Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Pinodietatik Ezpeletara

Wikibookstik
Jump to navigation Jump to search
Pinodietatik Ezpeletara
Ibilbide honen argazkiak igo
Pinodietatik Ezpeletara.jpg
Herrialdea Lapurdi
Zailtasuna Star icon containing star icon.svgStar icon containing star icon.svg Erraza
Lekuak Zuraide, Pinodieta lepoa, Ezpeleta
Distantzia 9,4 km. 2 ordu eta 45 mn.
Ingurunea Done Jakueren Baztango bidearekin batzen da Pinodietakoa, eta haren lepotik ikuspegi zoragarriaz goza daiteke.
Abiapuntua Zuraide
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Done Jakueren Baztango bidearekin batzen da Pinodietakoa, eta haren lepotik ikuspegi zoragarri batez goza daiteke. [1]

Ibilbidea[aldatu]

Lapurdiko herri polit honetako gainak zeharkatuz, Pinodietako lepora joko dugu, eta, bertatik dagoen ikuspegiaz gozatuz, aldameneko Ezpeleta herrira jaitsiko gara, baso eta garo leku artean marrazten diren bideetan zehar. Piperraren kapitala bisitatu ostean, Zuraidera itzuliko gara, errepidearen ondotik zabaltzen den pista eta bide zabaletatik.

Parez pare dauden Zuraideko Jakobe elizari eta herriko etxeari bizkarra eman, eta errepide aldera jaitsiko gara. Biribilguneari itzuli erdia eman, eta Ezpeleta aldera doan errepidetik metro gutxi batzuk bete ondoren, bide seinaleek —marra horiak— erakutsiko digute aukeratu beharreko bidea.

Pinodietako bide honek bat egiten du Done Jakueren Baztangoarekin. Bide hori Done Jakue bide nagusiaren adar zaharrenetako bat da, eta Baztanen barna zeharkatzen ditu Pirinioak. Baionako kaian lehorreratzen zirenek erabiltzen zuten bide hau Iruñerantz zihoazen merkatari karabanekin elkartzeko. Baserri artean Pinodietako leporaino igoko gara, hau gurutzatu eta maldan behera jarraituko dugu lurrezko pistarekin bat egin arte.

Haritz eta gaztainondoen artean zabaltzen den bide honetatik berehala jaitsiko gara errekaren ondora. Hori gurutzatu eta gero, berriro maldan gora jarriko gara, Mehatse baserriren ondora igotzeko. Bidegurutze horretan, ezkerretik doan bide zabaletik 300 bat metro bete, eta bi bideak banatuko dira. Eskuinera Ainhoa herrirantz zuzentzen den Baztango bidea utzi, eta guk ezkerretik ateratzen denari jarraituko diogu. Laster Ezpeleta herria ikusiko dugu, eta garo zelaien artean jaisten den bidetik, egurrezko zubi txiki batek lagunduko digu erreka zeharkatzen. Ibilbidearen tarte honetan, garaiaren arabera, garo balak nonahi ikusiko ditugu. Azken malda txikiak Ezpeletaraino doan errepidera eramango gaitu. Bide balizatua utzi, eta herrian murgilduko gara.

Ezpeleta oso herri ezaguna da, batik bat Lapurdin hazten den bere piper mota ospetsuarengatik. Landare honek Hego Amerikan du jatorria, eta Euskal Herrian XVI. edo XVII. mendean sartu zen. Hasieran medikuntzan erabili bazen ere, gerora janariaren osagarri gisa erabiltzen hasi ziren. Ezpeletan, 1650. urtearen inguruan hasi ziren piperra landatzen, eta piper gorria da gaur egun ezaguna egin dena. Urtero, urriko azken asteburuan, Biperraren Festa antolatzen dute. Jende andana bertaratzen da jakiaren omenezko festarekin gozatzera. Herrian murgildu, eta gaztelu zaharraren ondotik pasatuko gara. Ezpeletako baroiek 1000. urte aldera eraiki zuten, eta bertan egon ziren 1707. urtera arte. Jatorriz Nafarroako errege-erreginen mendekoak ziren, Nafarroako Erresumako hamabi baroietako bat izan zelarik.

Herritik atera, eta balizatutako bidera itzuliko gara. Asfaltozko errepidetik azkar helduko gara erromatar garaiko zubi txiki baten ondora. Laster, lurrezko pista zabalean zehar jarraituz, D918 errepidera atera, eta handik 400 bat metro beteko ditugu, ezkerreko aldetik Etxetoa etxegunera ateratzen den bidea hartu aurretik. Aldapa txiki pare bat gainditu, eta laster iritsiko gara abiapuntura, Zuraideko herriko plazara, hain zuzen ere.

Erreferentziak[aldatu]

  1. Berriatik hartua