Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Orarregiko gaztelua

Wikibookstik
Orarregiko gaztelua
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Garaia
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Iltzarbe, Gaztelu, Txurregi, Ollo
Distantzia 11,8 km. 3 ordu.
Ingurunea Ollo haranetik abiatu eta Gazteluko Gaztelu tontorrera iristean, kokagune estrategikoa izan zen Nafarroako Erresumaren gazteluaren hondarrak aurkituko ditugu.
Abiapuntua Iltzarbe
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ollo haranetik abiatu eta Gazteluko tontorrera iristean, kokagune estrategikoa izan zen Nafarroako Erresumaren gazteluaren hondarrak aurkituko ditugu. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Nafarroako Erresuma defendatu zuten hamaika gaztelu daude Euskal Herriko lurretan zehar sakabanaturik. Nafarroa Bizirik egitasmoaren bidez, gure historiaren pasarte garrantzitsuenetako batzuk berreskuratu dituzte. Oroimen gune diren gaztelu horietan lapurtutako historia berreraiki eta ezagutzeko parada izango dugu ibilaldi honetan. Arakil eta Larraun ibaiek bustitzen duten lur eremuen zelatari izan zen Orarregiko gaztelua bisitatuko dugu, eta, ibilaldia osatzeko, gertu dagoen Txurregira igoko gara. Bi tontorrek zezen baten adarrak dirudite Iruñerritik begiratuta.

Orarregiko gaztelua

[aldatu]

Ollo haranean dago Iltzarbe herria, eta hor hasiko dugu gaurko ibilaldia. Herriaren goiko aldetik ateratzen den pista zabalean zehar abiatuko gara, PR-NA 170 ibilbideari —Ollarango itzulia— dagozkion bide seinale zuri eta horiek erakusten diguten norabidean. Lehen partean, porlana, baina berehala legarrezko lurzorua zapalduz egingo dugu aurrera. Gure ezkerrera Iltzarbeko kanposantua utzi, eta Ollaran ibarraren ikuspegi zabalaz gozatuz, baso mediterraneoan murgilduko gara. Ollo herrirantz zuzentzen den PR-NA 170 gure ezkerrera utzi, eta pista zabalak berehala gerturatuko gaitu Txurregiko piramidearen behealdera. Haren magalean zehar hedatzen den bidetik erraz igoko dugu Gaztelu alderako aldapa. Bideak ekialderantz biratu, eta ezkerrera ateratzen den bidea utzita, diagonalean jarraituko dugu tontorretik gertu dagoen zabaldi txiki batera iristeko. Xenda nabarmen batek tontorrera igotzen lagunduko digu.

Gailurrean harlanduz egindako eremu zirkular bat aurkituko dugu, antzinako gotorlekuaren omenaldi-dorretzarraren oinarria. Nafarroako Erresumaren hiriburua defendatzeko kokagune estrategikoa baitzen gailur hori, Arakil eta Larraun ibaiek bat egin eta gero, hango urek Oskia haitzartea ireki eta moldatu zutenekoa. Gaztelua XIII. mendearen amaierakoa da. Orarregi, Olloriegi edo Ollaregi izenez da aipatua. Txurregi eta Gaztelu mendiek partekatzen duten lepo zabalaren izenean dute jatorria. Pasabide hori Napoleonen tropek erabili ohi zuten, Oskiako haitzartean gerta zitezkeen segadak saihesteko. Gaztelua izateaz gain, talai eder horretatik izango dugun ikuspegi zabala izugarria da: Iruñerria, Aralar, Andiamendi, Euskal Pirinioak eta abar, eta abar. Ezin ase begiak beti gose.

Ollo

[aldatu]

Aurrez aurre dugun Txurregiko gandorrera begira jarriko gara, eta bi mendiak lotzen dituen lepo aldera jaisten hasiko gara oso nabarmena den bidetik. Berehala, baltsa baten ondora iritsiko gara, eta, hori atzean utzita, denbora gutxi beharko dugu bi mugarriek adierazten duten Ollariegiko lepoa zapaltzeko. Alanbrezko hesiaren parean, belarrezko alfonbra zapalduz, Txurregi aldera igotzen hasiko gara. Hasieran izango dugun malda berehala gogortuko da, eta pareta bertikala itxura duen azken zatiak arnasa berotu eta izerdi tantak aterako dizkigu. Gandorrera iristean, eskuinaldera jo, eta 50 bat metro ibiliz gailurra aurkituko dugu. Mendi tontor horretatik Ollarana ibarreko ikuspegi zabala izango dugu. Labore lur artean herri txikiak han eta hemen sakabanaturik, eta Andiamendiren barnean dagoen ur geruzaren irteera naturala den Artetako iturburua ere.

Abiapuntura itzultzeko tenorean, tontorretik berriro atzera egin, eta beste isurialdetik Ollo aldera jaisten hasiko gara. Hasieran, diagonalean hedatzen den xenda ez da batere nabarmena, eta zinta zuri batzuek lagunduko digute bide zuzena aukeratzen. Ezpel artean sartzean, bidea erosoagoa gertatuko zaigu, eta, basotik ateratzean, gertu ikusiko dugun baltsa aldera jaitsiko gara. 180 graduko bira egin, eta baltsaren ezkerraldetik hasieran ikusgaitz den zidorra hartu eta gero, bidea zabaldu egingo da. Txurregiren magalean zehar zabaltzen den bide horretatik erraz galduko dugu altuera, eta, Ollo herriaren parera iristean, pista zabala hartu, eta jaisten hasiko gara. Herrira iritsi aurretik, ikusiko ditugun PR-NA 170aren marka zuri eta horiek Iltzarbe aldera eramango gaituzte. Ollo herriraino jaistea erabakiz gero, bi herriak lotzen dituen pista zabaletik hel gaitezke abiapuntura.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua