Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Serantes itxuraldatua

Wikibookstik
Serantes itxuraldatua
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Bizkaia
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Mamariga, Serantes, Santurtzi
Distantzia 7 km. Ordu 1 eta 45 mn.
Ingurunea Itsas mailatik 446 metrora zutitzen da Serantes handioski, isil eta otzan. Iragana gure artera ekarri dute Serantes mendian, ibiltariok naturaz eta historiaz goza ahal izan dezagun.
Abiapuntua Mamariga (Santurtzi)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Itsas mailatik 446 metrora zutitzen da Serantes handioski, isil eta otzan. Iragana gure artera ekarri dute Serantes mendian, ibiltariok naturaz eta historiaz goza ahal izan dezagun. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Serantes mendia Euskal Herriko kostaldeko mendebaldean altxatzen da, Abrako badiaren gainean, Santurtzitik (Bizkaia) gertu. Talaia horrek aurkezpen luzearen beharrik ez badu ere, aski ezaguna da miresmena eragin duela betidanik. Itsas mailatik 446 metrora zutitzen da handioski, isil eta otzan. Arima higitzeko joera erakutsi ohi du denboralearen aurka, batik bat iparraldetik datozen haize zirimolei aurre egiteko. Izan ere, ezin gaindituzko harresi baten moldean gailentzen da, aho biko nortasuna erakutsi nahiko balu bezala. Horren haritik, Serantesek ez omen die meatzariei aukera handirik laga barrualdeko altxorrak azaleratzeko, inguruko tontorretan gertatu denaz bestera. Bistan da Serantes kareharrizko mendigune trinkoa dela, sumendi gartsuaren tankera dakarrelarik ere.

Duen kokapen estrategikoarengatik, hortaz, eraikin ugari hartu izan ditu isurialde bietan. Horietako batzuk —bateriak eta babeslekuak, esaterako— mendi magalean eta tontor txikietan eraiki zituzten. Lehen-lehenak harrizko babeslekuak izan ziren. Abrako badia eta Bilboko porturako mugimenduak kontrolatzeko asmoz, XVIII. mende hasieran eraiki zituzten. Baina ezer sonatua bada Serantes mendian, gandorra koroatzen dion dorre handia da. Historian murgildu diren adituek diotenez, dorretzar horrek, Torreon izenekoak, garrantzi handia hartu zuen 1868an, zaintzarako eta defentsarako eraikin sendoa zelako. Bi solairu eta terraza bat izan zituen. Hedagailu modernoaren ondoan dago, gaur egun erortzeko arriskuan.

Atentzioa ekartzen duen bigarren elementua El Fuerte izenekoa da. Bi urtez zaharberritzeko lanak ezagutu dituen gotorleku pentagonala da. Dakigunez, XIX. mende bukaeran goititu zuten 800 metro koadroko eremu zabalean. Gaur egun, gotorleku ospetsua poliki-poliki itxuraz aldatzen ari da, Santurtziko Udalak ingurumen zentro bat egokitu nahi duelako han. Lehen fasea berriki amaitu dute, eta agerian da eremu militarraren hezurdura sendoa. Proiektuak aurrera egiteko desira erakusten baitu, bisitarientzako harrera gela izango dena txukundu eta sendotzeko gertu azaldu dira arduradunak. Krisi ekonomikoak egitasmoa ez badu zapuzten, hemendik bizpahiru urtera eskualdeko erreferentzia izan nahi duen ingurumen zentroa jendearentzat irekita ikusiko dugu.

Santurtziko Mamariga auzoan emango diogu hasiera ibilbideari. Eliza eta Itsaso Ama eskola publikoak dauden plazatxoan, Mamariga kalea hartuko dugu, hots, botika eta aurrezki kutxa daudeneko kalea. Aldats gora hasiko gara Serantes mendiaren inguruko argibide taula ikusi arte. Adreilu gorriz jantzitako kalean gora jarraituko dugu. Eskailera batzuek lagunduta, ur-biltegiaren ondotik igaro, eta, porlanezko bidexkari men eginez, gailurreraino doan porlan bide zabalera iritsiko gara. Eskuinetik jarraituko dugu, atze-atzean Getxo eta Galeako lurmuturra Abrako badiaz bestaldean ditugula. Deigarriena, akaso, magalaren oinaldean ikusten dugun portuaren industrializazio itzela. Bizkaiko tontor nagusiak ere bistan izango ditugu, gora egin ahala: Ganekogorta, Pagasarri, Argalario, Iluntzar, Oiz, Artxanda, Udala eta Urkiola inguruko hortz zorrotzak, besteak beste.

Behiala El Mazo gailur biribilak munizioa eta armak biltzeko bolborategi bat hartu zuen. Tontorrera igo gabe, muinoa inguratuko dugu, Los Llanos iturriko lepora iristeko asmoz. Atsedena hartzeko leku aproposa dago han, baita urmaelen garrantzi ekologikoaz eta anfibioez xehetasunak irakurri eta ikastekoa ere. Lepotik irten gabe, mariorratzak eta txitxi burruntziak hizpide izango ditu beste argibide taula batek. Sosegua hartu ondoren, maldan gora egingo dugu, bidexkari men eginez eta porlanezko bideari bazter eginez. El Llano inguruan hegaztiak eta txoriak behatzeko toki bat ikusiko dugu. Urmael txiki bat egokitu dute, uretara fauna erakartzeko asmoz. Largabistek lagunduta, txori eta hegazti mota ugari ikusteko aukera emango digu bazter horrek, betiere pazientzia pixka bat edukiz gero. Etxolaren ezkerraldetik jarraituko dugu, eta Nueve Cruces izeneko lepora iritsiko gara. Abanto eta Santurtzi udalerrietako mugan gaude. Bidexkari oratuta, sona handiko gotorlekura iritsiko gara. Tontorrera bidea erraza da jadanik, igarobide aldapatsuak bideratuko baikaitu dorrea eta hedagailuak altxatzen direneko talaiara.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua