Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Olloko harana

Wikibookstik
Olloko harana
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Garaia
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Ollo, Senosiain, Arteta, Artazulgo zintzurra, Ultzurrun, Saldise, Egillor, Beasoain, Iltzarbe
Distantzia 20 km. 5 ordu.
Ingurunea Txurregi, Txargain eta Mortxe mendien magaletan barreiatzen den haran honetako bederatzi herri lotuko ditugu ibilbide honetan.
Abiapuntua Ollo
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Txurregi, Txargain eta Mortxe mendien magaletan barreiatzen den haran honetako bederatzi herri lotuko ditugu ibilbide honetan. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Guztiz balizatuta dagoen (PR-Na 170) ibilbide zirkular honek Olloko haranean dauden bederatzi herri lotzen ditu. Iruñetik gertu, Andia, Satrustegi eta Mortxeko mendilerroen artean babestuta dagoen haran honetan, leku eta zoko ikusgarriak aurkituko ditugu, sasoiaren arabera bere lurretan izaten diren koloreen sinfoniak eskainiko digun kontraste paregabeaz gozatzeko. Zelai, baso, erreka, zintzur, zereal lur, hormatzar, ur-jauzi, gatzagak, iturburu, herrixkak eta beste hamaika paisaia eskura.

Ibilbidea zirkularra denez, bertako edozein herritatik abia gaitezke, baina guk haranari izena ematen dion Ollo herria aukeratuko dugu abiapuntu gisa. Herriko plazatik aterako gara, eta gertu ikusiko dugu Senosiain herria; harantz joko dugu. Bide seinale zuri eta horiei jarraikiz erreka aldera jaitsi eta xendatik segituz errepidera, herriaren beheko aldera iritsiko gara. Herrian sartu aurretik, egurrezko hesola batek Artetara daraman bidea erakutsiko digu. Zereal lurren artean zabaltzen den pista eroso eta zabaletik, herrira iritsiko gara, eta, handik, Artetako iturburu aldera joko dugu. Lehen bidegurutzean, gatzagetara doan bidea aukeratuko dugu, eta eskuinekoa utzi (gero elkartuko dira biak). Altuera zertxobait galdu, eta erraz iritsiko gara gaur egun nahiko abandonaturik dauden gatzagen ondora.

Gatzagak zeharkatu, aldapa txiki bat igo, eta berehala bat egingo dugu bide balizatuarekin. Zubi bat gurutzatu, Udarbe erreka gainditu, eta xenda segituz Artetako iturburuaren ondoan dagoen aparkalekura iritsiko gara. Puntu honetan, bide balizatua utzi eta Artazulgo zintzurrean murgilduko gara. Udarbe errekako urek zizelkatutako kareharrizko haitzarte honetan kilometro erdiko ibilbidea burutuko dugu zintzurraren hondoraino heltzeko, ur-jauzi ederraren azpira hain zuzen ere. Paraje ederra bezain ikusgarria.

Etorritako bidetik atzera egingo dugu aparkalekuraino, eta, han, bide seinale zuri eta horiek erakutsiko digute hartu beharreko norabidea. Metro gutxi batzuk igo, eta bide lau eta erosoa segituko dugu lurpean doan ubidearen ondotik Ultzurrun herrira iristeko, aurrez El Pontarrón esaten dioten zubi estutik pasako dugularik. Herriaren gunera jaitsi gabe, errepidean zehar beteko dugu hurrengo tartea, bidea berriro basoan sartzen dela ikusi arte. Mortxe mendilerroaren magalean marrazten den zidor horretatik, izen bera duen herrira iritsiko gara, eta, hori atzean utzi ostean, baso mistoan murgilduko gara lurreko pista zabala segituz. Maroñoko gazteluaren hondakinen mendean dagoen lepora iristean, basoa atzean laga, eta Egillorrera jaitsiko gara. Herria zeharkatu eta gertu, koltza lurren artean ikusiko dugun Beasoain herriraino abiatuko gara.

Arakil ibaiaren ondora jaitsi, eta horren paraleloan doan bide ederretik Anotzeko zubira ailegatuko gara. Errepidea gurutzatu, eta egurrezko hesolak seinalatuko digun norabidean aurrera egingo dugu. Hor aurkituko dugu ibilbidean dagoen aldaparik gogorrena, artadian murgildu eta 200 metroko desnibela gaindituko dugu xenda estua segituz. Basotik ateratzen Iltzarbe herria gure mendean ikusiko dugu, eta, haraino jaitsi gabe, pista zabalari segituko dugu gorako bidean. Egurrezko hesola batek pista utzi, eta basoan murgiltzen den xenda bat hartzera gonbidatuko gaitu. Satrustegi mendilerroaren magalean marrazten den xenda eder horri segituz Ollora iritsiko gara, abiapuntura hain zuzen ere.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua