Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Toberiako ur-jauziak

Wikibookstik
Toberiako ur-jauziak
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Erraza
Lekuak Andoin, Toberiako iturburua
Distantzia 3,5 km. Ordu 1 eta 30 mn.
Ingurunea Andoingo mendatera bidean, Toberiako ur biziak amiltzen dira. Ikuskizun aparta gertatzen da euri jasen ostean. Uraren harrabotsak gidatuko gaitu helmugara.
Abiapuntua Andoin
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Andoingo mendatera bidean, Toberiako ur biziak amiltzen dira. Ikuskizun aparta gertatzen da euri jasen ostean. Uraren harrabotsak gidatuko gaitu helmugara. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Ur-jauziak ikusteko urtaro egokiak negua eta udaberria izan ohi dira. Arabako Lautadako ekialdeko muturrean, esaterako, Nafarroako muga-mugan, bi salto eder suertatzen dira. Horietako bat, aski ezaguna da: Lezeko haitzulo galantaren sarreran dago, Ilarduiako barrutian. Bestea, Toberia da. Askoz basatiagoa da, eta Entziako mendilerroko ipar magalean ikusiko dugu, Andoindik (Araba) gertu. Ibilbide horri jarraituz, bigarrenaz gozatzeko aukera dugu; izan ere, azkenaldiko euri jasek ikuskizun aparta laga digute Andoingo mendate zaharraren inguruan.

Leku izenari dagokionez, ohikoa izan da Toberia hitza gaztelaniazko tubería izenarekin lotzea. Egia da, bestalde, Andoingo ur jarioak herriko kontsumoa bermatzeko hartu izan direla. Hori dela eta, ur-jauzi handira iritsi aurretik, hoditeria baten arrastoa ikusiko dugu. Eta, iturburutik hurbil, aspaldiko aprobetxamendu bateko arrasto susmagarria. Gerardo Lopez de Gereñu etnologoaren ikerlana ezinbestekoa da, beraz, misterioa argitzeko. Toberia (eta ez tuberia) jasoa du (Toberiako ur-jauziak, hain justu), Entziako mendigunean. Agian toponimo horrek tobarriarekin du zerikusia, ur-jauzien ondoko substratuan tobarria azaleratzen baita.

Andoingo herriko plazako errotondan, eskuinera bost bat metro egin, eta ezkerretik doan kaleari ekingo diogu. Toberia errekaren gainean igaroko gara. Baso aldera joko dugu, zuzen-zuzen. Hariztian, laga bat gurutzatu, eta ezkerrera hartuko dugu. Hesiaren ondoko bidea utzita, eskuinetik irteten den bideari men egingo diogu berehala. Gora egiten hasiko gara, poliki-poliki, bidea erraz lokazten baita euria goian behean egiten duenean. Hamar bat minutu emango ditugu gora egiten. Une batez, bi pago sendo ikusiko ditugu basabidearen ondoan. Eta, aurrerago, malda samurtzean, bidebanatze bat. Ezkerrera joko dugu han goian, bidarriak eta pintura seinaleak alde batera utzirik.

Jaitsiera xume batek lagunduko digu Akarteko sakana korritzen duen errekastoaren ondoraino. Erreka horrek eskuarki ur kopuru txikia baitarama, bi salto egin, eta beste ertzera aldatuko gara. Langa bat zeharkatu, eta gora egingo dugu, Toberia errekaren ibilbidearekin bat egiteko xedez. Toberia ez da patxadaz jaisten diren horietako bat, jauzika eta boteka doan emari zukutsua baizik. Azaleko urak biltzen diren tokira iritsiko gara laster. Errekaren erdian, urak erregulatzeko den burdinazko uhate txiki bat dago. Huraxe baliatuko dugu erreka igarotzeko. Gero, aldats pikoa igota, Andoindik datorren bide batera irtengo gara (bide hori hartuko dugu herrira bueltatzeko). Bidegurutzean, beraz, eskuinera egin, eta hegoaldera egiteari eutsiko diogu. Ur biltegi zahar batera iristeko ehunen bat metro falta direla, lehen ur-jauziaz gozatzeko aukera izango dugu. Uraren harrabotsari jarraituz, lehen ikuskizuna begien aurrean izango dugu.

Bide zabalera irtenda, ur biltegira bidea hartuko dugu. Eraikin xumearen atzealdetik jarraituko dugu gero, goma beltzari begia kendu gabe. Fraide iturri zaharrera iritsiko gara, gehiegi nekatu gabe. Harritzan gora egingo dugu orduan, hormatzarraren oinaldeari segika. Metro batzuk baino ez, eskuinera egin behar baitugu lehenago ikusitako ur-jauziaren gaineko terrazara iristeko. Panoramika ezin da lerrootan deskribatu, ikaragarria baita euri jasek Entziako barrunbeak asaldatzen dituztenean. Errekan gora eginez gero, gainera, iturburu nagusia ikusteko aukera paregabea dugu.

Iturburutik, lehen aipatutako bidegurutzera jaitsiko gara. Uhate txikira doan basabidea baztertu, eta iparraldera joko dugu, erreka gurutzatu gabe. Bide zabala itxitakoan, zidorrari jarraitu, eta bidea berriz zabaltzean behera egin, eta herrira iritsiko gara.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua