Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Raneroren inguruan

Wikibookstik
Jump to navigation Jump to search
Raneroren inguruan
Ibilbide honen argazkiak igo
Raneroren inguruan.jpg
Herrialdea Bizkaia
Zailtasuna Star icon containing star icon.svgStar icon containing star icon.svgStar icon containing star icon.svg Erdikoa
Lekuak Ranero, Surbias, Valsecako lepoa, Armañon, Mazarredonda, Karlistaren tontorra
Distantzia 8,5 km. 2 ordu et 45 mn.
Ingurunea Ibilbideak aukera emango digu Pozalaguako haitzuloak, Karlistaren tontorra eta Armañongo natur parkeko harrera etxea bisitatzeko.
Abiapuntua Parketxea (Ranero)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbideak aukera emango digu Pozalaguako haitzuloak, Karlistaren tontorra eta Armañongo natur parkeko harrera etxea bisitatzeko. [1]

Ibilbidea[aldatu]

Armañongo natur parkeko parketxearen aurrean (Ranero, Bizkaia) hasiko dugu Raneroko kareharrizko mendiguneko bira. Bertan dira Pozalaguako haitzuloak; haien barrunbeetako altxorra aurkitu zenetik, milaka pertsonak interesa eta miresmena erakutsi dute, batik bat barrunbeko estalaktita eszentriko finak ikustean. Aparkalekura iristean, ezker aldean dagoen behatokira joko dugu lehenik, talaia ezin hobea baita Ordunte mendiguneko Kontserbazio Bereziko Eremua bete-betean harrapatzeko, eta baita Karrantzako ibarraz bapo gozatzeko ere.

Behatokitik aparkalekura ekin eta han ezkerrera joko dugu. Armañon Parke Naturaleko informazioa daukan argibide taularen eretzetik igaro eta tipi-tapa hasiko gara. Momentuz, La Zoja behatokira doan bidexka jarraituko dugu. Sigi-saga beherantz, alde batera utziko dugu laster behatokirako zidorra. Haren ordez, GR 123 zidorra izango dugu gidari, nahiz eta batzuetan zaila egingo zaigun pintura arrastoak segitzea. Parketxeko talaiaren azpiko trenbidearen arrastora heldu baino lehen, eskuinera jo eta belarrez jantziriko muinotik jarraituko dugu. Bidexka bitan bananduko da arin baino arinago. Orduan, ezkerrera ekin eta muino batean dagoen ur biltegi zahar baten ondora iritsiko gara. Eraikin xumearen atzetik doan bidexkari jarraituko diogu ondoren. Harresi txiki baten ondotik jarraituko dugu beherantz, eta, beste ur-biltegi xume baten ondotik igaro ostean, Ranerorako errepidera iritsiko gara.

Surbiasko tumulua[aldatu]

Natur Parkearen inguruko argibide taula bat ikusiko dugu Ranero herrian sartu gabe. Orduan, Surbias tumulurantz doan bidea hartuko dugu, ezkerrera. Beraz, porlanezko bidean gora, iparraldera begira jarriko gara. Berehala, ur-hargune bat ikusiko dugu pistak banatzen diren lekuan. Gora doan basabideari jaramonik egin gabe, zuzen-zuzen jarraituko dugu. La Quinta errekastoaren gainetik igaro ondoren, oraingoan bai, maldan gora hasiko gara. Eukaliptoen eta pinuen artetik ibili ostean, bideak panoramika zabala utziko digu, Surbias tontorraren gainean.

Gandorrera igo baino lehen, belardi bat zeharkatu beharko dugu. Baina, zelaiko etxolara jo ordez, eskuinaldean agertuko zaigun harresi txiki bat zeharkatzera abiatuko gara; izan ere, harrizko horma xume horren beste aldean zabal-zabal agertuko zaigu jarraitu beharreko bidea. Metalezko langa gainditu ostean, bideak sigi-saga jarraituko du, goratasuna hartu nahian. Lepora iristean, Surbiasko tumulua ikusiko dugu eskuinaldeko muinoaren altzoan.

Monumentua bisitatu ondoren, lepora jaitsiko gara berriz, eta, Rasa tontorra inguratuta, aurrera egingo dugu, lerrotik aldendu gabe. Cueto la Peña inguruan, Kantabria aldera begira jarriko gara. Pago isolatu batera heltzean, bidexkak gora eramango gaitu. Hala, Haya de la Venera, Picollano eta Mazarredonda muinoetatik hurbil eramango gaitu bidexka bihurgunetsuak. Azken tontor honen ondoan hiru eukalipto ikusiko ditugu: zuhaitzok erreferentzia ona dira. GR zidorrak behera eramango gaitu orduan, eta Picon de la Mosquilla tontorra ikusiko dugu aurrez aurre. Sakonune karstiko zabala inguratu ondoren, bat egingo dugu Ojebar auzotik (Kantabria) igotzen den PR-S 23 zidorrarekin. Hegoaldera ekiteko tenorean, goratasuna hartzen hasiko gara galtzada txiki batetik barrena. Gero, ibarrean gora egingo dugu, eta Valsecako lepora helduko gara. Raneroko haitza zapaltzeko, eskuineko zidorrari jarraitu besterik ez da egin behar. Guk, ordea, lepoan behera egingo dugu, gertu dugu eta Pozalagua haitzuloetako aparkalekua.

Erreferentziak[aldatu]

  1. Berriatik hartua