Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Munhogain eta Nethe, Hoztatik

Wikibookstik
Munhogain eta Nethe, Hoztatik
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Beherea
Zailtasuna Erraza
Lekuak Hozta, Nethe, Munhogain
Distantzia 11,2 k. 3 ordu.
Ingurunea Arbaila inguruko mendietan dauden bi izurdura txiki horiek elkarrekin lotzeko, paseo lasaigarri bat egingo dugu, Hoztan eta haren ingurumarian gailen den paraje berdean barrena.
Abiapuntua Hozta
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Arbaila inguruko mendietan dauden bi izurdura txiki horiek elkarrekin lotzeko, paseo lasaigarri bat egingo dugu, Hoztan eta haren ingurumarian gailen den paraje berdean barrena. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Herritxo polit txukun bat da Hozta, eta Arbaila mendigunearen iparraldeko magalean dago, txoko berde baketsu batean ezkutatua, larre jorien eta etxetzar zurien artean; ardiek bakarrik urratzen dute hango patxada lasaia, beren zintzarriekin, joan-etorrian. Herriko plazako frontoian dagoen panelean adierazita dagoenez, Hoztako jauntxoen jauregiaren mendekoa da herria; horietako bat da Arnauld Sanz, zeina nabarmena baita Nafarroako erregearen zerbitzari aritu zelako hark Normandiara egindako bidaia batean, 1393. urtean.

Plazako frontoitik hasiko dugu gure ibilaldia, Munhogainerantz eta Netherantz. Kalebide zabalean behera jo, eta eskuinera egingo dugu; azkeneko baserriaren ondotik pasatutakoan, lurrezko bidean aurrera segituko dugu, eta asfaltozko errepideraino iritsiko gara. Lehenengo zatia leuna da; gorantz egingo dugu ezarian, eta harrizko gurutze baten aurretik pasatuko gara; handik ehun bat metro aurrerago, bitan banatuko da bidea, eta ezkerretik doan adarretik eginda bidegurutze bateraino iritsiko gara; han, ezkerreko bide harritsutik joko dugu, eta mendi magalean gora segituko.

Nethe, bazterretik

[aldatu]

Hala, mazelaren ezkerreko aldetik joko dugu, eta diagonalean zeharkatuko, Hozta gainetik. Aurreraxeago, ur ndel baten ondotik pasatuko gara, eta handik ekingo diogu Nethe azpitik doan ibarbideari; hara iritsi aurretik, eskuinera egingo dugu, eta, goraxeago, ezkerrera, eta beste ur andel baten aurretik pasatuko gara.

Bide horrexetatik segituko dugu gorantz, eta Netheko ekialdeko mazela zeharkatuko dugu, eta toki ikusgarri batera iritsiko gara: Donaixti ibarraren ikusmira zoragarria dago handik. Ikusmira ederreko ibilbide horretan barrena, Netheko magalaren gainean zirriborraturiko bihurgunera iritsiko gara. Pagadi bat gurutzatuko dugu, eta pare bat iturriren ondotik pasatuko gara; azkenean, Netheko gailurraren atzeko aldean dagoen tontorreraino igoko gara ?ur andel izugarri bat aurkituko dugu han?.

Netheren iparraldeko magalaren azpi-azpian egongo gara orduan, eta belaze konkortsu bat izango dugu aurrez aurre; hortik barrena joanda, Munhogain menditxoraino iritsiko gara ibilaldi xume bezain lasaian. Mendi lepo zabal batean behera jaitsiko gara, eta uraska batzuk aurkituko ditugu han. Gero, bidezidor estu batetik joko dugu gailurreraino. Munhogaineko tontorra, berriz, karduz josita dago gehienbat, eta, behin hara iritsita, gero eta hurbilago egongo gara Donaixtiren mugapeko eremutik. Etorritako toki beretik egingo dugu gero itzulerako ibilia, Donaixtiko belardi berdeak atzean uzten ditugula, eta halaxe itzuliko gara ur andel bat zegoeneko gain horretara, Netheko tontorraren azpian jarrai dutenera.

Hoztarako itzulera Nethetik

[aldatu]

Han, mendiaren ezkerreko aldetik ibili beharrean, gorantz segituko dugu, eta Nethe gailurrerainoko pendiztxoan gora egingo dugu; cairn ikusgarri bat dagoelako ezagutuko dugu, eta Hoztaren iparreko aldeko gainik gorena delako ?leku pribilegiatu horretatik, Hoztako zelaiak eta etxetzarrak ikusi ahalko ditugu?. Igo garen aldetik ez, beste aldetik jaitsiko gara, zuzenean Hoztarantz joango bagina bezala pirika; berehala, bidezidor batekin topo egingo dugu ezkerretara, eta garoleku zabal batetik barrena ibiliko gara, igoerako bidera iritsi arte. Gero, handixe jo, eta Hoztara itzuliko gara.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua