Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Nafarrek defendatu zuten gotorlekua

Wikibookstik
Nafarrek defendatu zuten gotorlekua
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Bizkaia
Zailtasuna Erraza
Lekuak Bilbo, Arriaga antzokia, Gaztelu, Malmasin, San Martin baseliza, Arrigorriaga
Distantzia 9,2 km. 2 ordu eta 10 mn.
Ingurunea Bilboko Malmasin mendian daude inguruan aurkitutako aztarnarik zaharrenak. Aztarnok bisitatzeko aitzakiarekin, Bilboko hirigunetik abiatuko gara Nafarroako Erresumako gaztelua zena bisitatzera.
Abiapuntua Arriaga antzokia (Bilbo)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Bilboko Malmasin mendian daude inguruan aurkitutako aztarnarik zaharrenak. Aztarnok bisitatzeko aitzakiarekin, Bilboko hirigunetik abiatuko gara Nafarroako Erresumako gaztelua zena bisitatzera. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Bilboko lurretan aurkitu diren aztarnarik zaharrenak —lan batzuen arabera, orain dela 2.000 urte ingurukoak, hain zuzen—<-> Malmasin mendian daude. Beste lan batek dio Malmasingo kastroaren eta Basauriko (Bizkaia) Finaga auzoan aurkitutako nekropoliaren artean lotura zuzena dagoela. Azpimarratu beharreko datua zera da, hango hamahiru hilotzak K. a. IV. mendetik, K. o. XIII. mendera doazela. Tomas Urzainkiren arabera: «Nafarroako Malvecin gaztelua, egungo Bilboren gainean, Malmasin izeneko muinoan dago, Gaztelua izeneko gunean aztarnak aurkitzen diren lekuan. Gaztelu horrek Ibaizabal ibaiaren ezkerraldea babesten zuen. Portuaren gunea, Bilboko Portua izenekoa, geroago on Diego V.a Lopez Harokoak, Bizkaiko hamaikagarren jaunak, 1300.ean hiribildua sortu zuen lekua da». XII. mendean, Gaztelako Alfontso VIII.ak indarrez hartu zuen Nafarroako Erresumak Bizkaiko lurraldean zeukan gotorleku hura.

Arriaga abiapuntu

[aldatu]

Bilboko Arriaga antzokia abiapuntutzat hartuko dugu, garraioetatik hurbil dagoenez leku egokia baita gaurko txangoari hasiera emateko. Itsasadarra lagun, Erriberako merkatua, San Anton zubia zein Eusko Treneko geltokia eskuman utzirik, Kañu pasealekuan zehar ibiliko gara. Lehenengo zubira heltzean, zeharkatu eta ezkerrera joko dugu. Abusuko parkean barrena egingo dugu, ibaia bidaide. Futbito zelaia ezkerrean, parkeari bizkarra emango diogu, hego-ekialderantz. Errotonda igarota, noranzkoari eutsiko diogu, espaloian gora. Trenbidearen azpian iragandakoan, ezkerrera joango gara, Eraikuntza instituturantz, dagoeneko Malmasin mendia begi bistan. Etxeen parera heltzeaz batera, eskuinera joko dugu (HE). Aipaturiko institutua atzean utzi eta, Montefuerte-Ollargan atsedenlekuan izango gara. Hego-ekialderantz jarraitu, legar pistan gora, eta hamar bat minuturen buruan belar bihurtuko zaigu. Belardian mendebalari emango diogu, bidexka nabarmenean eta zuhaiztian barneratuz, gora. Bost minutu betetzeke, Basauri adierazten duen bide seinaleari men egingo diogu, segituan eskumatik sartuz. Goiko hondakinetan eskuinera jo, eta minutu bian argindar-dorrearen azpiko tontorrera helduko gara. Gaztelun (250 metro, gutunontzia) Malmasin, Pastorekorta, Ganekogorta, Pagasarri nahiz Ganeta nagusituko zaizkigu, zuhaitzek mugatutako ikuspegian. Pagasarri aurrez aurre, ezkerreko zidortxoan jaitsiko gara (HE), harri-txirri bidea zeharkatu eta zuzen, iratze artean. Betiere bide nagusian, eskumako legar pistari muzin egin, eta hamabost bat minuturen buruan hurrengo gailurra zapalduko dugu.

Malmasin (362 metro, xafla, gutunontzia eta erpin geodesikoa) mendiak Bilbo, Basauri eta Arrigorriagarekin egiten du muga, eta behatoki paregabea da. Gainetik begiztatuko ditugu, besteak beste, Durangaldea, Gorbeialdea, Serantes, Jata, Ganguren, Oiz, Ganekogorta zein Legarmendiko mendiguneak. Itxaron egingo dugu San Martin baselizaraino iritsi arte mokadua hartzeko, leku hobea baita. Zuzen jarraituko dugu (HE), bide ezerosoan, eta bost bat minutuan, haritz txiki bakarrean kontu handiz ibiliko gara, eskumara joan behar baitugu. Ondoko ur biltegia ezkerrean utziko dugu, eta atoan Brisketa auzoan izango gara. Hori igarotakoan, errepidea lagun beheratuko gara, eta zortzi bat minuturen buruan Finagako San Martin baselizara helduko. Mahaietan nahiz belardian ederto ibiliko gara, eguraldiak laguntzen badu behintzat. Errepidea lagun jarraituko dugu, eta hurrengo elkargunean Luzarre auzorantz joko dugu. Behin poligonoan, eskuinera, eta gero ezkerrera hartu, poligono ondoko errepidean behera 400 bat metro joz. Eskumatik segituko dugu, etxetxoak errepide itsusiarekin ordezkatuz. Salud e Higiene auzoko (Arrigorriaga) bide seinalean jaitsiz, errepide nagusira iritsiko gara. Beheko tunela zeharkatu, eta han izango dugu tren geltokia.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua