Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Pagozarretako zutarria

Wikibookstik
Jump to navigation Jump to search
Pagozarretako zutarria
Ibilbide honen argazkiak igo
67617-Pagozarreta-bidea.svg
Herrialdea Araba
Zailtasuna Star icon containing star icon.svgStar icon containing star icon.svg Erraza
Lekuak Sarria, Gorbeiako parketxea, Aldarroko saroia, Burbona, Burbonako lepoa, Nafakorta, Pagozarretako zutarria, Arlobiko zubia, Gorbeia
Distantzia 19 km. 4 ordu eta 30 mn.
Ingurunea Oderiaga mendia harresi baten moldean gailentzen da Gorbeiako natur parkean. Haren mazelara iritsiko gara, Pagozarretako zutarria bisitatu eta hango paisaiez gozatzeko.
Abiapuntua Gorbeiako parketxea (Sarria)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

'[1]

Ibilbidea[aldatu]

Oderiaga aipatu dugularik ere, ez gara igoko gailurreraino, Pagozarretako hareharrizko monolitoa oraintsu zutitu baitute eta hari bisita egiteko asmoa baitugu. Arabako muga-mugan denbora luzez etzanda egon ostean, loalditik irteteko abagunea iritsi zaiola dirudi. Luis Millan lagunak eman zuen haren berri, 1984an. Orozko eta Zuia eskualdeen arteko elkargunean zetzan harri isila, umil eta apal, txilardiak eta otadiak hagitz inguratuta. Monumentu megalitikoa ote den argitu nahi izanak adituei lanak eman zizkien orain urte gutxi. Izan ere, blokearen morfologiari eta neurriei erreparatuta (3,9 m), eremu hurbilean altxaturiko beste iruinarri batzuen antza zuen. Eta, harriari begiratuta, oso litekeena zen beste nonbaitetik hara eramana izatea. Zer ikertua, beraz, bazegoen.

Edonola ere, harriaren historiaurreko izaera baztertzeko arrazoi batzuk ere bazeuden. Horregatik, zundaketa eta indusketa arkeologikoa abiarazi zi-tuen Pedro Jose Lobo adituak 2005ean. Hark kanpainaren memorian argitu zuenez, monolitoaren oinarrian ia bi metroko zundaketa egin zuten arren, ez zuten maila arkeologikorik aurkitu.

Sarriko harrera etxea[aldatu]

Barandiaranek, haatik, trikuharri bat aurkitu zuen ehunka metro ekialderago. Hilobi-kamera osatzen zuten lau harlauzak bertatik bertara aztertu zituen 1922an, baita haren estalki biribila ere. Enrike Ibabe etnologoak Geure Gorbeiari lan mardulean idatzi duen legez, Pagozarretako trikuharria estaltzen zuen harlauza guztiz aldatuta dago gaur egun. Oso litekeena da errotarri baten itxura emateko xedez landu izana. Ez harritu, hala bada. Izan ere, Oderiagako magalek hareharrizko lehengai oparoa eman dute aspalditik.

Sarriko (Araba) natur parkeko harrera etxean hasiko dugu ibilbidea (parketxean). Murgiatik Altuberako irteeran ikusiko dugu desbideratzea. Baia ibaiari segika doan errepide estuak lagunduko digu aparkalekuraino.

Gorbeiako mendigunean barneratuko gara tximista bezain azkar, betiere parketxe aurreko basabideari jarraituta. Artzaintza izeneko zidorraren arrasto zuri-gorrien laguntzarekin (GR 282), Zalbibartxoko ur-putzua atzean utziko dugu berehala. Ondoren, Igatz zubirantz egingo dugu. Aldatsa amaitzean, Berretin tontorrerako basabidea ikusiko dugu eskuinaldean. Proposatutako ibilbide honek, ordea, Baia ibaiaren ibilguari men egingo dio, tinko, eta Aldarro txabolara eramango gaitu. Aldarroko kortaren atzealdean bi pago sendo daude, zein baino zein ederragoak. Baiako ibarra eta GRa uzteko unea da orain, baita bi pago horien artean abiatzekoa ere.

Izerdiari kopetatik behera labaintzeko aukerarik eman gabe, eskuinera joko dugu lehen bidebanatzean. Hala, zeharka-meharka hasiko gara basoan gaindi. Minutu batzuk emango ditugu atsedenik hartu gabe, harik eta basabideak goratasun gehiena hartzeko plantak egiten dituen arte. Izeiak eta koniferoak atzean utziko ditugu orduan, eta pagadiaren aurrean jarriko gara. Burbonako tontorrera igo gabe —eskuinean dago—, bizkar gainetik segituko dugu, iparraldera urratsak eginez. Igoera xumea egiten hasi eta berehala, bidebanatze batera eramango gaitu basabideak. Aurrera joko dugu han, lerroari ongi atxikita eta GR 282 zidorraren markei errepararatuta. Pagadi xume baten ondora iritsitakoan, Arlobira jaisteko aukera ikusiko dugu. Desbideratze horri muzin eginez, Katxabaso aldera hartuko dugu, bide seinaleek dioten legean. Erne ibiliko gara hurrengo pagadira iristean; izan ere, GR zidorra ezkerrera okertu eta Garrastatxuko baselizarantz doa. Beheraka egin gabe jarraituko dugu guk, bizkarrari hertsiki oratuta, Nafakorta tontortxoaren ondoan izan arte. Natur parkeko bide seinaleak agertuko zaizkigu Nafakortako lepoan.

Arraldeko arroila[aldatu]

Aurrera egin gabe, eskuinera jo eta Arraldeko ibarrera jaitsiko gara. Errekastoa zeharkatu ondoren, koniferoak eta urkiak babesten dituen itxitura baten aldamenean segituko dugu. Alanbrea amaitzean, zehar-zehar jarraituko dugu. Aurrera begiratuz, Pagozarretako zutarria ikusiko dugu, hari bakartia muino zabalaren gainaldean; atzean, gainera, Gorbeia tontor erraldoia bistaratuko dugu. Pistatik irten gabe, harlauza labainkorrak baliatuko ditugu errekasto jauzkaria gurutzatzeko. Ondoren, birlandaketa bat eskuinean dugula, basabidetik irten eta ezkerrera eginez, zutarria dagoen tontortxora igoko gara. Trikuharria ikusteko gogoz izanez gero, Zuia eta Orozko udalerrien arteko muga hurbila igaro behar dugu. Gero, lepoan gora pitin bat eginda, eskuinera jo eta laster iritsiko gara.

Monumentuz bapo aseta, pistara itzuli eta mazelak zeharkatzen jarraituko dugu. Arraldeko ibarrean behera egingo dugu uste baino arinago. Arroila antzeko batean ibiliko gara. Parajea, zinez harrigarria! Ur-emariari jarraitu eta paseo galantaz gozatuta, Arlobiko zubira iritsiko gara. Azkenik, bide zabalak erakutsiko digu Aldarrorainoko bidea.

Erreferentziak[aldatu]

  1. Berriatik hartua