Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Sardekagaina Lojibarretik

Wikibookstik
Sardekagaina Lojibarretik
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Zuberoa
Zailtasuna Zaila
Lekuak Lojibar, Holtzarteko zubia, Olhadubiko zubia, Pic de Pista, Pistako ur-jauzia, Sardekagaña, Belai
Distantzia 23 km. 7 ordu eta 30 mn.
Ingurunea Igoera bizi eta luzea da Sardekagaina edo Barazea gailurrerainokoa. Pare bat aldiz zeharkatuko dugu Holtzarteko igarobidea, eta erpinez erpin jauzika ibiliko gara Sardekagaina, Pic de Pista eta Belai artean.
Abiapuntua Lojibarreko aterpetxea (Larraine)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Igoera bizi eta luzea da Sardekagaina edo Barazea gailurrerainokoa. Pare bat aldiz zeharkatuko dugu Holtzarteko igarobidea, eta erpinez erpin jauzika ibiliko gara Sardekagaina, Pic de Pista eta Belai artean. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Lojibarreko aterpetxeko aparkalekutik abiatuko gara, eta Holtzarteko pasabideraino doan bidexkatik joko dugu. Lats baten paraleloan goazelarik, baso batean barrena egingo dugu, gorantz; hurrengo, basotik irten, eta goraka segituko dugu Holtzarteko basoetatik, Olhadoko mendi zintzurra aurrez aurre dugula. Bidexkak goraka egiteari utzitakoan, Olhadubiko arroilan barrenduko gara, eta handixe zintzilik ikusiko dugu Holtzarteko igarobidea. Hortik igaro, eta bidexka oihantsuan gora egingo dugu, harik eta bide zabalago bat aurkitu arte; hainbat idazkun ikusiko ditugu, eta ezkerralderantz seinalatzen duenetik joko dugu, Olhadubiko zubirantz.

Basarte horretatik ibili ostean, zubia aurkituko dugu aurrez aurre, baina ez dugu gurutzatuko; aitzitik, pagadian barrena doan bidexkari segituko diogu. Eremu nahasgarri batean sartuko gara, nora jo adierazten duen seinalerik gabeko batean; beraz, aurrera egingo dugu, zuzen-zuzen, berrehun bat metroan. Hurrengo, eskuinerantz biratuko dugu, eta mendi magalean gora egingo, bizkar oihantsuaren gainalderaino. Hara iritsitakoan, bidexka lokaztu batekin bat egingo dugu, eta handik joko dugu, ezkerrerantz; halaxe, basotik irtengo gara, eta belardi batetik igoko, bide ertzeko cairn edo harrizko piramideei segika.

Goraxeago, beste bidexka batekin bat egingo dugu, ezkerretara, eta handik joko dugu, belardi eta basogune bateraino; lats bat ere aurkituko dugu, eta haren eskuineko aldetik ikusiko ditugu nabarmen Borotxu Beltzaren paretatzar harkaiztsuak; erdi-erdian, Pic de Pista, eta, buruenik, hegoaldeko gailurra, Sardekagaina. Hurrengo, bada pagadia kanpoaldetik inguratzen duen bidexka bat, eta handik joko dugu eskuinaldeko belardian barrena, harik eta borda batekin topo egin arte, Gaineko Olhan.

Iturri baten parera iritsitakoan, eskuinera egingo dugu, belardiaren gain-gainera iristearren, eta gero ezkerrerantz; hortik zehar, zuzenean igoko gara Burutxietako kortaraino. Han, bada pista bat ere, eta hura gurutzatuko dugu jarraian; gero, bidexka batetik segituko dugu, Pic de Pistaren oinarri harkaiztsuraino, Burutxieta gainean ageri baita.

Behin muinoaren gailurrean, oinarri harkaiztsu hori inguratuko dugu, mendi mazelan barrena; ezkerraldean utziko dugu hegal harkaiztsua. Horma horren azpitik egingo dugu gorantz, gibelean uzteraino; Pic de Pistaren gailurrean amaituko da igoera.

Borotxu Beltza izeneko mendi lepora jaitsiko gara, eta mazela etzanean aurrera egingo dugu; ezkerraldeko pendizari pega-pega eginda ibiliko gara, harik eta Sardekagainaren gailurrera iritsi arte; airetiko zubi estu bat dago han, harkaitz eta belar arteko nahas-mahasean; handik joko dugu azkeneko gailurrerantz. Behin erpina gainditu dugularik, belarretan gora egingo dugu apur batean, eta Sardekagainako tontorreraino iritsiko gara.

Belai leporaino

[aldatu]

Txotako mendi lepora jaitsi, eta Belai tontorra aurkituko dugu aurrez aurre; Kartxela gailurreranzko mutur bat baino ez da. Tontorreraino igo, gailurrean barrena segituko dugu, Belai leporaino. Hango bidexkan, eskuinetik joko dugu, GR 12ko balizei segika, Sardekagainako mazelaz mazela, Utururdinetako mendi leporaino.

Mendi lepoa utzi, GR 12ko balizak ere baztertu, eta eskuinaldeko bidezidorretik jaitsiko gara, Behilogiako belardietaraino; hango pistan, eskuinerantz egingo dugu, Pista Gainekoan dagoen bordaraino. Handik gertu, aire zabaleko aterpetxe bat dago, eta beherantz doan bidexkatik joko dugu, baso alderantz; GRT 11ko baliza gorri eta zuriak izango ditugu bide seinale.

Ibili beharreko tartea laburtuko dugu pista batetik, eta bidexka batetik jaitsiko gara behe-behean dagoen bide zabal bateraino; han, eskuinetik joko dugu, basoan barrena, bidegurutze batera iritsi arte; Holtzarteko igarobidea baino lehen dago, eta hainbat idazkun aurkituko ditugu, nondik jo erabakitzeko. Igarobidea gurutzatuko dugu berriro, eta Lojibarrerako bideari ekingo diogu atzera.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua