Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Navaridas inguratzen

Wikibookstik
Navaridas inguratzen
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Navaridas, Lagunilla, Eltziego, Coxera, Guardia, Paganos, Leza
Distantzia 22 km. 4 ordu eta 35 mn.
Ingurunea Navaridas, Eltziego, Guardia, Paganos eta Leza herriak lotu, eta ibilbide bakar batera ekarri ditugu orain, paisaia eta arkitektura oparoa ezagutzeko asmoz.
Abiapuntua Navaridas
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Navaridas, Eltziego, Guardia, Paganos eta Leza herriak lotu, eta ibilbide bakar batera ekarri ditugu orain, paisaia eta arkitektura oparoa ezagutarazteko asmoz. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Ibilbide honen bitartez, Navaridas inguratzen duten lau herri bisitatzeko aukera izango dugu. Navaridas, Eltziego, Guardia, Paganos eta Leza aukeratu ditugu oraingoan. Ibilbide luze samarra izanik ere, desnibel txikikoa da, eta atseden ederra hartzeko aukera nonahi izango dugu. Izan ere, bost herri hauek, enoturismoaz gozatzeko ez ezik, bertoko arkitektura eta paisaia apartaz blai eginda egoteko parada ezin hobea ere eskainiko digute.

Errioxako eskualdean oraintsu diseinatutako ibilbideen artean Navaridasko zidorrak aukeratu ditugu orain. Ibilbideon nondik norakoen berri ematen duen argibide taularen ondoan utziko dugu autoa, hots, Guardiara doan errepidearen alboan. Ibili-ibilian hasiko gara, beraz, laranja koloreko trazadurari jaramon egiten. Lerrootan deskribatuko duguna guztiz balizaturik egon ez arren, H kodeko ibilbidea lagungarria egingo zaigu Navaridas inguratzen duten lau udalerri bisitatzeko.

Navaridasko Diputazio kalean aurrera egingo dugu, eta, Sodupetarren jauregi aurretik igarotzean, geldialditxo bat egingo dugu Castejon aztarnategi arkeologikoaren inguruko xehetasunak irakurtzeko. Kalean aurrera segituta, udaletxera heldu eta eskuinera joko dugu. Iturri Zaharra alde batera lagata, beherantz jarraitu, eta, errepide nagusira heldu gabe, ezkerreko bideari helduko diogu. Nekazari bideari helduta, eskuinera hartuko dugu, bidebanatzera iritsi bezain pronto. Errepidera iristean, asfaltoa gurutzatu, eta, zidorrak agintzen duen legez, Castejon aldera begira jarriko gara. Navaridastik datorren bidearekin topo egitean, ezkerrera jo, eta hego-mendebalderantz egingo ditugu urratsak. Arketa edo hidrante batera iritsita, eskuineko bidea hautatu eta Eltziegorako errepidera iritsiko gara. Errepidea gurutzatuko dugu han, eta Bartolome ibarrean gora egiten hasiko gara. Noranzkoa aldatu gabe, parez pare altxaturiko magala gainditze aldera, sigi-sagaka bideratuko gaitu bideak. Villabuenako barrutian sartu, eta Lagunilla deritzan tontor zabalean izango gara berehala. Punturik gorena bisitatu nahi izanez gero, eskuinaldetik jarraitu beharko genuke, gailurreko erpin geodesikoa ler gorrien artean ezkutatzen baita.

Coxerako ataka

[aldatu]

Talaiatik ezkerretik segituko dugu, paisaia itzelaz gozatuz. Hurrengo bidebanatzean, ezkerrera egin, eta Eltziegorako bideari oratuko gatzaizkio. Justiziarako egina zen pikota deigarriak harrera tinkoa egingo digu. Herriko elizan eskuinera egingo dugu, eta Lapuebla, Navaridas eta Guardia herrietara doazen errepideen korapilora jaitsiko gara. Valdelana museo eta upeltegiaren ezkerraldetik doan porlan bidea hartuko dugu San Roke baselizara igotzeko. Ermita aurretik igaro, eta ekialderantz aurrera egiten jarraituko dugu. Hari elektrikoaren azpitik iragan eta segituan, ezkerretik doan bidea baztertu eta gora egiten jarraituko dugu. Joar, Lapoblacion eta Toloño lerro luzea aurrez aurre ditugula, Guardiarantz hurreratzen hasiko gara. Almendrondo batzuen inguruan bidebanatze bat ikusiko dugu. Ezkerreko bidetik jarraituko dugu, eta, ibili-ibilian, lepo xume batera helduko gara. Han, erreferentzia gisa akaso, hidrante bat. Noranzkoari eutsirik, zuzen jarraituko dugu, eta Riosecoko sakanera jaitsiko gara. Eskuinetik segituko dugu behean, eta Coxera bideari heldu egingo diogu. Harri zapalak erakusten dituzten bi muinoren artean igaroaraziko gaitu bideak berehala. Coxerako atakatik igaro, eta Guardiako errepidera irtengo gara.

Lonbila auzoa

[aldatu]

Asfaltoa gurutzatu eta Solar Samaniego upeltegia ondoan dela, eskuinera egin, eta, bide aldapatsuari jarraikirik, San Lazaro hilerrira iritsiko gara. Goratxoago, Navaridasera doan errepidera irtengo gara. Guardiako hiribildura sartu gabe, ordea, errepideaz bestaldean dagoen aparkalekuan sartuko gara. Paganosera doan errepide estua aparkalekuaren muturrean ikusiko dugu.

Paganoseko Lagun Leku enparantzatik Diputazio enparantzara igaroko gara. Gero, Gasteiz kaletik eginda, plaza moduko toki batera iritsiko gara. Ezkerretik hasita, bigarren bidea hartuko dugu han. Hala, paseoan, Rupialgas errekastoaren ondora iritsiko gara. Lezako udalerrian sartuko gara. Metro batzuk aurrerago, Lezatik datorren bide asfaltatutik segitu ordez, Lonbilako muinoa eskuinaldetik inguratzen duen bidea hartuko dugu. Ezkerrera hartuko dugu aurrerago, eta, Ru zubira iristeko 50 metro falta direla, ezkerretik doan bideari jaramon egingo diogu. Ibilbidea bankutxoz horniturik ikusiko dugu. Lonbila Beheko auzoa zeharkatuta, Casado upeltegira iritsiko gara. Jarraian, beheko bidetik segitu, eta ezkerrera egingo dugu Lonbila Goikoa auzoan. H kodepeko zidorraren atzetik jarraituta, Lonbila gaina inguratzen duen bidea utziko dugu. Hala, eskuineko bidetik aurrera eginez, hidrante batera heldu eta Navaridasko barrutian sartuko gara. Navaridasen amaitzeko, bide seinaleei jarraitzea besterik ez da.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua