Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Toloñoko ondasun hotza

Wikibookstik
Jump to navigation Jump to search
Toloñoko ondasun hotza
Ibilbide honen argazkiak igo
Tolonoko ondasun hotza.jpg
Herrialdea ArabaErrioxa
Zailtasuna Star icon containing star icon.svgStar icon containing star icon.svg Erraza
Lekuak Ribas de Tereso, Toloñoko santutxoa, Toloñoko santutegia, Toloño,
Distantzia 12,5 km.
Ingurunea Itzuli ederra prestatu dugu, Toloñoko santutegia —behiala eragin handia izan zuena— eta haren ondoko elur zulo biak ezagutzeko.
Abiapuntua Ribas de Tereso
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

'[1]

Ibilbidea[aldatu]

Toloñoko murrutzarra Bastida, Buradon Gatzaga eta Urizaharra (Araba) hiribilduen artean goititzen da. Egun, mendizaleek aski ezaguna eta maitatua den moduan, interes askoren bilgunea izan zen behiala. Mendigunearen kokapen estrategikoak ez ezik, parajearen oparotasunak ere begirada ugari erakarri zituen aspaldi. Esaterako, gaztelu sonatu bat izan zen Errioxa gaineko talaia horretan; baita kilometro askoko ingurumarian eragin handia izan zuen monasterioa ere. Han goian, mila metrotik gora, fraide jeronimotarrak ibili ziren XIV. mendean. Gero, Estrellako Andre Mariaren santutegiak bere gain hartu zuen gune erlijiosoa. Azkenik, Calahorrako (Errioxa, Espainia) apezpikuak utzi zuen Toloñoko kudeaketa osoa Dibisako Ermandadearen esku, eta erromeriak eta hamaika ospakizun gertatu ziren orduan. Baina tenpluari azken ordua iritsi zitzaion behin mendiko parajeok abandonatu zituztenean. Hala ere, santutegiko arrastoek gainaldean diraute, arrosa koloreko kareharrian ederki eginak.

Bitxia bada ere, bi elur zulo emankor egin zituzten santutegitik hurbil. Egin zituzten, hotzaren merkataritzak behar ekonomikoak asetzeko. Gerardo Lopez de Gereñu ikerlariak jasota duenez, elur erauntsi ederrak izan ziren XVII. mendean. Horrek, seguru asko, zer pentsatua emango zien Toloñora bildutakoei. Hori zela eta, bi elur zulo egin zituzten ostatuaren eta elizaren ondoan. Toki askotara eraman zuten lehen elur zuloan metaturiko elur zapaldua. Honako hiribildu hauetara, bestak beste: San Vicente, Briñas, Haro, Nafarruri, Gesaltza, Miranda de Ebro eta Guardia. Baita Herrera, San Miguel del Monte eta Estrellako komentuetara ere.

Ardoaren Bidea lagun[aldatu]

Toloñoko bazterrok ezagutzen lagunduko digun ibilbideak Ribas de Tereso (Errioxa) herrian izango du abiapuntua. Oskiak oraindik jantzi gabe, Urizaharra (Araba) aldera segituko dugu pitin bat, eta, bi kilometro pasatxo egin ostean, asfaltoaren ondoko zabalgune xumean utziko dugu autoa. Erreferentzia gisa, akaso, basabideko seinaleak. Ibilbidea zidorrei dagozkien tinta horiko markez hornituta dagoenez gero, erraz egingo zaigu Toloñoko magaletan murgiltzea. Hori gutxi izango balitz bezala, zidorraren beraren gainetik Ardoaren Bidea egokitu baitzuten orain urte batzuk, hainbat gezi eta argibide ikusiko ditugu basoan; den-denak lagungarri, Toloñoko santutegi zaharrera iristeko.

Aparkalekutik metro gutxira, ezkerrera hartuko dugu. Pagoetako mendatera (Urizaharra dio seinaleak) doan bidea bazterrean utzi, eta artadian murgilduko gara bat-batean. Goxo-goxo ibilita, bigarren bidegurutzera helduko gara. Ezkerretik abiarazten den basabide behinenari ekingo diogu orduan, eta Ardoa Bideari eutsiko diogu. Ardogintzara makurrarazitako ordoki zabala begien aurrean izango dugu une batez, baita hegoaldeko muga airoski ixten duen Demanda mendilerro zuria ere. Harbide baten moldean, goraka segituko dugu. Merezitako saria berehala etorriko zaigu: Arabako herrialdea seinalatzen duen ordoki zabalera iritsitakoan.

Bastidatik datorren xendarekin bat egingo dugu Toloñoko santutxoan. Hondakinen atzetik segitzen baitu bideak, gora eta gora egingo dugu guk ere. Minutu batzuen buruan, Toloñoko santutegi handiaren aurrean izango gara. Haren hondakinetara iritsi aurretik, lehen elur zuloa ikusiko dugu ezkerraldean, xendatik hurbil-hurbil. Ikaragarria!

Pagoetako mendatea[aldatu]

Santutegitik erraza da Toloñoko gailurrera igotzea. Horretarako, bigarren elur zuloa inguratu, eta, larrea burutik buru zeharkatuta, aurrez aurre dagoen harresi handirantz bideratuko ditugu gure pausoak. Mendilerroan erpin geodesikoa deigarria izanagatik ere, tontor nagusia hurbilago dago. Bisita amaitu ostean, bigarren elur zuloa inguratu, eta ondoko larrera jaitsiko gara, eta eskumara egingo dugu. Belar leuna zapaltzen hamar minutu eman ondoren, bideak eskuinera joko du, eta pagadia zeharkatzeko gonbita egingo digu. Ortadako larrera iritsiko gara basotik irtendakoan. Eskuinera egingo dugu belardian, eta ekialdera joko. Bonbalatxi mendia inguratzen ari garela, PR-A 79 zidorreko seinaleak ikusiko ditugu. Urizaharrara bideari muzin eginda, basabide nagusitik segitu, eta Pagoetako mendatera iritsiko gara. Burdinazko ate bat ikusiko dugu han, baita seinale batzuk ere. Ribas de Teresora joko dugu eskuinetik hegoaldera egiten duen zidor bati jaramon eginez. Lehen urratsak pinudiaren babesean egingo ditugu. Ibarrean behera eginda, aparkalekuan itxiko dugu Toloño inguruko zirkuitua.

Erreferentziak[aldatu]

  1. Berriatik hartua