Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Pagoetatik,Morazako talaiara

Wikibookstik
Pagoetatik,Morazako talaiara
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Erraza
Lekuak Pagoeta, Payueta, Somo mendatea, Moraza, Los Payos
Distantzia 5,5 km. 2 ordu.
Ingurunea Morazako mendian zidor ezkutu batek argia ikusi du oraintsu. Xendari jarraituko diogu basoa janzten duen artadi-erkameztia ezagutzeko asmoz.
Abiapuntua Pagoeta (Payueta)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

'[1]

Ibilbidea

[aldatu]

Arabako hegoaldeko mugan, Los Payos izena duen tontor bitxi bat goititzen da. Inguru horrek Moraza izen-lekua ere hartua du, Euskal Federazioak argitaratutako mendi katalogoan irakur daitekeenez. Altitudeari begiratuta, mila metroak doi-doi gainditzen ditu, baina, hala ere, Trebiñuko eskualdea mugatzen duten mendien artean garaiena da. Abantaila handia, hortaz, talaiatik ikuspegiez gozatzeko. Soa hegoalderantz zuzenduta, Errioxako erliebe gorabeheratsuaren atarian, Toloño mendilerro sonatua ikusiko dugu. Ezusteko galanta, zinez, parajeotara lehen aldiz urreratzen direnentzat. Erraldoiaren hurbiltasunaren eraginez, Morazakoak ezer gutxi aldarrika dezake mendizaleen bisita areagotzeko.

Egoera aldatu beharra zegoen Morazako balore ekologikoak ezagutarazteko. Mendialdea eskualdeko arduradunen ekimenez, Arabako Mendizale Federazioko Senderismo Batzordeko adituek lanari buru-belarri ekin zioten. Orain bizpahiru urte PR-A 75 kodedun ibilbide laburreko zidorrak argia ikusi zuen eskualdean. Xenda berriari jarraituta, Morazako tontorraz gainera Inglares ibaian sorrarazitako ur-jauzi biziaz gozatzeko aukera dute ibiltariek. Opari umila, zinez, begirada lasaientzat.

Somotik tontorrera

[aldatu]

Abiapuntua Pagoeta (Payueta) herrian jarri dugu. Pagoeta herri xumea da, eta Morazako talaiaren oinaldean dago, Urizaharratik distantzia laburrera. Pagoetara iristean, autoa errepide ondoan utziko dugu, herrigunean sartu gabe. Erreferentzia, akaso, plaza txiki bateko iturria. Lehen pausoak errepidetik egingo ditugu, Urizaharrarantz (ekialdea). Ibilbidean zehar pintura arrastoak (zuriak eta horiak) eta hainbat seinale ikusiko ditugu. Ibilian hasi eta metro gutxira, asfaltoa utzi eta ezkerrera joz, nekazari bideari men egingo diogu. Galsoroen artean Somoko mendatera iritsiko gara. Urizaharrara doan A-2124 errepidetik gertu gaude. Bertako bidebanatzean, ezkerrera egin eta erkameztian barrena jarraituko dugu. Laster batean Cerro eta Moraza adierazten duten seinaleak ikusiko ditugu. Morazako tontorra igotzeko asmoa baitugu, eskuineko bideari jaramon egingo diogu. Hala gauzak, erkametzak eta ezpel alorrak lagun, bide harritsuan gora hasiko gara. Gora eta gora, atsedenik hartu gabe. Malda pikoa bukatuta, bidea apaldu egiten da (gaitz erdi!). Orduan, lerrotik jarraitu ordez, Lizarra ikastolako lagunek eraikitako postontzi artistikoa —oilar bat da— bisitatuko dugu. Pistaren ezkerraldean dago, landaretzak ongi babestua.

Zidor ezkutua

[aldatu]

Merezitako sosegua hartu eta gero, basabidean aurrera egingo dugu, bizkar edo gandor zabaletik. Bi minutu baino ez. Cerro seinalatzen duen zutoina ikusi bezain pronto, pistatik irten, eta hurbil dauden zumarren ondora joko dugu. Gero, pagadia zeharkatu, eta maldan behera hasiko gara. Landaretza tupustean aldatzen da. Jakina, hegoaldeko isurialdean gaude, eta tenperatura epelak espezie mediterranearren agerpena bultzatzen duela bistan da. Zuhaitzei dagokienez, erkametz eta arte trinkoak ikusiko ditugu. Zidor balizatuari eta harri koskorrez osatutako seinaleei muzin egin gabe, kareharrizko gandor xumetik jarraituko dugu une oro. Behin malda amaituta, Cerroko basabidera irtengo gara. Eskuinetik jarraitu nahi izatekotan, Inglares ibaiak sorrarazten duen ur-jauzi dotorea bisitatzeko aukera izango dugu. Baita Herrerias izeneko zokoan funtzionamenduan dirauen ubide emaritsua ere.

Pagoetara itzultzeko, eskuinera joko dugu aurreko bidebanatzean. Pinudia ondoan daramagula, eskuinera hartuko dugu hurrengo bidebanatzean. San Cristobal muineko antenaren azpitik igarota, herrian sartuko gara.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua