Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Saibi: mendi odoltsua

Wikibookstik
Saibi: mendi odoltsua
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Bizkaia
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Mañaria,Oilomendi, Ezkumin, Akalarrako lepoa, Iturriotz, Saibigain
Distantzia 15,4 km. 4 ordu eta 45 mn.
Ingurunea 1937ko apirileko borrokaldietan Saibiren gailurrari erasotzeko euskal eta asturiar gudariek egindako pausoei jarraitzea da ibilaldi honen proposamena.
Abiapuntua Mañaria (autobus geltokia)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

1937ko apirileko borrokaldietan Saibiren gailurrari erasotzeko euskal eta asturiar gudariek egindako pausoei jarraitzea da ibilaldi honen proposamena [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Mendi odoltsua deitura garratzarekin bataiatu zuten Saibi mendia, 1937ko apirileko borrokaldietan bizia galdu zuten gudarien kopuru handiagatik. Martxoaren bukaeran frankisten aldeko Nafarroako Brigadek gogor eta azkar astindu zuten eusko gudarostearen frontea. Apirilaren 6aren arratsaldean, Saibi (954 m) mendiari eraso egin, eta ihesean jarri zituzten errepublika aldeko euskaldunak. Une horretan, koordinazio akats baten ondorioz, hegazkin alemanek gailurra gogor bonbardatu zuten, bando bereko nafarren konpainia erabat desegin arte. Sarraski hori hurrengo egunetako hilketa eta hondamendiaren hasiera baino ez zen izan, gailurraren konkista eskutik eskura aldatu baitzen laino, euri eta elur artean.

Han gertatutakoaren testigantzak bildu dituzte G. Tabernillak eta J. Lezamizek Saibigain: El monte de la sangre liburuan. Hain zuzen ere, lekukoen oroitzapenak bidaide, Saibi gailurrari erasotzeko euskal eta asturiar gudariek egindako pausoei jarraitzea da ibilaldi honen proposamena.

Otxandio (Bizkaia) eta Urkiolako posizioak galdu ondoren eusko gudarostearen agintaritza Mañarira jaitsi zen. Handik abiatzen ziren gudariak Artzateko haitzetaraino, Saibi mendira azken erasoari ekin aurretik. Gailurrean nazionalek jarritako metrailadore eta morteroetatik babesteko, Eskuagatx mendilerroa inguratu ohi zuten, hiruzpalau orduko ibilaldian, arma, munizio eta janari hornidurak garraiatuz. Mañariaren gainean gailentzen den karehaitzezko hormatzar erraldoia da Eskuagatx. Haren iparraldeko Ezkillar gandorra da batez ere ikusgarria.

Hara igo gabe, ipar-ekialdetik (eskuinaldetik) inguratuz hel daiteke Saibiren oinetara. Horretarako, Mañariko autobus geltokiaren ondoan iparraldera hartu behar da Andra Mari kaleraino. Bidegurutzean, ezkerreko bideari jarraitu behar zaio, telebistako anteraraino, lehendabizi, eta Olarreta leporaino, ondoren, PR-BI-84 bidezidorraren marka zuri-horiei jarraikiz. 500 metro aurrerago dagoen bidegurutzean (Oilomendi, 672 m) PR-BI-83 bidera aldatu behar da (ezkerrera). Haitzak ezkerraldean, sigi-saga baten ondoren, Errialtabaso (1.011 m) eta Ezkumin (915 m) arteko lepora heltzen da. Baliza batek Errialtabasori (1.011) sarbidea ematen dion hozkada adierazten du. Ezkoaga sakonunea ezkerrean utzi eta hego mendebaldera jo behar da Gorostibakar (924 m) eta Txumulutxueta (918 m) arteko leporaino. Pinudian sartu aurretik, zuri-hori marka batek hegoaldera okertzeko agintzen du, ezkerrera, alegia.

Lepoa gainditu ondoren hego-ekialderantz jo behar da, Artzateko sakonunea eta Akalarrako lepoa ikusgai diren arte. Saibirantz jo aurretik, gogoratuko ditugu sakonune honetan babestu ohi ziren euskal eta asturiar gudariak batere aterperik gabe, apirilaren egun hotz eta euritsu haietan. Akalarrako lepoko artzain txabola bakarra erizaindegi gisa erabili ohi zuten, erasotik bueltan zaurituriko gudariak hartzeko. Erasoaz babesteko, sakonunearen ezkerraldeko Deabru Atxaren (778) gailur lerroan paratu zituzten hainbat metrailadore eta mortero.

Borrokaldi latza

[aldatu]

1937ko apirilaren 10ean, asturiar batailoi batek erasoari ekin zion, gauez; baina bidean galdu egin zen. Apirilaren 12ko arrasti euritsuan berriz ekin zioten, eta iluntze arte etsaiaren tiroketa latzari eutsi zioten, gorputzez gorputz ere borrokatuz, gailurra menderatu arte. Berreskuratutako posizioa defendatzeko zeharo lokaztuta eta blai eginda, lubakietan sartu ziren, 01:00 arte iraun zuen zaparradaren azpian. Tamalez, egunsentian, Otxandioko kanoi alemanen bonbardaketa bortitza jasan zuten. Orduan Saibi eta inguruak zuhaitz gabeko lursail gorri ziren. Hildakoak asko izan ziren. Ondorioz, asturiarrek gailurretik ihes egitea baino beste irtenbiderik ez zuten izan.

Amore eman gabe, apirilaren 14ko arratsaldean beste eraso bat izan zen: orain, eusko gudarien eskutik. Lainopean ezkutaturik, asturiar gorpuen artean, gailurrera asko hurbildu ziren, lainoa jaso eta agerian geratu ziren arte. Esku bakoitzean granada bana eta gerrikoan pistola zutela, borroka odoltsua hasi zuten. Iluntzean, etsaiak menderatu, eta Saibiren jabe egin ziren, elur eta haize ekaitza bortitz bat hasi zen unean. Gudari gehienek, zauriturik, ezin izan zituzten baldintza horiek jasan, eta ihes egin ez zutenak bertan hil ziren, hotzez. Ihesaldia kaotikoa izan zen. Hainbat Akalarrako lepotik ekialdera, Saibi eta Deabru Atxaren arteko sakan pikoan behera, Urkuleta auzoraino jaitsi ziren. Gu ere, haien memoria lepoan hartuta, haien bide beretik itzuliko gara Mañarira.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua