Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Orhi, Larrainetik barrena
Orhi, Larrainetik barrena | |
---|---|
Herrialdea | Zuberoa |
Zailtasuna | Zaila |
Lekuak | Larraine, San Josepeko oihana, Erroimendi, Atxurreria, Orhi |
Distantzia | 14,5 km 6 ordu eta 30 mn. |
Ingurunea | Euskal Herriko mendirik ezagunenetako batera igoko gara; Pirinio Atlantikoetako lehenengo maila da, bi mila metro baino garaiagoa, baita Iparraldeko gailurren aldare nagusia ere. |
Abiapuntua | Larraine |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Euskal Herriko mendirik ezagunenetako batera igoko gara; Pirinio Atlantikoetako lehenengo maila da, bi mila metro baino garaiagoa, baita Iparraldeko gailurren aldare nagusia ere. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Ibilbide zail bat aukeratu dugu, baina ezinago interesgarria: Larrainetik igoko gara Orhira, San Josepe baso zarratutik eta Behastoiko hegi berdetik barrena. Zuberoako udalerri horretan, Larrainen, bada plaza bat elizaren parean, eta iturri bat plazaren erdi-erdian. Iturri horretatik jo eta goiko kaletik eginda, errotulu bat aurkituko dugu; hor adieraziko zaigu nondik jo Erroimendirantz, eta seinale horri kasu egingo diogu, baliza horiei segika doan bidetik.
Lehenik, gorantz biratuko, eta ezkerraldeko mendi adarretik segituko dugu; gero, harrizko bide batetik igoko gara zelai baten aurretik, non aziendarentzat ukuilu batzuk baitaude. Maldan gora egin ahala, pare bat bidebanatze aurkituko ditugu elkarren segidan, baina ez diegu jaramonik egingo horien ezkerraldera ageri diren itxituretako mendi adarrei, eta gorantz segituko dugu malda oker harritsu batetik, errekasto baten alboz albo doanetik.
Goraxeago, bidezidor baten lurzoruan ibiltzen hasiko gara, eta bidegurutze bateraino iritsiko. Han, hesola batean iltzatutako gezi hori bat aurkituko dugu, eta, hark adierazitako bidetik eginez, basoan sartuko gara bete-betean, San Josepeko pagadi zoragarrian. Baso zarratua zeharkatzen duen bidezidorretik, berriz, betiere baliza horiei segika, gorantz egingo dugu pixkanaka-pixkanaka, Erraitzegainaren iparraldeko hegaletik.
Bide beretik segituko dugu, eta, bidegurutze batera iritsitakoan, ezkerretik joko dugu; handik metro batzuk gorago, bihurgune batean eskuinerantz egingo dugu. Hortaz, gentozen bidea utzi, eta baso zarratuaren barreneraino doan bidetik joko dugu; ibilbide osoko lurzorua goroldio berdeko hainbat geruzaz josita dago.
Hainbat errekaz hornitutako amildegi baten ertzetik joango gara, pista batekin bat egin arte; pista horretatik, ehunka metro egingo ditugu eskuinerantz, eta, hurrengo, ezkerrerantz agertuko zaigun bidexka batera aldatu, eta maldan gora igoko gara. Hala, San Josepeko goialdeko zerrendan sartuko gara, sigi-sagatsu doan bidexka batetik ibiliz. Tarteren batzuetan, baliteke asunez josita egotea bazter guztiak, baina ez digute galaraziko aurrera egitea.
Aldapa bat igo, eta San Josepeko ermitara iritsiko gara, eta, handik, Larraineko ibarraren eta haren hegoaldeko arkuko mendien ikuspegi ederra izango dugu. Goraxeago, beste bidezidor bat aurkituko dugu; tarte harritsu batean ibili eta gero, behin betiko atzean geratuko zaigu basoa, eta Orhipera eta haren Behastoiko mazela bihurgunetsura iritsiko gara. Hango zelaietatik gabiltzala, Erroimendiko lepoan dagoen gurutzearen ondotik pasatuko gara; ondoren, pista batera iritsiko gara, eta berriro ere eskuinaldeko mendi adarretik joko dugu, Erroimendiko mendateraino.
Errepidea zeharkatu, eta maldan gora abiatuko gara, usategien lerroari segika eta biak batzen dituen bidezidor malkartsutik. Hainbat usategi igaro eta gero, mugarri batzuk aurkituko ditugu, bide erakusle, nahiz eta galtzeko aukera handirik ez egon. Gainjarrita igo beharko dugu Behastoiko gailurreko eskuineko erlaitzera, eta, hala, lehen gailurraren aurreko mailaraino iritsiko gara: Atxurterriko bigarren mailako gailurrera.
Behin goranzko zatirik latzena eginda, beste lerro zuzen bat marraztu behar dugu mendi mazelan, txirrista handi baten antzera egiten baitu beherantz. Behin gailurreko lerroaren pean jarrita, goialdeko zerrenda harkaiztsuko ibilbide egokienetik joko dugu. Hesola laranja-kolore batek emango digu horren berri, eta gorantz egingo dugu, eskuinaldera makurtzen den bidexka sigi-sagatsutik.
Igarobide harkaiztsua gaindituta, ezkerrerantz egingo dugu, eta hango erlaitz samurretik ibiliko gara: lehenik, Orhiko erpin geodesikoraino, eta, hurrengo, Belaguako ibarrean erdi ageri den buzoiraino, handik dozenaka metrora baitago. Igo garen tokitik jaitsiko gara.