Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Pinedoko labar multzoa
Pinedoko labar multzoa | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Oso erraza |
Lekuak | Pinedo, Santiagoi haitza |
Distantzia | 4 km. Ordubete |
Ingurunea | Branka baten antzera zizelkatuta daude; Pinedoko haitzuloak. Ibilbide birtuala proposatzen dugu, segidan ondarea gogora ekartzearen karietara. |
Abiapuntua | Pinedo |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Branka baten antzera zizelkatuta daude Pinedoko haitzuloak. Ibilbide birtuala proposatzen dugu, segidan ondarea gogora ekartzearen karietara. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Osasuna erabateko ongizate fisiko, mental eta sozialeko egoera bat da. Hala berresten dute adituek. Osasuntsu egongo bagara, beraz, ezinbestekoa da mugimendua. Paradoxikoa, agian, asteotako konfinamendu egoerak udaberri jaioberriaz gozatzeko daukagun eragozpena. Koronabirusa bere kasa dabilen honetan, gaitzari muzin egingo diogu istant batez, eta kirol saio birtual bati ekingo diogu. Betiere, atal hau baliatuz.
Arabako Gaubeako ibarra natura oparoa eskaintzen duen eskualde ezaguna da. Hamaika mendizalek eta ibiltarik hitzordua hartu ohi dute naturgune horren indarra gertutik sentitzearen kariaz. Valderejo eta San Zadornil inguruek babesa izan zutenetik, aitzakiarik ez da falta izan ler gorriek itxuratutako paradisuan barna sartu-irtenak egiteko. Adibide gisa, ondoren prestatutakoa.
Santiago Haitza
[aldatu]Pinedo herria Gaubeako ibarrean dago (Araba). Hantxe jarriko dugu abiapuntua, mendebaldeko zoko-moko liluragarrian. Herri koxkorra izanagatik ere, sona handiko bazter historikoa da. Pinedotik hurbil Santiago izena daraman haitza dago, eta kareharrian bildurik dozena erdi haitzulo begietsi daitezke. Barrunbeetara hurreratzeko Pinedo herrian utziko dugu autoa, iturria, edanlekua eta latsarria dauden zabalgunean. Ibilian hasi aurretik, baina, erreparo egingo diogu argibide taulari. Ohar historikoen eta ibilbide batzuen nondik norakoen berri izango dugu eta.
Errepidean behera hasiko gara eta, lehen bihurgunera iritsita, ezkerretik doan basabide asfaltatuari jarraituko diogu. Ehunka metro egin ostean, haitzuloen multzo arkeologikoaren atarira iritsiko gara. Eskailera mailetan behera eginda, kareharrian zizelkaturiko itzelezko parajea bistan izango dugu. Barrunbeak bi solairutan daude banatuta. Paquita Saenz de Urturi adituak esaten duenez, galeriok VI-VII. mendekoak dira, eremutarrak kristautasunaren perfekzioaren bila abiatzen zireneko garaikoak. Barrunbeak, gelak eta balkoiak ez ezik, hainbat hilobi antropomorfo ere ikusiko ditugu erlaitzaren babesean.
Bide egokituari men eginez, ibilbide zirkularra osatuko dugu Santiagoko haitza inguratzearekin batera. Ondare eremutik irtengo gara, beraz, eta GR 1 Zidor Historikoa bidaide goratasuna hartzeari helduko diogu. Ur biltegira iritsitakoan, zuzen-zuzen jo eta basabide lauari ongi oratuko gatzaizkio. Hala, Pinedo-Valpuesta etapako bide seinalera iritsita, eskuin-ezker egin ordez, zuzen jarraituko dugu. Bidexkak, orduan, pinudian sarraraziko gaitu isil-gordean. Basabidera berriz irtetean, eskuinera egin eta gora jarraituko dugu, betiere tinda zuri-gorriko arrastoak lagun ditugula. Hurrengo bidegurutzean, Basabe herrira doan bidea bazterrean utzi eta behera doan bideari men eginda, Pinedora iritsiko gara arnasa batean.