Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Sagardoaren bidea
Sagardoaren bidea | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Lekuak | Astigarraga, Santiagomendi |
Distantzia | 6,5 km. 2 ordu. |
Ingurunea | Sagardoaren kultura, tradizioa eta bizimodua erakusten duen ibilbide tematiko original bezain adierazgarria egin daiteke Astigarragako Santiagomendi inguruetan. |
Abiapuntua | Astigarraga |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Sagardoaren kultura, tradizioa eta bizimodua erakusten duen ibilbide tematiko original bezain adierazgarria egin daiteke Astigarragako Santiagomendi inguruetan. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Sagardoaren kulturaren bidez, Santiagomendiko baserrien eta Astigarragako (Gipuzkoa) historia ezagutzeko parada izango dugu. Bertako biztanleen bizimoduaz gain, Donejakue bideak izan zuen eragina erakutsiko digu. Bide batez, ibilbidearen abiapuntuan dagoen Sagardoetxea bisitatzeko aukera izango dugu.
Santiagomendi
[aldatu]Sagardoetxearen ondoan hasiko dugu gaurko ibilaldi tematiko hau. Herriaren gainaldetik zuzentzen den bide zabalak berehala eramango gaitu Astigarragako udaletxearen aurrean dagoen plazara eta frontoiaren ondora. Horiek atzean utzi, eta Rezola sagardotegirantz doan aldapari ekingo diogu. Eskuinetik datorren bidea utzi —hori itzultzeko erabiliko dugu—, eta, ezker aldetik zabaltzen den errepide pikotik, gorantz egingo dugu. Tarteka, ibilbidearen norabidea erakusten duten egurrezko seinaleak ikusiko ditugu. Plazaetxea auzora iristean, lehen geldialdia egiteko tenorea izango dugu, eta han panel bat ikusiko dugu, non XIII. eta XIV. mendeetan Astigarragan zeuden bi botere eremuen azalpenak agertzen diren: Santiagomendikoak eta Murgiakoak. Plazaetxea zen bi gune horien arteko lotunea. Astigarragako lehen udaletxearen egoitza bertan egon zen. Murgiako jaurerria Murgiako jaunen seme-alabek izan zuten boterearen ikurra da. Hasieran, gotorlekua izan zen, eta, gero, ahaide nagusiek Gipuzkoan izan zuten dorretxeetako bat.
Bide asfaltatutik gorantz egingo dugu, eta berehala iritsiko gara Goikoetxea baserriaren ondora, ibilaldi honen bigarren geldialdira. Astigarragako historian baserriek sagardoaren ekoizpen eta merkaturatzean izan zuten garrantziaren aipamenak egiteaz gain, aurreko mendeetan sagardoaren elaborazioan erabili zituzten sistemen azalpenak ematen dira. Gertu dago Argindegi baserria, Santiagomendiko baserririk zaharrenetakoa. XVI. mendean, sagasti zabalak zituen, eta sagardoa merkaturatzen zuen. Garai berekoa zen Latsaga baserria ere. Oso egoera onean dagoen karobia gure eskuinera utzi, eta aurrera segituko dugu. Hirugarren geldialdia pasatuta, Sagardoa eta itsasoa izenekoa, gertu ikusiko dugu Santiagomendiko muinoa. Erraz igoko gara baselizaren ondora, eta, hango begiratoki naturaletik, kostaldeko ikuspegi zabalaz gozatu ahal izango dugu.
Garai batean Hermana edo Ermañamendi izenez ezaguna zen mendi muino honetan, Donejakue bidean dagoen baseliza ezaguna ikusiko dugu, eta, horren alboan, 30-35 lagunentzako aterpetxe bat. Eraikin horien inguruan, berriz, baserrietan lanerako erabili ohi diren hainbat tresnaren erakusketa bat. Gure lurraldera iristen ziren erromesek kostaldeko edo barrualdeko bideen artean aukeratu behar izaten zuten Santiago aldera jarraitzeko. Santiagomendikoa barrualdeko bidean dago; Oiartzundik zetozen erromesak handik pasatzen ziren Hernani aldera jaisteko.
Bide erdia bete gabe, bide zabal eta balizatuak Ermaña aldera eramango gaitu. Segidan, Buenavista aldera joko dugu seigarren geldialdia egiteko. Ergobia eta Hernaniko lurrak gure ezkerraldera lagata, mendiaren magalean zehar Artola baserriaren ondora iritsiko gara, eta, aurrera segituz, upel handi pare bat ikusiko dugu. Orain arteko bide asfaltatua utzi, eta lurrezko bide zaharretik jaitsiko gara Rezola sagardotegiaren ondora. Hemendik abiapuntura joateko, hasieran bete dugun bidea egingo dugu. Sagardoetxera iristean, berehala ohartuko gara hiru gune dituela: lehena museo gunea da, eta hainbat panel interaktibo, azalpen panel, argazki eta jokoren bidez, sagardoaren iragana, oraina eta etorkizuna erakusten dira; bigarren gunea sagastia da, eta, modu pedagogikoan, sagarraren kulturaz goza daiteke aire zabalean; eta, azkenik, hirugarren gunea Dastatzea izenekoa da, eta, txotxeko errituari jarraikiz, sagardoa dastatzeko aukera ematen du. Sagardoaren kulturaz gozatzeko leku ederra, naturarekin harremanetan ikasteko leku aproposa, ikusiz, ukituz eta dastatuz.
Iruditegia
[aldatu]-
Sagardoetxea.
-
Santiagomendi auzoa.
-
Goikotetxea baserria.
-
Karobia.
-
Ikuspegia.
-
Santiago ermita.
-
Ermaña.
-
Upela.
-
Astigarragara jaisten.
-
Astigarragako udaletxea.