Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/San Leon, Errioxako talaia
San Leon, Errioxako talaia | |
---|---|
Herrialdea | ArabaErrioxa |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Samaniego, Kristo baseliza, Herrera mendatea, San Leon, Peña del Medio, Larrosa ermita, San Felices |
Distantzia | 14 km. 3 ordu eta 40 mn. |
Ingurunea | San Leon tontorretik egundoko ikuspegia ageri da Errioxa eta mendi aldera. Xarma darion ibilbidea da. |
Abiapuntua | Samaniego |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
San Leon tontorretik egundoko ikuspegia ageri da Errioxa eta mendi aldera. Xarma darion ibilbidea da. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Errioxa aldeko paisaia berezia nabarmentzearen kariaz, xarma berezia darien hainbat ibilbide paratu berri dituzte Samaniego herrian (Araba). Zailtasun mailaren arabera antolaturik daude, eta oinez edota bizikletaz gozatzeko aukera eskaintzen dute. Ibiltzeko gogoa pizten zaionarentzat, beraz, opari galanta. Zer gozatua bada-eta Toloño mendilerroko zokoetan!
Toloño mendilerrora eramango gaituen xarma bide egokituari jarraituko diogu Samaniegon bertan. Hasierako zatiari baino ez diogu men egingo, halere. Izan ere, nahiko gora igo ondoren, Pipaon herrixkaraino lagunduko ligukeen bidea bazter egingo dugu. Haren ordez, baina, San Leon tontorra, Larrosako ermita ikusgarria eta San Felicesko multzoa bisitatzeko gonbita egiten digun bidea hautatu dugu. Ez gara-eta damutuko!
Samaniegoko jauregiaren aurrean hasiko gara ibilian. Mendebaldera eginda han, errepide nagusira irten eta eskuinetik jarraituko diogu pitin bat, Guardiarantz. Herria abandonatu gabe, berdegunera jotzen duen asfaltozko bidea hartuko dugu. Ia ohartu gabe, Kristo baselizaren aurrean izango gara. Tenpluaren osteko jolas eremu paretik jarraituko dugu; tipi-tapa mendebalderantz. Ermitatik aldendu eta berehala, dantzan jarriko gaitu basabideak: gorantz bideratuko gaitu pistak, atseden eman gabe.
Ondoko bidegurutzean, ezkerretik doan bideari jarraitu eta, noranzkoa aldatu gabe, goraka segiko dugu. Sosegua hartzeko, ordoki zabalean lagatako Samaniego herriari eta hango mahastiei erreparatzeko parada aprobetxatuko dugu. Itsaso berde zabala bista aurrean dugu, hilaren 14an Bastidan ospatzekoa den mahats bilketaren eginkizunaren atariko ikuskizun ezin hobea dela. Mañuetako Naiara de Miguel artistak diseinaturiko afixaren inguruan zion legez, «Toloño gainetik hegan eginez» gozamenerako eta festarako aukera dago.
Lehen malda pikoa amaituta, Herrera mendatea apaintzen duen antena sarea aurrez aurre izango dugu. Baita San Leon tontor gainekoa ere. Goraxeago eskuinetik pista bat batzen zaigun arren, iparraldera jotzeari eutsiko diogu, eskuin-ezker egin gabe. Herrera mendatera iristeko gutxi falta delarik, bidea belarrez janzten da, eta pagadian barrena segitzen du. Su-ebaki zabal horretatik irtendakoan, errepidetik datorren bidea topatuko dugu. Asfaltoa saihestearren, ezkerreko bidea hartuko dugu. Laster batean iritsiko gara Herrera mendatera. Han, ezkerrera egitea baino ez da San Leonera igotzeko. Han goian, antena handiak eklipsaturik, harrian landutako plaka esanguratsua ikusiko dugu. Manuel Iradier Txangolari elkartekide Jose Luis Vitoriak inauguratu zuen 1999an, Gasteizko elkarte historikoaren 50. urteurrenaren kariaz.
San Felicesko ondarea
[aldatu]Gailurretik mendatera jaitsiko gara berriz ere. Errepidea ukitu gabe, ezkerrera jo eta pagadiaren fereka nabarmentzen hasiko gara berehala. PR A-78 bidezidorrean jarritako geziak eta zutoinak bidelagun, osteratxo lasaia egingo dugu. Astiro-astiro, goxo-goxo. Basoa atzean utzi bezain laster, Toloñoko ipar-magala alderik alde korritzen duen basabidea utzi eta, ezkerrera harturik, hegoaldera joko dugu, hots, Errioxa aldera. Bidea estua da hasieran, xenda hurritz jostalariek estaliko dute eta. Behera egin ahala, ordea, bidea zabaldu eta Larrosako elurzuloraino lagunduko digu. Ermita ikusgarriraino, segidan. Elizaren fabrika bera erabat eroria den arren, XVIII. mendeko fatxada interesgarria ageri du oraindik ere Abalosko tenplu zaharrak.
Bidexka nagusiari men eginez, basotik irten eta nekazariek erabiltzen duten bidea topatuko dugu. Puelles upategia igaro eta metro gutxira, El Molino etxe ondoan, ezkerrera joko dugu San Felices magalera zuzentzeko. Gertuko bidebanatzean eskuineko bideari men eginda eta Hundidos dolarea bide bazterrean lagata, San Felicesko tontorrera igoko gara. Talaia horretan, ermita erromanikoa ez ezik, hainbat hilobi ere topatuko ditugu. Ermitaren ertzetik igaro eta lepoan eskuinera hartuta, Samaniegora bideari ekingo diogu.