko gara Gardea auzotik. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Elurzuloak han eta hemen barreiaturik daude Euskal Herrian. Batzuk herrietan egokitutako etxola sinpleak izaten ziren, menditik ekarritako elur preziatua bertantxe metatzeko egokituak. Hala nola Gasteizko harresiaren ondoan oraintsu aurkitua izan dena eta Arabako Errioxan existitu direnak. Beste batzuk, ordea, mendian zeuden eta sakonunetan nahiz arrakaletan modu naturalean pilatzen zuten urre zuria. Laudioko ibarrean, gutxienez, mota horretako elurzulo bi zeuden: bata San Antonio baselizatik gertu, Kamarakako mendebaldeko hegalean; Pagolarreko mazelan, bestea. Behiala, sendagai gisa eta limonadak (upel-limonadak, hain justu) prestatzeko ezinbesteko osagai zuten elur izoztua. Aski preziatua zen, hortaz, harik eta hotz artifiziala nagusitu zen arte. Gardea auzoaren gainean Mostatxako elurzuloa ezaguna da. Oraintsu egokitu dute ibiltarien jakin-mina eta interesa elikatzeko xedez.

Elurzuloaren bila

[aldatu]

Mostatxako elurzulorako ibilbidea Gardea auzoko (Laudio, Araba) elizaren aurrean hasiko dugu. Lehen metroak Laudio aldera egingo ditugu. Bi minutu igaro ondoren, Beldui eta Zumeltza bidea ezkerraldean ikusiko dugu. Basabide asfaltatua da, eta hari segituko diogu Mostatxako hegaletan sartzeko asmoz. Garai inguruan, bidea porlanez jantzi, eta pinudian barrena segituko dugu. Aldats pikoei aurre eginda, Beldui baserrira iritsiko gara azkenik. Ez da huraxe nolanahiko baserria, txakolinaren produkzio eta kalitatean aski ezaguna baita Laudioko ibarrean. Nagusiari baimena eskatuz, baserri parean ezkerrera egingo dugu. Pabiloiaren eretzetik igarota, pinudiaren atarian dagoen burdinazko ate herdoildu baterantz urratsak egingo ditugu.

Eskuinera egingo dugu langa zaharrean. Goraxeago, haatik, ezkerrera hartu, eta pinudiaren konpainian jarraituko dugu. Koniferoen errainuan hamar minutu eman ondoren, lau bideko elkargunera iritsiko gara. Eskuinera joko dugu bertan, hots, mazelan atzera eta goraka jarraituko dugu. Segidan etxola zahar baten ondoraino lagunduko digu basabide harritsuak. Berehalakoan pinuak atzean utziko ditugu. Koniferoen ordez, urkiak, haritz amerikarrak eta izeiak ditugu. Bidea makurtzean, Mostatxako elurzuloa aurrez aurre dugu. Zuloa egurrezko zutoinez inguraturik dago, eta propio jarritako argibide taula batean elurzuloei buruzko xehetasunak irakur ditzakegu.

Elurzuloaren ondoko basabidean ezkerrera egingo dugu. Pista egokitu berria da, eta Mostatxako bizkarreraino eramango gaitu. Bihurgunea itxian, basabidea utzi eta eskuinetik doan bidetik gora eta gora egingo dugu, harik eta Mostatxako gurutzera iritsi arte. Ikuspegiak, zinez, itzelak: Laudioko ibarra eta haren inguruan altxatzen diren mendiguneak bistan ditugu. Ganekogorta eta Larragorri ingurukoak, akaso, nabarmenak.

Ikuspegiaz bapo aseta, urratsak mendebaldera egiteari eutsiko diogu. Beraz, gandorrean barrena doan bidexkari jarraituko diogu. Oliobidea zeharkatuta, hegiz hegi segitu eta, Bizkarra izeneko tontorretik pasatu ondoren, Pagonabarra tontorrera iritsiko gara. Mendiko postontzia eta erpin geodesikoa gailurra zapaltzen duen hedagailuaren atzealdeko gandortxoan daude.

Larrazabal auzoa

[aldatu]

Porlanez jantzita ageri da anteraino doan zerbitzurako bidea. Hura baliatuko dugu ibarrera jaisteko. Horiek horrela, Atxiriturri edanleku ondotik igaroko gara behera egiten hasi eta berehala. Larrazabalgo baserrietara iritsiko gara uste baino arinago: Goiasko, Bekoetxe eta Rebis baserriak atzean utzita, hariztiak ongi babestua duen Basozabal baserri zaharrera iritsiko gara. Beherago, San Joan Astobitzako baseliza eta atseden lekua ikusiko ditugu Mastutxu errekastoaren altzoan. Errepidea bazter egin gabe, Landaluze auzoan aurrera egingo dugu. Zumalakarregiko etorbidearekin bat egitean, eskuinera jo eta merkataritza gunearen aurreko biribilgunea igarota, Gardeara iritsiko gara.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua