Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Sarako otoiztegiak

Wikibookstik
Sarako otoiztegiak
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Lapurdi
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Sara
Distantzia 4,3 km. Ordubete eta 30 mn.
Ingurunea Monumentu erlijioso txiki bat da otoiztegia, eta santu bat gurtzeko eraikita dago. Halako hamalau daude Saran, eta erdiak ikus daitezke ibilbide honetan.
Abiapuntua Sara
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Monumentu erlijioso txiki bat da otoiztegia, eta santu bat gurtzeko eraikita dago. Halako hamalau daude Saran, eta erdiak ikus daitezke ibilbide honetan. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Sara herriak auzo zenbait ditu haran eta muinoetan banaturik, eta guztietan tokiko arkitektura tradizionalaren adibide ugari aurkitu ahal izango ditugu. Horiek deskubritzeko modu asko daude, eta horietako bat da herrian dauden hamalau otoiztegietatik zazpi lotzen dituen zirkuitua. Sarak dituen bazter ederrak ezagutzeko ibilaldi erraza, euskaldunen ispiritu erlijiosoaren lekuko.

Aurrez esan bezala, herrian hamalau otoiztegi daude, eta guk, ibilaldi honetan horietako zazpi bisitatuko ditugu ibilbide zirkular eta erraz bat eginez. Zazpi horietatik Erdi Aroko galtzada zaharrean aurkituko ditugu herrigunetik oso gertu. Tradizioaren arabera, otoiztegi horiek XVII. mendean altxatu ziren Sarako itsasgizon eta arrantzaleen eskariei men eginez. Monumentu erlijioso txiki bat da otoiztegia, eta santu bat gurtzeko eraikita dago. Sara, eraikin erlijioso gehien duen euskal herria da.

Sarako herriko plazatik abiatu eta berehala, galtzada zaharrera helduko gara. Herria zeharkatzen duen Erdi Aroko galtzadan zehar —bidea marra laranjaz seinalatuta dago—, hainbat etxe ederren ondotik pasatu eta berehala, San Isidroren omenez altxatutako lehen otoiztegiaren ondora iritsiko gara. Xarbo erreka gainditu eta Lehenbizkaiko etxeen ondora iritsiko gara. Aurrean dugun galtzadaren azken zatia igo aurretik, Jondoni Petriren otoiztegia bisitatuko dugu.

Galtzadaren azken zatiak errepidera eramango gaitu, eta hortik segituko dugu hirugarren otoiztegiaren ondora heltzeko, Jondoni Joan Batistaren izenean altxatukoa, hain zuzen ere. Pikassaria hotel ederra atzean utzi, eta Berarantz doan errepidera heltzean, eskuinerantz joko dugu, eta Frantzisko Xabierkoaren otoiztegiaren ondora ailegatuko gara. Errepidean zehar jaisten hasi eta berehala, Antonio Paduakoaren omenez altxatutako bosgarren otoiztegia ikusiko dugu.

Bidegurutze nabarmen batera iristean, ezkerraldera joko dugu erreka zubitik gainditzeko, baina lehenago, dozena bat metro aurrerago, Fatima Ama Birjinaren otoiztegi polita eta zaindua ikustera joango gara. Berriro bidegurutzera itzuli, eta baserri batera iritsiko gara, eta, horren atzeko aldean, artaburuz betetako biltegia ikusiko dugu. Lehenago, errepidearen ondoan, abandonatuta eta egoera txarrean dagoen karobia ikusi ahal izango dugu.

Bide asfaltatutik jarraitu eta berehala igoko gara hurrengo baserriaren ondora, eta handik gertu, metro batzuk gorago, otoiztegirik zaharrena ikusiko dugu basoan txertatuta, San Antonena. Berriro baserrira jaitsiko gara, eta horren ondotik ateratzen den lurrezko pistatik (GR-10aren bide seinale zurigorriak) San Antonen iturrira jaitsiko gara. Hangoek diotenez, ur horrek begietako gaitzak eta ekzemak sendatzeko balio omen du. Lurrezko pista amaitu, eta berriro etxe ederren artean zabaltzen den errepidera aterako gara. Gertu ikusiko dugu Sara herria, eta hango elizako dorrea. Errepide nagusia zeharkatu, eta azken maldari ekingo diogu abiapuntura itzultzeko. Ibilaldiari amaiera gozoa emateko, tokiko gozo dendetako euskal pastela dastatzeko aukera profitatuko dugu.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua