Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Pedroko hezegune ekologikoa
Pedroko hezegune ekologikoa | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Oso erraza |
Lekuak | Agurain, Pedroko hezegunea, Arrizabalaga, Sorginetxe trikuharria, Sallurtegi |
Distantzia | 9 km. 2 ordu eta 15 mn. |
Ingurunea | Pedroko hezegunea sosegurako leku bilakatu da hegaztientzat; gozamenerako habia ibiltarientzat: bertako bazter bustiek interes ekologikoa suspertu zuten adituen artean eta eremua itxuraldatu egin zuten. |
Abiapuntua | Agurain |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Pedroko hezegunea sosegurako leku bilakatu da hegaztientzat; gozamenerako habia ibiltarientzat: bertako bazter bustiek interes ekologikoa suspertu zuten adituen artean eta eremua itxuraldatu egin zuten. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Uransolo deritzan parajetik urrun ez, Agurainen (Araba), Pedroko hezegunea zabaltzen da. Bazterrak arakatzeko zidorrak eta behatoki bat egokituak izan dira han, naturaz gozatzen laguntzeko. Pedroko urmaelaren sorrerari dagokionez, ulertu behar dugu garai batean euri-ura eta lur azpitik jariotako ura bertantxe pilatzen zirela. Tamalez, ur-laster emaritsuek uholdeak eragiten zituzten Aguraingo hiribilduan.
Bestalde, Pedrokoko bazter bustiok interes ekologikoa suspertu zuten adituen artean, hegaztientzat pausaleku paregabea izan zitekeelakoan. Horiek horrela, eremua itxuraldatzeko proiektu bat hezurmamitzen hasi ziren. Lehen lanak aurrera eraman zituzten berehala. Paseorako azpiegiturak, geroago, bigarren fasean. Egun, Lautadako eskualdea zeharkatzen duten hegaztiek bazkaleku paregabea dute Pedrokoko ur-eremuan.
Ibilbidea Aguraingo hiribilduan hasiko dugu. Ibili-ibilian jarriko gara San Joan elizaren ondoko aparkalekuan. Burdinazko uztai batzuk ikusiko ditugu plazatik metro gutxira: Eraldaketa izena daraman artelana da. Eskultura bitxia inguratuta, Zumalburu kaletik jarraitu eta, hegoaldera eginez, Entzia mendilerroari begira jarriko gara. Gero, Salgorri izeneko kaleari jarraituko diogu trenbidera iristeko. Burdinbidea babesten duen porlanezko hormara iritsitakoan, eskuinera egin eta haren paraleloan jarraituko dugu, harik eta trenbidearen azpitik igarotzeko aukera izan arte. Orduan, tunel txikia zeharkatu, eta, trafiko seinaleari jaramon eginez, Euroclor enpresako bulegorantz joko dugu. Enpresari gortea egiten dioten makal lirainak ikusiko ditugu han. Haien ondoan jarraituko dugu, ur-emari gutxiko errekastoari begia kendu gabe. A-1 errepide nagusiarekin bat egiteko gutxi falta dela, errekastoaren ondora jaitsi eta autobidearen azpitik igaroko gara. Tunel luzea da eta, eskuarki, euri-urek aho iluna zeharkatzen dute. Hala gertatuta ere, ez dugu paseoa txukun burutzeko eragozpenik izango, ezkerraldean harriz osatutako igarobidea dago eta.Tuneletik irtendakoan, ezkerrera okertu eta asfaltoaren gainean jarraituko dugu. Metro batzuk baino ez. Eskuinaldean landabide bat agertzean, errepidetik aldendu eta hartxintxarrezko bideari ekingo diogu. Aurrez aurre, Entzia-Iturrieta mendigunea dago; gertuago, Pedroko hezeguneko behatokia. Bideak talaia horretaraino lagunduko digunez, autoentzako aparkalekura iritsi arte jarraituko dugu. Hezegune zabalaren gaineko panoramika hartzearen kariaz, talaiaraino bertaraino igoko gara. Largabistek lagunduta, hezegunea bisitatu ohi duten hegaztiak bistaratzeko aukera paregabea dugu.
Bisita amaiturik, tontortxotik jaitsi eta ezkerrera joko dugu. Hezegunea inguratzen duen bideari eutsiko diogu. Egoera kaskarrean dauden egurrezko zutoinei men egingo diegu, ezeren berri ematen ez duen argibide taula batera iritsi arte. Bide sardan, ezkerrera egin eta, Salgorri urmaela alboan utzita, Alangua herrira begira jarriko gara. Soa ezkerraldera luzatuta, Sorginetxe trikuharria ikusiko dugu. Lur-sailek inguratuta dago behialako tenplua, elorri zuriek ederki babestuta. Haren ondora iristekoak gara gu ere, baina lehenago Arrizabalaga herritik igaroko gara.
Egileor eta Arrizabalaga herriak lotzen dituen errepidean, ezkerrera hartu eta, asfaltotik irten gabe, Arrizabalagako iturrira iritsiko gara. Orduan, ezkerrera ekin eta arkitektura ederreko monumentura iritsiko gara. Trikuharriari bisita egin ostean, Arrizabalagara bueltatuko gara. Iturrian ezkerrera egin eta, asfaltoa gogaide, Opakuarako bideari ekingo diogu. Murumendi inguruan, errepidea zeharkatzen duen landabide bat ikusi bezain pronto, ezkerrera jo eta Salkurtegiko baserrira bideari ekingo diogu. Agurain aldera jarrita, Sallurtegiko baserria hartzen duen muinoa aurrez aurre izango dugu. Behiala herrixka bat izan omen zen bertan; gaur egungo baserria, hari zegokion eliza xumea. Gerardo Lopez de Gereñu etnologo arabarrak mortuorio hitza ezarri zuen aspaldi desagerturiko herrixkak izendatzeko. Sallurtegi herri hustuetako bat da adituaren aburuz. Egun, ordea, abeltzaintzari eusteko ahaleginean dabilen baserri bakartua. Ama -Birjinaren jatorrizko irudiaren erreplika ikusiko dugu kanpoko hormari lotuta. Kino Gamarra eta Fernando Garcia de Kortazar eskultoreek ederki landua da.
Santa Marina iturriko bidea hartuko dugu eta Opakuako abelbidearekin bat egitean, Litutxipiko biribilgunea inguratu eta herrian sartuko gara.