Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Murumendiko Dama
Murumendiko Dama | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Garin, Mallutz, Murumendi, Agorta, Usurbe |
Distantzia | 10 km. 3 ordu. |
Ingurunea | Urola eta Oria arroen artean dagoen mendikatean Murumendi da gailur nagusia Usurbeko tontorrarekin batera. Gailur hori da ibilbide honetako protagonsta. |
Abiapuntua | Garin (Beasain) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Urola eta Oria arroen artean dagoen mendikatean Murumendi da gailur nagusia Usurbeko tontorrarekin batera. Gailur hori da ibilbide honetako protagonista. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Beasaingo (Gipuzkoa) Garin auzoan dagoen San Sebastian elizaren ondoan ibilgailua utzi eta gero, errepidearen bestaldean ateratzen den pista zabala hartuko dugu bide seinale zuri eta horiek erakutsiko diguten norabidean. Mallutzeko magalera heldu arte, aldapak apenas duen atsedenik. Basoa aterata dagoen lekura iristean, eguzkiaren fereka eskertuko dugu, eta metro batzuk gorago beste bidegurutze batekin egingo dugu topo. Markak segituz gero, Usurbe alderantz joko dugu, eta, gero, berriro iparralderantz igotzen hasiko gara (balizatua); baina bidea laburtu nahi badugu, parez pare dugun malda pikoari ekingo diogu. Bi kasuetan, Mallutzeko magalera igoko gara, eta haren hegaletik aurrera egingo dugu bide zabal eta erosoa segituz.
Larraskanda aldera doan pista gure eskuinera utzi eta laster, Mandubiarantz doan transhumantziaren ibilbidearekin bat egingo dugu (GR-34). Langa bat igaro eta berehala helduko gara Arrapaitzeko iturriaren ondora, zintzurra freskatzeko une egokia. Izen bera duen mendiaren magalean zehar bide balizatua utzi, eta eskuinetik joko dugu gertu ikusiko dugun Murumendiko tontor aldera. Aldapa igotzen hasi, ataka txiki bat pasatu, eta, belarrezko tapiza zapalduz, erraz igoko gara tontorrera. Hantxe aurkituko ditugu erpin geodesikoa, kohete itxura duen gutunontzia, orientazio mahaia, gurutze txiki bat eta Luis Pedro Peña Santiago idazlearen omenez jarritako oroitarria.
Talaia paregabe horretatik inguratzen gaituen paisaiari 360 graduko itzulia emanez, Euskal Herriko mendikate garrantzitsuenen silueta identifikatzen saia gaitezke: Aralar, Aizkorri, Andia, Anboto, Gorbeia, Ernio, Izarraitz eta urrutiago Pirinioak besteak beste. Leku egokia ere Murumendiko Damaren kontakizuna gogora ekartzeko: «Murumendiko Dama Beasaingo baserri batekoa zen. Hamar haur izan zituen, eta elizarako joerarik gabeko emakumea izan zen. Elizara joan behar zenean, gaixorik zegoen aitzakia jartzen zuen beti. Azkenengo semea izan zuenean, mezetara joatera behartuko zuela agindu zion senarrak. Horrela, karro gainean igo, eta indarrez garraiatu zuen. Elizara bidean, karrotik jaitsi, eta elizako atea igaro behar zuenean, bat-batean su eta ke artean desagertu zen. Ordutik, batzuetan mendi batetik bestera doala ikus dezakegu.»
Ikuspegi paregabe horretaz gozatu ostean, etorritako bidetik atzera egin, eta Mallutzeko lepoaren ondora jaitsiko gara, eta, segidan, koniferoen artean marrazten den bide zabaletik Zorimendiko gaina inguratu, eta Agortako lepora jaitsiko gara. Usurbeko tontorrera igotzeko, bi aukera izango ditugu; lehena Beasaindik datorren porlanezko pistatik; eta bigarrena, berriz, pista igotzen hasi orduko ezkerraldetik ateratzen den zidorra hartuz. Biek ala biek hedagailu erraldoiaren ondoan dagoen gurutze eta erpin geodesikoaren ondora eramango gaituzte. Handik gertu, postontzi bat aurktiuko dugu. Murumendikoa baino mugatuagoa izan arren, handik dagoen panoramika ere bikaina da.
Abiapuntura itzultzeko, Agortako lepora jaitsiko gara, ezkerretik ateratzen den lehen bidea utzi, eta hurrengoa hartuko dugu. Usurbe eta Pagobakar mendien artean dagoen Maleza Errekako sakana behean utzita, lehen bidegurutzean eskuinaldetik joko dugu, eta, aurrerago aurkituko dugun beste batean, berriro eskuinekoa aukeratuko dugu; bidea zertxobait estuagoa izango da. 200 bat metro aurrerago, bidegurutzean ezkerrekoa hartu, eta berehala hesi metaliko txiki bat igaroko dugu. Maldan behera segituz, 500 bat metro jaitsi, eta gure eskuinera ikusiko dugun pista zabaletik segituz errepideraino jaitsiko gara, eta bertatik kilometro erdi eskas bete beharko dugu Garin auzora ailegatzeko.