Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Okariz eta Munaingo baso zaharra
Okariz eta Munaingo baso zaharra | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Oso erraza |
Lekuak | Muniain, Okariz |
Distantzia | 6 km. Ordu eta erdi. |
Ingurunea | XVI. mendean, Larreako Dorreko Lazarraga jaunak bere eskuizkribu sonatua idatzi zuen garaian, hariztirik ederrena ernaltzen hasia zen Arabako Lautadan. |
Abiapuntua | Munain |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
'[1]
Ibilbidea
[aldatu]Munain eta Okariz herrietatik hurbil, Donemiliagako udalerrian, 400 hektarea dituen baso berezi bat dago. Hain da deigarria, ezen orain dela zazpi urte Euskal Herriko hainbat ikerlarik eta zientzialarik lanari ekin zioten buru-belarri bertoko landaretza eta fauna aztertzeko asmoz. Talde horrek Entzia mendilerroaren ipar-isurialdeko zoko-moko guztiak miatu zituen, tentu handiz. Emaitzak, zinez, harrigarriak izan ziren: guztira, 600 haritz inguru katalogatu zituzten, 485 zentimetroko enborra dutenak, gehienak orain dela bost mende jaioak. Banaka batzuek, gainera, 1.500 urte dituztela ondorioztatu zuten adituek.
Baso zaharra
[aldatu]Ikerlarion lana, ordea, ez zen hariztira soilik mugatu. Faunak ere interes handia piztu zuen. Horrela, azkonarrak, katajinetak, azeriak, basurdeak eta orkatzak bistaratzeaz gainera, euren irteeretan 103 kakalardo desberdin katalogatu zituzten, den-denak haritz potoloekin lotuta. Hori nahikoa ez eta ikerlariok 225 onddo mota diferente ere jaso zituzten Okariz-Munaingo basoan.
Munain herrian (Araba) emango diogu hasiera ibilbideari. Autoa elizaren ondoan utzita, hegoaldera begira hasiko gara ibilian. Zadorra kaleari men eginez, Entzia mendilerroko basoan barrena galduko zaigu soa. Herria atzean utzi dugula, eskuin-ezker egingo dugu bidebanatzean, eta, PR bide-seinaleak lagun, burdinazko barrera batera iritsiko gara. Langa ondo itxita —behorrak izan baitira ondoko belazean—, Baso Zaharrerako bideari ekingo diogu, maldan gora. Bidea ondo prestatuta dagoenez, arin-arin hurbilduko gara basora. Anartean, ipuruak eta elorri zuriak ikusiko ditugu bide ertzean, txori ugariren bizilekuak direla. Basabide behinenetik atera gabe, egurrezko langa bat zeharkatuko dugu laster: Munaingo baso zaharrean sartu gara jada; hots, haritz sendoek lozorroan dirauten errainuan. Langatik metro gutxira, gezi batek lagunduko digu noranzko zuzena hartzen. Bidean aurrera egin eta, sigi-saga egin ondoren, bisitarientzat egokitutako parke batera iritsiko gara.
Okarizerako bidea
[aldatu]Baranda batzuk dituen igarobide batek belardi polit bateraino lagunduko digu. Hamaiketakoa egiteko leku egokia ez ezik, lehen haritz sendoak miresteko lekua ere bada. Atsedenaren ostean, bide nagusira irten eta, bertako bidebanatzean, Zadorraren Iturrien zidorra bazter eginda, jaitsiera xumea egiteko gonbita ematen digun bideari jarraituko diogu. Okarizera doan bidea hartuko dugu, beraz. Bideak errekasto bateraino lagunduko digu. Zubia gurutzatu, eta bidexkan gora egingo dugu. Bidexkak zailtasunik ez badu ere, aise labainkorra izaten da, batez ere zorua bustita dagoenean. Behin garaiera hartuta, beherako bideari ekingo diogu. Gero, hesia igaro ostean, Okarizko eremuan sartu eta jaitsiera polita egingo dugu. Inguruko haritz sendoez gozatzeko paraje ezin hobean gaude orain. Beste zubi batek lagunduko digu aurrerago errekasto baten ur-emari apurra saihesten. Zubitik hurbil, basabide zabala hartuko dugu, eta, huraxe abandonatu gabe, sigi-saga egingo dugu basoan barrena. Langa gurutzatuta, ezkerretik segitu eta Okarizen sartuko gara, Karobioste kaleari men eginez. Elizaren aurretik igaro eta berehala, eskuinera joko dugu bidebanatzean, eta, nekazari-bideari oratuta, Munainera iritsiko gara.