Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Orgiko hariztia

Wikibookstik
Jump to navigation Jump to search
Orgiko hariztia
Ibilbide honen argazkiak igo
Orgiko hariztia.jpg
Herrialdea Nafarroa Garaia
Zailtasuna Star icon containing star icon.svg Oso erraza
Lekuak Orgi, Lizaso, Gelbentzu, Gorrontz-Olano
Distantzia 10,4 km. 2 ordu eta 45 mn.
Ingurunea Mendeetan zehar intentsiboki ustiatu eta gero, Orgiko hariztia da Nafarroako Ultzamako haranean geratzen den lekuko ederrenetako bat.
Abiapuntua Orgiko aparkalekua
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

'[1]

Ibilbidea[aldatu]

Orgiko hariztia 77 hektareako hedadura duen baso naturala da. Ultzamako haranean kokaturik, Lizasoko kontzejuaren herri-oihana da Orgi. Mendeetan zehar, Lizasoko biztanleek basoa ustiatu ez ezik, landu ere egiten zuten, eta bertatik hartzen zuten bizitzeko beharrezkoa zuten ia guztia: egurra, orbela, fruituak, ezkurrak… eta bertan ehizatzen zuten ere bai. Gaur egun, berriz, ustiapen mota hori bazter utzita, Ingurune Babestua da. Hariztiaren erraiei bisita azken unerako utzi, eta basoa inguratzen duen xendetan barrena egin ditugu lehen urratsak.

Orgiko hariztian dagoen aparkalekuan autoa aparkatu, eta etorritako bidetik errepidera aterako gara. Zalditegia gure eskuinera laga, eta aurrez aurre dugun Lizaso herrirantz joko dugu bide-seinale zuri eta berdeek (SL-NA 304) erakusten diguten norabidean. Hesi eta larreen artean ibiliz, herriaren alderdirik altuenean dagoen San Simon eta Judas santuen eliza nabarmen ikusiko dugu. Aldapa txikia igo eta herrigunera iristean, Amati aldera zuzentzen den bidea utzi —oso egoera kaxkarrean dago— eta ezkerraldetik jarraituko dugu errepidea berriro gurutzatuz. Golf zelai txiki baten ondotik pasatu, hasieran mendebalderantz eta gero hegoaldeko norabidean hedatzen den pista zabal batek Gorrontz-Olano herriraino eramango gaitu.

Elizaren ondotik pasatu, eta gorako bidea hartuko dugu. Herritik ateratzean, pista zabal eta piko bati ekingo diogu. Bide erosoa jarraituz, pagadian murgildu, eta, ospela den inguru hau gurutzatu ostean, erraz igoko dugu Gelbentzu herriraino zuzentzen den mendi bizkar erosoa. Basotik ateratzean, errepidera atera eta herrira iritsiko gara. Eliza aldera biratu, hilerria gure eskuinera utzi, eta aldapan behera abiatuko gara. Arkil errekaren ondora iristean, honen paraleloan Orgi aldera joko dugu. Abeltegi pare bat atzean utzi, eta errepidera iritsiko gara. Hirurehun bat metro bertatik egin eta gero, eskuinaldetik zabaltzen den bidea hartu eta erraz helduko gara aparkalekura, ibilbidearen abiapuntura, hain zuzen ere. Ibilbide osoa seinale zuri eta berdez balizaturik dago, beraz, ez dago galtzeko arriskurik.

Basoa inguratzen duen ibilbide samur horrek Orgiko hariztiaren ikuspegi zabala emango digu, baina hariztiaren erraietan murgildu eta dituen altxor naturalak ezagutzeko aukeraz baliatuko gara. Ia aldaparik ez duen ingurune horretan naturaz eta paisaiaz gozatzeko abagunea probetxuzkoa gertatuko zaigu. Lasai, presarik gabe egiteko merezi duen naturaren ondare bikaina!

Hiru zona[aldatu]

Bisitarien eta naturaren balioen kontserbazioa bateragarri egiteko, basoa edo hariztia hiru zonatan banatu da. Arigartzetako harrera gunea da lehena, eta bertan, sarrera, aparkalekua, informazioa emateko etxola, askaldegiak, zaborrontziak eta komunak. Tomaszelaieta paseatzeko gunea dugu bigarrena, eta basoan dagoen eremurik handiena da. Muñagorriko kontserbazio gunea dugu azken zona, baina eremu hori debekatuta dago bisitarientzat, basa-abereentzako babesleku lasaia baita.

Bigarren ingurunean, hots, Tomaszelaietan, hiru eratako ibilbide daude, denak erraz egiteko modukoak. Lehenak Labirintoa du izena, 300 metroko bidaia laburraren bidez, bertze oihan bat aurkituko dugu oihan handiaren itzalean (oihanpekoa). Bide hori itsuentzat egokiturik dago.

Bigarrenean, Bidea izenekoan, 1.400 metroko ibilbidean zehar hariztiaren alde askotarikoak ikusiko ditugu, eta ehun urtetik gorako haritzekin gozatu. Eta, azkenik, Senda izena duena, 700 metroko bidea, bestea baino estuagoa da, eta bertan ibiliz, hariztiaren alderdirik hezeena, itxiena eta basatiena ikusi ahal izango dugu.

Ordubete beharko dugu hariztian murgildu eta bere xendetatik ibiliz naturak eman digun opari honetaz gozatzeko, guztira kilometro pare bat. Ume txikiekin ibiltzeko oso aproposa.

Erreferentziak[aldatu]

  1. Berriatik hartua