Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/San Kosme eta San Damian

Wikibookstik
Jump to navigation Jump to search
San Kosme eta San Damian
Ibilbide honen argazkiak igo
163-Nafarroako ibilbidea San Kosme eta San Damian.svg
Herrialdea Nafarroa Garaia
Zailtasuna Star icon containing star icon.svgStar icon containing star icon.svg Erraza
Lekuak Galdio, Muneta mendatea, San Kosme, Galdio mendatea, Ibarluin, Artabia
Distantzia 12,2 km. 3 ordu eta 15 mn.
Ingurunea Allingo haranaren gainetik hedatzen den pagadian aurkituko dugu, ezkutaturik, San Kosme eta San Damian ermita, Galdio eta Muneta mendateen artean.
Abiapuntua Galdio
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Allingo haranaren gainetik hedatzen den pagadian aurkituko dugu, ezkutaturik, San Kosme eta San Damian ermita, Galdio eta Muneta mendateen artean. [1]

Ibilbidea[aldatu]

Lokizko mendilerroak edo Cordillera de Valdellin deitutakoak Lizarrako arroa menderatzen du, erabat, mendebaldetik. Hamar kilometroko hedadura du kare-haitzezko harresi bikain horrek Urederra eta Erga ibaien haranak banatzen ditu. Hainbat pasabidetatik, mendilerro ikusgarria hau puntatik puntara zeharka daiteke, harrizko pareta garaien gainetik. Txango honetan, mendilerroaren hego-mendebaldeko muturrean ibiliko gara, Allingo haranaren gainetik, mendilerro eder honek eskaintzen duen naturaren oparotasunaz gozatuz.

Allingo kontzejukoa den Galdio herrian emango diogu hasiera ibilaldi honi. XVI. mendeko San Pedro elizaren ondoan kotxea utzi, eta bertatik ateratzen den porlanezko pista zabalean beteko ditugu lehen metroak. San Migel ermitaren ondotik pasa, aska bat ezkerraldean utzi, ur biltegi baten ondora iritsi eta metalezko langa gainditu ostean, eskuin aldetik jaitsiko gara. Ibilbidea PR-NA 185ari dagozkion seinalez balizaturik dago, batzuetan margo zuri eta horiez eta besteetan egurrezko hesolez. Harrizko pista zabalean zehar aurrera egingo dugu, pixkanaka altuera irabaziz. Bi errebuelta nabarmen eta gero, Artabiako bidegurutzera helduko gara. Hirurehun bat metro aurrerago (733 metro), Galdioko mendaterantz diagonalean zuzentzen den goranzko bideari eutsi, Muneta mendatera zuzentzen den bidea ezkerrera utzi eta, Las Caleras izenez ezagutzen diren monolito erraldoien erreferentzia hartuta, eskuineko bidea aukeratuko dugu.

Ibarluingo parajeetan zutitzen diren monolito erraldoien ondora iristean, aldapa gogortu egiten da. Monolitoen artean, Illusiakoa nabarmentzen da, baina, zoritxarrez, ez du aukerarik eskaintzen eskaladarako, kalitate txarrekoa baita. Hartxintxarrezko bidexka haitza inguratu, pagadian barrena sartu-irten bat egin, eta Galdioko mendatera igoko gara.

Muneta mendatea[aldatu]

Ikuspegi zabalaz gozatu eta gero, bide seinaleek erakusten diguten norabidea jarraitu, eta Muneta mendaterantz abiatuko gara. Pagoz jantzitako konoa inguratuz, erraz iritsiko gara lepora, eta, bertan, ermitara igotzeko egurrezko hesolak erakutsiko digu hartu beharreko bidea. Pagadian murgildu eta bizpahiru minuturen buruan, ermitaren ondoan izango gara. Egoera kaskarrean dagoen ermitatik gertu, metro batzuk igo, eta panoramikarik ez duen tontorra aurkituko dugu. Lokiz idatzita duten bi gutunontzi aurkituko ditugu; hala ere, gailur hau San Kosme izenez da ezagunagoa, egokiagoa baita Lokiz toponimoa mendilerroa izendatzeko. Altuerari dagokionez, berriz, ez dirudi inguru horretako garaiera handiena denik: hego-mendebalderantz jarraituz gero, bada kota altuagorik, Lisa toponimoz ezagututakoa (1.116 metro) hain zuzen ere. Gertu ere, Ibirin (1.082 metro) eta Sartzaletako (1.110 metro) gailurrak ditugu.

Muneta mendatera itzuli, eta bueltako bidea hartuko dugu. Lepoan, ekarri dugun bideari bizkarra eman, eta hegoalderantz hasiko gara jaisten. Maldan behera, pagadia desagertu, eta baso mediterraneoa agertzen da. Betiko bide zabaletik mendiaren magala diagonalean zeharkatu, 180 graduko errebuelta batera jaitsi, eta, segidan, El Chaparral izenez ezagutzen den ingurua zeharkatuko dugu, beste diagonal luze batean. Azkar galduko dugu altuera, eta goranzkoan erabili dugun bidearekin egingo dugu bat. PRaren seinaleak jarraituz, Artabia herrira jaitsiko gara. Urederra ibaiaren paraleloan herrian sartu, kale Nagusia zeharkatu, eta eliza aldera zuzenduko ditugu gure urratsak. Galdiora iristeko kilometro pare bat geratuko zaizkigu, baina, abiapuntura heldu aurretik, harizti trinko batean murgildu, eta bidea gogortu egiten da. Norabide aldaketa batzuk egin eta gero, bidea leundu egiten da Galdiora iritsi aurretik. El Ginebral-eko zelaiak atzean utzi, eta herrian sartuko gara.

Erreferentziak[aldatu]

  1. Berriatik hartua