Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Oketa, erraldoiari begira

Wikibookstik
Oketa, erraldoiari begira
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Etxaguen, Umarango haitza, Oketa
Distantzia 8 km. 2 ordu ta 15 mn.
Ingurunea Oketa eta Gorbeia mendiak elkarri begira daudela dirudi. Ibilbidea Zigoitiako Etxaguen herrian hasiz gero, paisaiaz ez ezik, historiaz ere bapo asebeteko gara.
Abiapuntua Etxaguen (Zigoitia)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Oketa eta Gorbeia mendiak elkarri begira daudela dirudi. Ibilbidea Zigoitiako Etxaguen herrian hasiz gero, paisaiaz ez ezik, historiaz ere bapo asebeteko gara. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Etxaguen herriak kokapen ezin hobea du Zigoitiako udalerrian. Oketa mendiaren altzoan dago, eta paisaia ederraz goza daiteke herrigunetik. Eliza dotore erakusten du; zoritxarra gain-gainera etorri zitzaion 36ko gerran, eta erabat suntsituta geratu zen, arkitektura erromanikoa betiko galtzeraino, Micaela Portilla ikerlariak bere katalogo artistikoan jakinarazia duenez. Bistan da itsasargi baten moldean berreraiki zutela tenplua, dotore-dotore.

Bestelako zoria izan zuten, ordea, gerra garaiko gudarien gorpuzkiek. Elizaren ondoan izanagatik ere, ia 80 urte igaro behar izan dira memoria historikoarekin bakea egiteko. Aranzadi zientzia elkartekoek lagunduta eta Felix Placer herriko apaizaren ekimenez, hamaika gudariren arrastoak berreskuratu zituzten orain hiru urte. Denak eliza berrituaren atzealdeko zelaian zeuden, errepidearen ertzean.

Etxaguen herritik abiatuko gara Okatara igotzeko. San Agustin eliza inguruan, autobus geraleku bat ikusiko dugu, eta, haren ondoan, kale bat, gora egiten duena. Handik joko dugu, Kontzeju etxearen eta bolatoki estaliaren ondotik. GR 25 ibili luzeko zidorraren arrastoak bistaratuko ditugu urratsak egitearekin batera. Ohartu gabe, herriko iturriaren aurrean izango gara. Hurbil, harrizko etxe dotore bat ikusiko dugu, huntzak guztiz harrapatua. Eskuinera egingo du han, eta, arditegia atzean utzita, porlan bideari jarraituz ur biltegira iritsiko gara. Gorbeiako Natur Parkean gaude. Langa metalikoa zeharkatu ondoren, iparralderantz segituko dugu.

Bidea bitan banatzean, zuzen jarraituko dugu, eta aurrean dugun zelaia alderik alde zeharkatuko. Udalerriko mapa toponimokoak Magdalena izen lekua dakar inguruko bazterrok izendatzeko. Nonbait, 1930era arte, Magdalena izena zuen baseliza sonatu bat existitu zen han. Haren ingurura jendetza bildu ohi zen urtero, erromeriara deituta; izan ere, Oketako magalotan kofradia garrantzitsu bat osatua zuten, eta debozioa handikoa zen, Zigoitiako kofradeetan ez ezik, Zuia, Aiara, Aramaio eta Gasteizkoetan ere.

Oketa eta Gorbeia

[aldatu]

Zelaia amaitzean, pista nagusitik irten, eta ezkerrera egiten duen basabidetik jarraituko dugu. Hasieran, pinuen artera eramango gaitu bideak; minutu gutxiren buruan, ordea, pagadi eder batek inguratuko gaitu han. Gero, ezkerrera egingo du, eta Zubialdeko sakanari begira jarriko gara. Begien aurrean, Gorbeia eta Oketa mendi biak izango ditugu. Alanbre edo itxitura baten ondora iristean, eskuinetik gora jotzen duen bidexkatik ekingo dugu. Hariztiaren aldean ikusiko dugu Umarango haitza izeneko paraje karstikoa. Noranzkoa aldatu gabe, aldatsean gora betiere, kareharriz jantzitako lurzorua zeharkatzen lagunduko digu bidexkak. Hala, Oketako lepora iritsiko gara. Eskuinera luzatzen den lerroari jarraituta, Oketako tontorrera helduko gara.

Panoramikaz bapo gozatuta, hegoaldera jaisten hasiko gara. 36ko gerrako trintxerak zeharkatu, eta Zadorrako urtegietan iltzatuko dugu gure soa. Larre zabalak zapalduz, itxitura batek babestuta daukan hezegune txiki baten ondora helduko gara. Hegiz hegi jarraitzeari utziko diogu han, eta, eskuinera okertuz, Oketako magalak korritzen hasiko gara. Errekasto pare bat zeharkatuko dugu laster, eta Uribai inguruko pinudira helduko gara. Igoeran egindako bidearekin topo egingo dugu han.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua